ON.eus, webguneak euskararekin harreman zuzena duten pertsonei laguntza eta baliabideak eskaintzea du xede.
Horretarako, eduki praktikoak sortu, bildu eta publiko zabalaren esku ematen ditu.Irailaren 16an Baionan aurkeztu da, eta euskararekin zerikusia duten publikoari zuzentzen zaio.
www.on.eus helbideak, 2025eko irailaren 16 honetan Baionan ofizialki aurkeztua izan denak, euskaraz atxeman daitezkeen baliabide guziak zentralizatzen eta antolatzen ditu. Ekimen honek elkarte-eragileak eta instituzio publikoak bildu ditu helburu komun baten inguruan: euskarari lotuak diren eduki guziak atzematea errextu, sarrera bakar baten bidez.
Elkarlanaren fruitua
«ON! Piztu» elkarteak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eramaten dute aitzina proiektua, eta EEPk berak eta Europako FEDER funts lurraldek kofinantzatzen dute. Parte-hartzaile guziek partekatzen duten behaketa bati erantzuten dio: 70 urte baino gehiagoz, elkarteek, instituzioek eta sortzaile partikularrek ekoizpen aberats eta anitza landu dute euskararen inguruan. Lineako ikastaldiak, telefono-aplikazioak, ikus-entzunezko edukiak, podcastak, joko hezitzaileak, ikasgai-materialak, sorkuntza artistikoak… Ekoizpen aberats hori, haatik, zaila da eskuratzea, plataforma eta hedapen-bide frangotan barreiatua baita. ON.eus plataformak baliabide horiek guziak biltzen ditu, irizpide desberdinen arabera sailkatzen ditu, eta publiko zabalari molde antolatuan eta errex kausitzeko gisan zabaltzen ditu.
Publiko ezberdinei egokituriko ikusmoldea
Webgunea, aldi berean zuzentzen zaie haur elebidunen gurasoei, euskara ikasten ari diren helduei, euskaraz bizi nahi duten euskaldunei eta kuriositatez hurbiltzen diren hasiberriei. Edukiak sailkatzeko sistema fin bati esker, publiko bakoitzak bere beharrei egokitzen diren artikuluak, aholkuak, bideoak edo tresna praktikoak atzematen ahal ditu. Webguneak tonu ezberdinetako testuak proposatzen ditu, artikulu sakonetarik testu labur eta arinetara.

Desmartxa parte hartzailea
2023ko irailaz geroztik, euskararen transmisioan, praktikan eta balorizazioan engaiatuak diren elkarte eta instituzioak biltzen dira sei astetarik behin, dispositiboaren oinarriak finkatzeko.
Hemendik kurte bukaera arte, webgunea hilabetero eduki berriez aberastuko da: aurkitegi osoa, berripapera, podcastak. Azaroan, hainbat pertsonalitatek parte hartuko dute eduki editorialetan, hala nola: Kike Amonarriz, Céline Mounole, Pontx, Michel Feltin-Palas, Ainize Madariaga, Xan Aire, Maddi Kintana, Mirentxu Ibargarai, Xan Berterretxe eta Oriane Ayestaran.
Eduki bereziak ere landuko dira sare sozialentzat, euskararen inguruan dinamika interaktibo bat sortzeko.
Sustatze ekintzak
Udazken honetan, ON! presente izanen da Ipar Euskal Herriko ekitaldi herrikoietan (saloin, besta, merkatu), publiko zabalari ataria ezagutarazteko. Baionako elkarte arteko guneak ere aldizka bere ateak irekiko ditu, webgunearen eta haren edukien erakusleiho gisa.