Tresna ala jendea?

PrintFriendly and PDF

TresnaALAJendea

Beste askotan eta askok bezala nere erosketak egin ditut herriko supermerkatuan goiz huntan. Ohartua nintzan aitzineko aldietan, langileak bazirela kesen arraberritzen ari. Ez zela urguluz egin nuen nere baitan, kesazainek usu arazoak zituztelako tresna zaharkitu batzuekin eta ardura beha egoiten baiginen.

Egun, nere zakua beterik hurbildu naiz kesetara eta beha egoiteko plantatua nintzela, huna nun saltegiko langile batek erraiten didan:

«-Egun on anderea, kartarekin pagatzen duzu?
Bai, zendako?
Zato hunat, fiteago pasatuko zira…»

Eta hor ohartzen naiz, kesa arrunten erdian lerro berezi bat bazela… Kesa automatiko batzuekin!!

«-Ez, milesker, nik kesa hauek nahiago ditut!»

Langilea, segidan beste norbaiti buruz badoa… bere ogibidea kenduko dion tresnaren gomendatzerat.

Hara, gure herrian ere hortaratuak gira… Hiri haundiago batzuetan diren saltegietan jadanik sistema hori ikusia nuen eta saihestua, pentsatuz langileen baldintzak ez zirela gaitzak bainan bederen lanbide bat bazutela eta hori sustengatu nahi nuela. Bestalde, pentsatzen nuen, gutti bada gutti, jende horiekin solas egitea maite nuela edo arrengura bat ukanez gero haiekin mintzatzen ahal nintzala.

Bainan tresnatzeak ez du mugarik eta aski errepikatzen digute, geroa hortan da…

Banuen tresna horietan ziren jendeeri mintzatzeko gogoa: «Kasu! Hola ditugu lanbideak desagertarazten, hola dugu jendetasuna gure bizitik haizatzen!»

Bainan nere baitan nuen trixtezia eta kexuarekin ixilik egon naiz… Beste askotan bezala… Beste asko bezala…