Seaskaren 50 urteak: Gora etorkizuna!

PrintFriendly and PDF

GexanAlfaroGexan ALFARO, 1975etik-94 bitartean ikastolako buraso izana

Iparraldeko lehen ikastola 1969an Baionan ireki zen, sei bat haurrekin. Eta 70eko otsailean Arrangoitzen segitu zuen 12 haurrekin. Ikastola baten sortzea, berez, urrats aski errexa izan zen, guraso multxo baten nahikundeari zegokiona. Ikastolen urtez urteko garapena aldiz, aski zaila. Hasteko eta bat, Seaskak bideratu nahi zuen irakaskuntza mota, arras berria baitzen. Eta bestalde, ikastolen finantzabidea gurasoek berek behar zuten segurtatu. Beharrik Herriko Etxe laguntzaileen zerrenda urtez urte emendatuz joan zen.

Frantses administrazioa bera ere ohartu zen, lehen maila 1975ean Angelun ireki eta hirugarrena 1977an Donapaleun ireki zelarik, gauzak seriosten hasiak zirela. Eta Donapaleuko lehen maila hori debekatu zuen! Baina, 3500 ikastolazaleren manifestaldiak goraki adierazi zion: “Ikastola, herri eskola” bat zela… eta lehen maila berri hori ere, bere bidea egiten utzi zuen!

Ikastolen garapena

Ikastolen garapena, urtetik urtera gora joan zen. 1975ekoz, 300 bat haur bazebilen 16 ama ikastoletan eta 2 lehen mailetan. Lau urte geroago, orotara 574 ziren, Seaskak kudeatzen zituen 20 ama-eskola eta 5 lehen mailetan. Artetik erran dezadan, ikastolako gurasoek sortu zituztela ere “Udaleku” eta gero “Bilgune” egiturak. Eta gaur egun, 50 urteren buruan, 4000ko bat haur eta ikasle dabil 31 ikastola, 4 kolegio eta lizeo batean.

Denen engaiamendua

Ez da uste izan behar, garapen hori, zerbait kostatu gabe egin zela. Guraso, irakasle eta laguntzaile guzien aldetik, engaiamendu handia eskatzen baitzuen horrelako lan batek. Bai denbora aldetik, bai eta diru aldetik, dela oraino pedagogia lantzeko eta liburu egokiak prestatzeko… Eta nola ez, gela berriak ere eraikitzeko. Egiazko taldelan baten uzta ederra izan da hori dena. Ikastolek urtero behar zuten dirutzatik %40 segurtatzen zuten guraso, erakasle eta laguntzaileek. Gainerakoa antolatzen zituzten besta, pilota ala futbol partida, kantaldi, antzerki, jendeen emaitza, herriko etxe, departamenduko Kontseilu Orokorretik bezala, Eusko Jaurlaritzatik ere bildua zen, hala nola urtero Herri Urraskari Senperera etortzen ziren (diren) milaka euskaltzaleek emaiten zutenetik.Egun horretan ere frogatzen baita, Euskal Herriko ikastolek euskarazale guzien artean Elkargo handi bat osatzen dutela…

Kolegio eta Lizeoa

Seaskak Baionan kokatu zuen bere lehen kolegioa 1980an eta toki eskasagatik 1983an Kanbon finkatu zuen, etxe haundi batean. Urepeleko bertsolari aipatuaren omenez, “Xalbador Ikastegia” deitu zuena. Lehenik kolegioko ikasleentzat, geroago bertan ireki zen “Etxepare” lizeokoentzat gela berriak bertako pentze zabalean eraiki zituzten guraso, erakasle, ikasle eta laguntzaileen lanari esker. Ofizialeen aldetik ere dohako laguntza paregabea eskuratu genuen.
Bidenabar erraiteko, kolegio horren diru beharrak segurtatzeko, 1984an antolatu zen lehen “Herri Urrats” besta ezaguna, Senpereko lakuaren inguruan. Gaitzeko arrakasta lortu zuen. Geroztik urtero ikastola guzien artean antolatua izan da, Xalbador ikastegia egokitzeko eta haunditzeko behar zen diru parte bat hortik biltzeko. 1996az geroztik Seaskaren egoitzen behar ordu guzietarako erabilia da bertan biltzen den dirutza.
Kolegioaren ondotik berez zihoan urratsa zen lehen lizeoaren irekitzea. Kanboko Xalbador ikastegian abiatu zen eta 1996an Baionako kolegio hustu batean finkatu. 1998an Seaskaren bigarren kolegioa, Piarres Larzabal euskal apez idazle ezagunaren izena daramana, Ziburun irekia izan zen; eta hirugarrena berriz 1999an, “Manex Erdozaintzi Etxart” izenekoa Donaixtin (Nafarroa Beherean) berau ere fraile olerkari ezagun baten izenez deitua izan zena. Eta gero, 2007an, Kontseilu Orokorraren diru laguntzaz Larzabalen eraikin berri batean kokatua, ama eskola eta lehen mailarekin batera.

Seaska eta hezkuntzako ministeritzaren arteko negoziaketak

Gaur egun arterainoko garapena segurtatzeko, aldian aldiko negoziaketak eraman behar izan ditu Seaskak frantses hezkuntzako ministeritzarekin. Lehen hitzarmena, 1982ko uztailaren 1ean lortu zuen, karrika manifestaldi, bulego okupatze eta hiru lagunek hilabeteko gose grebe bat egin ondoren. Garai hartan alderdi sozialista zegoen boterean Parisen.
1983an, berriz gogor borrokatu behar izan zuen Seaskak, Urriaren 14an Hitzarmen berezi baten izenpedura lortzeko.
1985ean, Ikastolen Integrazioa proposatu zion Hezkuntza Ministeritzak Seaskari. Negoziaketak oso luzeak izan ziren. Gai horren inguruko eztabaidak aldiz, oso gogorrak Seaskako guraso eta irakasleen artean. 1985eko azaroaren 10eko Biltzar Nagusi Ezohikoan, bildu ziren guraso, irakasle ta laguntzaileen artean bozkatuz hartu zen erabakia: 232 boz integrazioaren alde eta 80 kontra. Baina, frantses konstituzio Kontseiluak, 1985eko abenduaren 21ean baliogabetu zuen, hiru egun lehenago integrazioaren alde bozkatua izan zen legea! Beraz, dena berriz haste…

Ez da uste izan behar,
garapen hori,
zerbait kostatu gabe egin zela.
Guraso, irakasle eta laguntzaile guzien aldetik,
engaiamendu handia
eskatzen baitzuen
horrelako lan batek.

1990eko urtarrilaren 6an, Seaskak Paueko ikuskaritzan Akademiarekin finkatu zuen hitzarmenaren aplikapena: irakasle kontratudun baten paga irakaslegai batena izanik, Seaskak ordainduko die diferentzia. Hezkuntza Ministeritzak eta Seaskak batzorde burubidun bat osatzen dute, hitzarmenaren modalitateak bideratzeko. Gero, Seaska saiatu zen Hitzarmena Bigarren Mailara hedatzera, eskolako garraioak barne hartuz. Ahaleginak oro, ondoriorik gabeak izan ziren. Pedagogia aldetik ere ondorio ikusgarriak lortu ziren, hiru urtero berrikusteko gisan izenpetua izan zen Hitzarmen horri esker. 1992ko uztailaren 15ean, Bordeleko Akademian luzatzen da hitzarmena beste hiru urterentzat.
1994ko uztailean: Seaskak eta Hezkunde Ministeritzak izenpetzen duten hitzarmenak elkarte kontratupeko eskola pribatuko estatua segurtatzen die ikastolei. Ikastola, bere erakaskuntza euskarazko murgiltze ereduan oinarritzen duen eskola elebiduna da.

Hezkuntza Ministerioaren, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Seaskaren artean, 2009-06-12an izenpetua izan zen kontratuan, ikastolaren murgiltze eredua ofizialki ezagutua izan zen. Eta aitzinabide garrantzitsuak lortu zituen Seaskak, hitzarmen berri horren bidez.

Irakasleak

Erakaslegaien formakuntza, bi hitzez erranen dut, nola eramaten zuen Seaskak.Pedagogia talde bat bazen, Maialen Garat Erakaslearen inguruan irakasle multxo batek osatzen zuena. Talde honen gain zen beraz erakaslegaien formakuntza,baita formakuntza jarraikia ere. Eta formakuntza hori bururatzeko hegoaldeko ikastoletan egiten zituzten beren praltikak zenbait hilabetez eta gero hasten ziren lanean iparraldeko ikastoletan.
Irakasleen lan eredugarria. Enetzat dudarik ez da, aldian aldiko borroka eta negoziaketa guziez gain, irakasleen engaiamendu eredugarria ez balu ukan Seaskak, ikastolek ez zutela iraun duten bezala iraunen. Alde batetik, negoziaketa eta borroka giroak ez zuen beraien lana errexten. Bestalde, beren formakuntza hobetu behar zuten, laneko baldintza ezinago zailak ere jasan batzuetan, hala nola 1985/86/87ko udako oporretan erakasle gehienak langabeziara igorri behar izan baitzituen Seaskak, haien hilabetesarien ordaintzeko dirurik ez zuelako! Eta irailean, berriz hartuko zituela segurtamenik eman gabe!! Eta, aldi oroz, hurrengo eskola sartzea segurtatu zuten irakasleek.
Haien lan-molde jarraikiari, elkartuari eta formakuntzaren bidez beti eguneratu dutenari esker lortu du Seaskak, gaur egun denek onartzen duten murgiltze ereduko erakaskuntza eredugarria. Gainera, azken hogei bat urte hauetan, ahalmen urriko haur eta ikasleeri irekirik dagoena, “Integrazio Batzordea” deitu elkarteari esker.

Euskara gogotsu eta itxaropentsu

Eta ahantzi gabe erran behar dut, ikasleek ere ekarri dietela beren mailako laguntza irakasleei eta Seaska osoari, beren eskola aldia ongi pasatuz, ongi ikasiz eta gehien gehienek beren etsaminak, orainokoan frantsesez inposatuak zaizkienak ederki erreusituz, dela brebeta, dela baxoa. Ikasleek, irakasleek eta gurasoek urtero aldarrikatzen dute euskaraz pasatzea… agian, sobera luzatu gabe, urrats hori ere lortuko du Seaskak!  Geroari begira, erran nezake, gogotsu eta itxaropentsu dagoela ikastola, eta beraz euskara.

One Comment

  1. Etchebarne Gabrielle
    Posted 26/02/2019 at 11:03 | Permalink

    Zer ixtorio ederra ikastolen sortzea eta heien bilaka bidea! Milesker Gexan: obra horek erraiten dauku zoin haundia den Euskal herriaren amodioa. Biba zuek. Gaby