Milaka lagun plazak betetzen, kartzelak husteko

PrintFriendly and PDF
  • Kanbo2
  • Kanbo
  • 640-Donapaleu
  • 640-Biarritze
  • 640-Baigorri
  • 640-Azkaine
  • 640- D. Lohitzune
  • 640-Urruña

(Gaineko diaporaman, Maiatzaren 18an, Azkaine-Senpere-Sara, Biarritze, Donibane Lohitzune, Kanbo, Urruña, Baigorri, Donapaleu-n egin mobilizazioak)

 

Milaka lagunek hartu dute parte #M18Plazara ekimenaren 237 mobilizazioetan.

Euriak errukirik izan ez duen arren eta horren ondorioz aurreikusiak ziren hainbat ekimen bertan behera gelditu diren arren, asko izan dira Euskal Herrian zein nazioartean egindako iniziatibak.
Elkarretaratzea, herri kirolak, mosaikoak, bazkariak, mendi irteerak, giza kateak, kantu birak, ekitaldiak…
Hainbat izan dira #M18Plazara mobilizazioen baitan herriz herri egindakoak.

Iparraldeari dagokionez, diapporaman ageri den bezala, maitzaren 18an, 550 lagun bildu dira 7 herritan:

Azkaine-Senpere-Sara 60
Biarritze 100
Donibane Lohitzune 60
Kanbo 100
Urruña 100
Baigorri 80
Donapaleu 50

Xiberoan maiatzaren 19an (igandearekin)  ‘Plazak bete’ ekimena, Musikaren Egunaren baitan antolatua izan da.

Euskal Herriko beste mobilizazioen berriak hemen aurkituko dituzue : http://herrira.org/2013/05/milaka-lagunek-hartu-dute-parte-m18plazara-ekimenaren-237-mobilizazioetan/

Azkaineko mobilizazioa

Azkaineko mobilizazioa

Etxerat-en apirileko hilbabetekaria lagun, Euskal errepresialiatuen egoeraen berri ukaiteko eta ezagutarazteko parada ukanen duzue:

Maiatzaren 18an zabaldua izan den mezua :

Egun on / arratsalde on / gabon denoi.

Gure aurreneko hitzak, une honetan, sakabanaketaren ondorioz asteburu honetan ere bizia arriskuan jarriz errepidean daudenentzat, euskal preso politikoen senitarteko eta gertuko guztientzat dira. Zuentzat, gaur Euskal Herri osoko plazetara atera garen milaka lagunen besarkada eta elkartasuna.

Hain zuzen ere, salbuespen neurriek gure gizartean sortzen duten sufrimendu izugarria gogoratzeko gaude hemen, presoen eta haien senitartekoen giza eskubideak urratzen direla salatzeko. Estatuek berariaz ezartzen dituzten neurri hauen funtsa, min egitea, konponbiderako bidea oztopatzea eta herri hau bake justu batetik urruntzea da.

Euskal Herri osoan 200 bat plazatara atera gara gaur, giza eskubideen errespetuari inork prezio politikorik jar ez diezaion eskatzeko, eta beste behin ere jendartearen gehiengoaren nahia islatzen duten aldarriak zabaltzeko: sakabanaketaren amaiera, 197/2006 doktrinaren derogazioa eta gaixotasun larriak dituzten 15 preso politikoen askatasuna.

Herri honen gehiengo sozialaren mandatua da gaurkoan berriro kalera atera duguna: giza eskubideak, konponbidea, bakea. Gero eta norbanako, alderdi, sindikatu eta eragile sozial eta instituzional gehiago biltzen ari gara eskakizun horren defentsan.

Aitzitik, Rajoyren eta Hollanderen gobernuak kontrako norabidean doazela ikusten dugu, eta kezkagarria iruditzen zaigu egiaztatzea giza eskubideak urratzearen aldeko apustuari eusten diotela. Ez dugu nahi hildako gehiagorik, Angel Figueroaren edo Xabier López Peñaren kasuak errepikatzerik, eta horretarako urgentzia osoz, nahitaezkoa da salbuespen neurriak bertan behera geratzea.

Horregatik, ideia bat nabarmendu nahi dugu gaurkoan; asko egin dugu orain arte, baina ez da aski izan gure helburuak lortzeko. Asko dugu egiteko oraindik; antolaketa, sentsibilizazioa, parte-hartzea zabaldu eta areagotu eta mugimendua herritarrei eta gizartearen sektore guztiei irekitzea beharrezkoa zaigu. Gehiengoaren nahiarekin bat eginez, gai izan behar gara esparru guztietan gobernuen kontrako presioa areagotzeko.

Gure erronka nagusia salbuespen neurrien amaiera lortzea da, eta helburu horri begira indarrak batzen jarraituko dugu. Preso politikoen giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko olatu sozial erraldoi baten premian gaude. Zeregin horretan denon indarra, denon kemena eta denon ideiak dira beharrezkoak. Aurrera, beraz: jarrai dezagun lanean, eskakizun hau ikastetze, lantegi, elkarte, gure herri eta auzoetako txoko guztietara eramateko zeregina dugu.

Eskerrik asko denoi zuen konpromiso eta ekarpenengatik. Ziur gaude, guztion artean lortuko dugu!