Luma galduak

PrintFriendly and PDF

Arranoa

Nafarroaren Eguna pasa da, eta arrano beltza hitzorduan zen.

Bainan, orain, arrano beltzak mundua nahi luke esploratu, laguntza eske, bere egoera latza erakusteko, bere luma galduak berreskuratzeko.

Alta, ez dakit momentu ona den munduaren itzulia egiteko.

Ados, tximineen gainetik pasako delarik Florange-eko labe garaiek ez dute gehiago erreko. Agur Mittal! Agur metal! Altzairu ala altxa diru! Hala ere, arranoak bere aberastasuneri kasu egin dezake, iruzurra ezagun delako Frantzian eta iruzurraren ondorioek Kahusak dituztelako. Presidenteak erran omen zakon: “Zu, besteak bezala isildu barzina, ez zinuen zure postua galduko!”. Naski, fonetikoki, Holande-etik Yolandarat ez dagoen ezberdintasun handirik, i grekiarraren defizita ez bada: herri batean bestean baino nabariago.

Kontuak kontuz. Gobernu jakobinoko polemika ono sexuala da. Hau dela eta, uste dut Frantzian manifestariek pareko C.R.S.ak ez dituztelako gustuko, parekotasuna ez dutela maite! Homo neanderthalensis-a beldur dea homo sexualak bere populua desagerraraztea? Alta silex-gia da… barka, zilegia!

Afrikan, krisian dagoen frantses gobernuaren Malizia! Ez erraiteko milizia! Bertako gobernuak gehiago botererik ez zuen Afrika erdiko isla isolatu bat bilakatu zen Malia. Azawad hartzeko, musulmanak eta independentistak bildu ziren eta Europak bien aurka egin du: agur isla mixta!

Bainan arranoak bere herriko arazoak ikusi behar lituzke lehenik. Gipuzkoan, zikinak bereixteko tirabirak bete-betean daude. Bilduk ahaleginak egiten ditu hondarren bereixteko etxez etxez, egunez egun, bainan, alderdi batzuek inposaketa bezala ikusten dute. Hondakinak baino, nahiago dituzte metodo arkaikoak birziklatu.

Donostian ere babeslekurik ez. Ertzaintzak bere helburua lortu du. Bainan, ze metodorekin?! Xiberutar batek erranen luke: “Ertzo eginak tützü ala?!”, “Ba ba! Ertzoinak!”. Herri harresi bat haustea lortu dute, ezker abertzaleak murru baten kontra kaskatzen segitzen duelarik. Arranoa lumak galtzen ari da. Noiz arte?