Iparra-Hegoa, 25 urte

PrintFriendly and PDF
Eneko Bidegain
Eneko Bidegain
Mondragon Unibertsitateko irakaslea, ikus-entzunezko komunikazioan. Berria-ko kazetari ohia. Idazlea.
Beste artikulu batzu

iparra-hegoa6Enbata Hilabetekariko Sar Hitza 

Heldu den martxoaren 23tik 29ra, 25. edizioa izanen du Iparra-Hegoa asteak. Urruñako eta Segurako lagun-talde batzuek besta batean ezagutu zuten elkar, eta handik sortu zen Seguran Ipar Euskal Herriari buruzko aste bat antolatzeko ideia. Geroztik bide handia egin du ekimen hark, eta zilarrezko ezteiak ospatuko ditu, osagarri onean eta segida bermatzen hasirik, belaunaldi berrien inplikazioari esker.

Gaur egun, Iparra-Hegoa ez da bakarrik Seguran antolatzen den astea. Aitzineko egun eta asteetan ekitaldi franko antolatzen da, bai Goierrin, bai Ipar Euskal Herrian. Iaz, lehen aldiz, besta egun bat iragan zen Baigorrin, baigorriarrek eta Iparra-Hegoa elkartekoek antolaturik.

Aurten gisa bereko zerbait antolatuko da Larresoron, otsailaren 15ean. Bernat Etxepare lizeoko ikasleak eta ikasle ohiak gogo handiz ari dira parte hartzen, ez bakarrik Larresoroko ekitaldiaren prestaketan; Iparra-Hegoa astean egonaldi bat egiten dute, Goierri ezagutzeko, eta baita ere hango enpresak, hango lekuak eta hango jendea.

Baina, horrez gain, ikusgarri bat prestatzen dute, Seguran emateko. Eta aukera daukate, Iparra-Hegoak ezker-eskuin egin dituen harremanen bidez, ikusgarri hori beste zenbait lekutara eramateko.

Iparra-Hegoa-k harremanetan jarri ditu Ipar Euskal Herriko ikastoletako haurrak Segurako haurrekin, ekoizleak hango erosleekin; kantariak, dantzariak, antzerkilariak, idazleak, ekonomian ari direnak, sukaldariak, euskalgintzan edo herrigintzan ari direnak eta beste hainbat gurutzatu dira Euskal Herriko beste lekuetakoekin. Elkarren berri eman eta bildu dute, elkarrekin zenbait ekimen berri pentsatzen hasi dira. Xumeki, etxekoz etxeko, Euskal Herriaren barne zatiketaren kalteak mirari batez konpontzeko indarrik eta pretentsiorik gabe, baina harri bat ekarriz elkar ezagutzari eta gure herriaren eraikuntzari.

Iparra-Hegoa-k harremanetan jarri ditu
Ipar Euskal Herriko ikastoletako haurrak
Segurako haurrekin,
ekoizleak hango erosleekin;
kantariak, dantzariak, antzerkilariak, idazleak,
ekonomian ari direnak, sukaldariak,
euskalgintzan edo herrigintzan ari direnak.

Iparra-Hegoatik sortu zen Euskal Herriko Mus Txapelketa, txapelketa ofizialetatik kanpo, baina arrakasta handia lortu duena. Beste hainbat ekimen ere bultzatu edo lagundu ditu, eta ari da gure herriaren ehuntzeari begirako ekimen gehiago diseinatzen.

Iparra-Hegoa ez da loturak eraikitzeko lanetan ari den ekimen bakarra. Aspaldian badira hainbat senidetze –adibidez, Aiherra- Antzuola, Uztaritze-Tolosa edo Hazparne-Azpeitia–, lan preziatua egiten dutenak elkar ezagutze horretan. Aurten, Iparra-Hegoak gisa bereko beste ekimenak eta senidetzeak bildu nahi ditu, elkarren berri edukitzeko, bakoitzak bere esperientziak kontatzeko, elkarrengandik ikasteko, sareen sare bat osatzen hasteko eta Iparra-Hegoaren gisako ekimen gehiagoren hazia barreiatzeko.

Agenda eta egituraketa instituzionalak diseinatzen duen politikak euskaldunak elkarrengandik urrundu gaitu azken urteetan. Urratzen ari den oihal hori berriz josteko hariak dira Iparra-Hegoa bezalako ekimen ttipiak, leku finko batekoak, baina leku horretako herritarren bista zabaltzen laguntzen dutenak. Eta ez bakarrik “Iparraldea” eta “Hegoaldea” elkarrekin harremanetan jartzen dituztelako: Iparra-Hegoak loturak eraiki ditu Euskal Herri osoko jende eta ekimenekin.

Funtsezko ekimenak dira gure herri kontzientzia indartzeko, gure kultura zabaltzeko, euskarari balioa emateko, barne turismoa sustatzeko eta elkarlan ekimenak abian jartzeko. Adiskidetasunez, giro onean, gure sena entzunez, naturaltasunez. Halakoak dauden bitartean, badago esperantza zerbait. Ea biderkatzen diren. 

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak