Euskararen egoera eta geroa Ipar Euskal Herrian (2/2)

PrintFriendly and PDF
2016an, 10 urte arte eskolatuak diren haurren %39a elebidunean edo murgiltze ereduan zen, hots 10 000ko bat ikasle.

2016an, 10 urte arte eskolatuak ziren haurren %39a elebidunean edo murgiltze ereduan zen, hots 10 000ko bat ikasle.

Battittu Coyos, Euskaltzaina

Artikulu honen lehen zatian laburzki erakutsi da zertan den euskararen egoera Ipar Euskal Herrian, bereziki botere publikoek egiten dutena eta egiten ez dutena azalduz. Bigarren zati honetan ikusiko dugu nola Euskal Hirigune Elkargo berriaren (Euskal Elkargoa) sartzea joko horretan, parada baliagarria izan daitekeen urrats garrantzitsu bat egiteko euskararen berpizteko bidean.

Euskararen biziarazteko eta gehiago ere indartzeko Ipar Euskal Herriko gizartean, hizkuntza horren bizindarraren testuingurua aztertzeko litzateke, sakonki.

Lerroalde honetan, azken hamar urte hauetan eginik izan ziren proposamen batzuk aipatuko ditugu.

Haien gauzatzeak arnas azkarra emanen liokete hemengo euskarari.

2007ko Paueko prefetaren gutuna

Pirinio Atlantikoetako prefetak, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakariarekin batera, 2007ko maiatzaren 11n izenpetu zuen gutuna proposamen baikorretan ezarriko nuke. Aipatzen dut: “Bizitza publikoan euskararen erabilpenari doakion arau eta legezko esparruari dagokionez, argitu nahi dugu euskara erabil daitekeela frantsesaren parean, dokumentu, zigilu eta komunikazio euskarri ofizial ezberdinetan, balio juridikoa frantsesezko bertsioek bakarrik dutelarik”.

Hots, administrazioetan, baina bai ere mundu pribatuan, ekoizten diren dokumentu eta euskarri denak euskaraz ager daitezke, baldintza horren pean, frantsesa hor izatea ere dokumentua ofiziala denean. Ene ustez, ohar horrek posibilitate anitz idekitzen ditu… nahiera hor baldin bada.

Zergatik, orain arte, euskara bakan agertzen da herriko etxeetako dokumentuetan, baina bai ere Ipar Euskal Herriko beste kolektibitate publikoenetan eta administrazioenetan?

Orain, 12 bateko euskara-teknikari sare bat badugu lurralde poloetan eta hiri nagusietan (Angelun salbu), itzultzaile profesional batzuk ere. Ebaluazioa eta gaitasunak baditugu. Zoin da orduan estakurua ez aitzinatzeko? Dirua? Ez da hori. Lehentasun arazoa da. Euskara botere publikoen lehentasunetan ote da? Hitzetan bai, ekintzetan ez dut uste.

2014ko Garapen Kontseiluko Euskara lanbatzordearen txostena

Duela guti, 2014-2020 Plan Kontratua prestatzeko, Garapen Kontseiluko Euskara lan-batzordeak txosten zinez interesgarria egin zuen. Euskararen egoera larria gainditzeko bi proposamen egiten zituen: irakaspenaren eskaintza orokortura joatea eta bizi sozialean, euskara “normalizatzeko”, Ipar Euskal Herria esperimentazio lurralde gisa hartzea. NOTRe legea errespetatuz,

Garapen Kontseilua Euskal Elkargo berriaren “Ekonomia eta Gizarte Kontseilu” mota bat baliatuko da eta parada izanen du bere proposamen horiek indarrean emaiteko. Ildo honetan ohar gaitezen ikastoletarik kanpo, murgiltze eredua garatzen ari dela amaeskola pribatu (18 eskola) eta publikoetan (15), lehen bi edo hiru urteak osoki euskaraz proposatuz. Hor ere, duela urte guti zerbait asmaezina zena badugu.

2016ko Euskaltzaindiaren eta Euskal Konfederazioaren aldarrikapena

2016ko azaroaren 19an, Euskaltzaindiak antolatzen zuen XXI. Jagon jardunaldian Baionan, Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak aldarrikapen bat egin zuten. Hiru puntu azaltzen zituzten: Euskal Hirigune Elkargoaren estatutuetan euskararen hizkuntza-eskumena hartzea (eginik da), baliabide aski paratzea eta hizkuntza politikarako aurrekontu propioa bideratzea (hori ere eginik da) eta, hirugarrena, Korsikan, Bretainian eta Ipar Katalunian egin bezala, Ipar Euskal Herrian ere euskarari nolabaiteko izaera ofiziala aitortzea. Azken puntu hau ere laster gauzatuko da.

Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Elkargoa: asmatzeko partaidetza

EEP versus Euskal Elkargoa? EEP edota Euskal Elkargoa? Azkenean, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Elkargoa ez ditugu konparatzen ahal. Egitura publiko ezberdinak dira, beren legezko estatutua ez da berdina. Euskal Elkargoa bere deliberoen hartzean autonomoa da, EEP ez.

Orain, 12 bateko euskara-teknikari sare bat badugu
lurralde poloetan eta hiri nagusietan (Angelun salbu),
itzultzaile profesional batzuk ere.
Ebaluazioa eta gaitasunak baditugu.
Zoin da orduan estakurua ez aitzinatzeko?

Euskararen Erakunde Publikoa

2006tik geroz, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eramaiten duen politikak aitzinamendu batzuk ekarri ditu, euskararen eta euskarazko irakaskuntzan bereziki. Baina bere metodologiak bere mugak erakusten ditu.

Iduritzen zait, adibidez, EEPren Aholku batzordea grabazio-ganbera (chambre d’enregistrement) delako bat bilakatu dela, urtean bi aldiz biltzen dena. Hastapenean, EEP eta euskalgintzaren arteko trukatzeko gunea zen. Orduan ikusmoldeek, elkarrekiko gogoetek EEPren politika hazten zuten. 2016ko agorrilean, Frantses estatuko zerbitzuek egin zuten EEPri buruzko txostenean ahulezia hori azpimarratu zuten: ikus 1.5.

Euskararen Erakunde Publikoa, Interes Publikoko Elkargo (IPE) bat da, eskubide publikoko pertsona juridikoa. Deliberatzeko mementoan, berresten dena Frantses estatuaren, Akitania Berriaren, Pirinio Atlantikoen eta sartu berri den Euskal Elkargoaren arteko traktazio eta konpromiso konplikatuen fruitua da.

Beste partaidea, Eusko Jaurlaritza, ahantzi gabe.

EEPn, Frantses estatuak hiru adar ditu. Alde batetik, Hezkuntza nazionala Bordeleko Akademiako errektorearen bidez, Kultur saileko eskualdeko zuzendaria (DRAC) Kultura ministeritzaren izenean bestetik eta, last but not least, Barneko ministeritza prefetaren presentziaren bidez.

Hots, erreza da ulertzea deliberoen hartzeko moldeak ez direla hain sinpleak. Halere, ikusmoldeak aldatu dira, norabide onean.

Oroitaraz dezadan, 2000 urteetako hastapenean, Eusko Jaurlaritzak Iparraldeko euskal elkarteei emaiten zizkien diru laguntzez, beste prefeta batek diru bidezko kolonizazioa salatzen zuela (c’est de la colonisation par l’argent)…

Euskal Elkargoa

Euskal Hirigune Elkargoa, legeak onartzen duen lurralde kolektibitate berri bat da (Code général des Collectivités territoriales, Loi Notre, etab.). Bere autonomia eta ahalmen propioak baditu (principe de libre administration, Frantses konstituzioaren 72. artikulua). Euskal Elkargoari legearen arabera loturik zaion Garapen Kontseiluak aholku batzordeko papera bere gain hartu beharko luke, ikerketa bereziak, proposamenak, ebaluazioak, etab. eginez.

Eta, bistan da, gure aztergaian, euskararen aldeko politikan, proposamenindar garrantzitsua bilaka daiteke.

Anartean, Euskal Elkargoak urrats zenbait egin ditu: 2017ko otsailaren 4an euskararen aldeko eskumena hartu du, herrietako eta herri elkargo ohietako eskumenak aztertu ditu, jurista batek ikerketa berezi bat eraman du, Frantziako legeriaren barne, euskararen eta okzitaniera gaskoiaren balizko ezagupen instituzional baten aztertzeko, halaber lurralde esperimentazioarekin.

Hots, fruituak ez badira oraino hor, lehen haziak lurrean daude…