“Euskara osoki berreskuratzeko oraino anitz bada egiteko”

PrintFriendly and PDF

VI. inkesta soziolinguistikoaren Ipar Euskal Herriko emaitza nagusien irakurketa

Euskal Konfederazioak VI. Inkesta soziolinguistikoaren Ipar Euskal Herriko emaitza nagusien berri izan du. Euskal Konfederazioaren ustez, datu itxaropentsuak badira. Nahiz eta ipar Euskal Herrian euskara osoki berreskuratzeko oraino anitz baden egiteko, inkestaren emaitzek etorkizunari buruz itxaropentsu izaten ahal garela erakusten dute, baldin eta eskura ditugun neurri egokiak hartzen badira.

Hizkuntz gaitasuna

Zenbaki absolutuetan azken inkestetan agertu euskaldunen kopuruaren beheititzea gelditua dela ikustea elementu pozgarria da. Izan ere, hiltzen zen adineko euskaldun bakoitzeko euskaldun gazte “berri” bat ez zen sortzen orain arte. Odoluste gelditze horrek frogatzen du fatalitaterik ez dela eta borondate politikoa erakusten segituz gero euskaldunen kopuruaren kurba gorantz tiratzen ahalko dela.

Datu horrek erakusten du besteak beste eskola bidezko transmisioak fruituak eman dituela eta beharrezkoa dela sendotzea, gaur egun irakaskuntzan izaten diren trabak gaindituz, hots ikastolak idekitzen eta garatzen lagunduz, eskola elebidunetan murgiltze eredua garatuz eta eskaera logika batetik eskaintza orokorrera pasatuz, eta euskara maila zainduz, ez baita ahantzi behar euskaldun elebidun osoak direla ondoko belaunaldiei euskara transmititzeko gai izanen direnak.

Portzentaian kopuru beheititzea bada kanpotik Ipar Euskal Herrira etorri jende kopuruaren eraginez. Joan den azaroko Jagon jardunaldian, euskararen biharko erronkak aipatzen genituelarik, azpimarratu genuen ezinbestekoa zela Plangintza oso bat martxan ezartzea kanpotik heldu direnak euskararen bidez integratzen lagundu eta euskarara erakartzeko, irakaskuntza eskaintza zabalagoa eginez, eremu publikoan euskaraz aritzeko espazioak biderkatuz, hedabideetan presentzia handiagoa segurtatuz, euskarazko kultur ekitaldiak emendatuz, euskarazko aisialdi gehiago proposatuz, helduentzat euskaraz ikasteko bideak errextuz, eta abar…
Erabileraren bultzadarekin batera, erronka nagusietarikoa da Euskal Konfederazioaren ustez eta berehalako plagintza bat martxan ezartzea ezinbestekoa da, lehenbailehen Ipar Euskal Herria hizkuntz berreskurapenerako esperiementazio lurralde gisa onartuz.

Erabilera

Noiztenkako erabilera handiagoa da 2016an 2011n baino (%9,3tik %14,7rako pausoa), baina usaiazko erabilerak behera egin du (%9,6tik %8,1era). Hizkuntza bat erabili ala ez erabili erabakitzeko momentuan faktore anitz bada ere, argi da euskararen erabilera bultzatzeko euskaraz aritzeko gune gehiago garatu behar direla: euskara ezin da bakarrik irakaskuntza, seinaletika eta kultur arloetara mugatu, beste arloetan ere presentzia areagotu behar da, eremu publikoko administrazio eta zerbitzu publiko bezalako erakunde publikoetan besteak beste.

Jarrerak

Arlo honetan bi datu interesgarri azpimarratu nahi genituzke. Lehena: %52k pentsatzen dute ezinbestekoa dela haurrek euskara ikastea. Portzentaia horrek baieztatzen du beren haurrentzat ikastola edo eskola elebiduna hautatzen duen guraso kopuruak, urtez urte gelditu gabe azkarki emendatuz doana.
Bigarrena: %51k pentsatzen du administrazioan sartzeko euskara jakin behar dela. Zifra horrek adierazten du jendartearen gehiengoa prest dela euskara eremu guzietan garatua izan dadin ikusteko, arlo pribatuan zein publikoan.

Inkesta soziolinguistikoetan begiratzen den lehen datua hiztunen kopurua da. Lehen aldiz, zenbaki absolutuan bederen, Ipar Euskal Herrian hamarkadetako beherakada gelditua da. Orain kurba goranzko bidean eramateko baitezpadakoa da transmisioan indarrak egiten segitzea. Bainan zertarako hizkuntza bat ikasi erabiltzeko ez bada? Hiztun kopuruarekin batera, beharrezkoa da ere erabileran eraginen duten arloetan zentratzea. Azkenean hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko errextasunak emateak hizkuntza bera ikasteko eta erabiltzeko motibapena sendotuko baitu.
Aurten hizkuntza politikaren panorama aldatu zaigu ipar Euskal Herrian Euskal Elkargoaren sortzearekin. Aktore berri bat EEP eta euskalgintzarekin batera euskararen berreskuratze prozesuan bere harria ekarri beharko duena. Bakoitzak bere eginbeharretan zentratuz, segi dezagun hizkuntza politika eraginkorragoa eraikitzen gaurdanik, ondoko inkesta soziolinguistikoan datuak oraino hobeagoak izan daitezen.

Baiona, 2017ko uztailaren 5a

Utz iruzkin bat

Zuen emaila ez da sekulan argitaratua izanen, ez eta ere komunikatua. Betetzea baitezpadakoak diren guneak * batekin markatuak dira.

Connect with Facebook

*
*

Ondoko HTML elementuak erabil ditzakezue <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>