Aberri Eguna 2020: Euskal Herria Batera

PrintFriendly and PDF

AberriEguna
Aurten Aberri Eguna konfinamendutik eginen dugu, gure adinekoak arrisku handian ditugularik, gure gazteak etxean zerratuak eta gure presoak urrun eta isolatuak.  Zer eginen dugu hemendik aitzina herri gisa. Nola aitzinatu eta erakiko dugun guzien artean Euskal Herri burujabe, justu, demokratiko, solidario eta parekidea ? Neoliberalismo errezeta zaharrekin ez baita berdinen arteko Errepublika sortzerik, ez baita pertsona eta haien beharrak erdigunean ezartzerik.  EHBAI eta EHBILDUk gure borondatea erakutsi nahi dugu momentu zail honetan behar den guzia egiteko, orain arte bezala elkartasuna egoismotik gailenduz, ekologismoa kalpitalismo basatiari eta berdintasun soziala klase diskriminazioari.  EHBAI eta EHBILDUren agiria jarraian.

Ezkerrak, oro har, eta subiranistok bereziki, aspaldidanik ari gara adierazten, behin eta berriz adierazi ere, egungo egoera historikoan erantzunak ezin direla betikoak izan, galderak aldatu egin direlako. Hori dela eta, gaur, 2020ko Aberri Egunean, EH Bilduk eta EH Baik modu publiko eta zintzoan planteatu nahi ditugu guztiok interpelatu beharko gintuzketen zenbait galdera: Zer da abertzale izatea garai historiko honetan? Zer da subiranista, independentista edo ezkerrekoa izatea? Zer eskatzen dio euskal jendarteak herria beti bere interes partikularren gainetik jartzen duten militante politikoen kolektibo bati? Zertan datza gaur gure komunitatearen alde, Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugunon alde, egin beharreko sakrifizioa?

Ziklo politiko hau abian jartzeko, ezkerreko independentistok funtsezkoa den beste galdera bati ere erantzuna eman behar diogu: Nola izan gintezke eraginkorragoak, askapen nazional eta sozialeko prozesuaren baitan, Euskal Estatua eta berdinen arteko Euskal Errepublika eraikitzeko?

Galdera horiek guztiak ezin dira ez planteatu ez erantzun Aberri Egun honetan koronabirusak eragindako krisi humanitarioa kontuan hartu gabe. Aurten euskal aberriaren eguna konfinamendu orokorrean ospatuko dugu, gure adinekoak arrisku larrian ditugula, gure gazteak etxean giltzapetuta. Aberri Eguna gure presoak urrun eta isolatuta ditugula bizi behar dugun honetan agur bero bat eta gure maitasun eta babes osoa bidaltzen diegu presoei eta haien senideei.

Aberri Eguna ospatuko dugu gure industriaren zati handi bat itxita; hezkuntza-sistema Internetera egokitzeko bidean; milaka langile eta nekazari, gaixotzeko arriskuan, merkatua oinarrizko ondasunez eta elikagaiez hornitzeko lanean; negozioak itxita dituzten dozenaka mila autonomo, merkatari eta ostalarik euren etorkizun ekonomikoari beldur ikaragarriaz begira.

Baina, batez ere, pandemiaren aurkako borrokan etsi gabe ari den euskal osasun sistema batekin iritsi gara hona, profesional guztiak lan eta lan kolapsoaren atarian dauden ospitaleetan, dagoeneko gaindituta ez badaude.

Aberri Egunean ezin dugu hori guztia albo batera utzi. Euskal nazioaren borrokaren ezein erreferentziak ezin izan zuen imajinatu gaur bizi duguna bezalako errealitaterik.

Aurrerantzean ezer ez da berdina izango. Gure nazioan ez ezik, mundu osoan ere hain gogor jotzen ari den drama hau baliatu behar dugu, lehenik, ikasteko eta, ondoren, Euskal Herri hobe bat, mundu hobe bat, justizia sozialean eta elkartasunean oinarritutakoa, eraikitzeko, Giza Eskubideen eta Herrien Europa batetik hasita. Horrek izan behar du une honetan dugun lehen konpromiso militantea.

Geure buruaz ikasi behar dugu, hobeto ulertu behar ditugu gure herriak, etorkizuneko belaunaldiek eta gizateria osoak aurre egin beharreko erronkak. Koronabirusak sistema neoliberalaren eta globalizazio kapitalistaren gabezia larri guztiak biluztu ditu eta, besteak beste, berriro ikasten ari gara indibidualismoak ez duela balio mugak aintzat hartzen ez dituen birus baten aurrean.

Krisi honek gure autogobernuaren mugak ere agerian utzi ditu. Ez Euskal Autonomia Erkidegoan, ez Nafarroa Garaian, ez Lapurdin, ez Nafarroa Beherean, ez Zuberoan gure instituzioek ezer gutxi egin dezakete Espainiako eta Frantziako Estatuen dekretuen aurrean. Egoera dramatiko honetan ere Estatuko botereek legezko baliabide guztiak erabiltzen dituzte administrazioa birzentralizatzeko, bai eta kanpaina militaristak egiteko ere, eta Espainiako kasuan, monarkikoa ere bai gainera. Bistan geratu da gure ordezkari instituzionalek ez dutela esku hartzerik gure herritarrei eragiten dieten erabaki garrantzitsu askotan. Horren jakitun izan eta Aberri Egun honetan adierazi behar dugun kezka da hori.

Gure hausnarketak, hala ere, harago joan behar du. Eztabaida ez da zein plan duten Estatuek guretzat, haien planek mendeko gisa baino ez gaituztelako hartuko. Garatu behar dugun eztabaida nazional eta estrategikoa bestelakoa da, sakonagoa: Zer egingo dugu hemendik aurrera herri gisa? Nola diseinatu eta eraikiko dugu guztion artean gehiengo zabal batek aldarrikatzen duen Euskal Herri burujabe, justu, demokratiko, solidario eta parekidea? Garatu behar dugun eztabaida, beraz, nazio mailakoa, herrikoia, barneratzailea, demokratikoa eta mugarik gabekoa da. Funtsezko eztabaida da nola eraikiko dugun euskal nazioa balore alternatiboetatik, hondamendi ekologikora eta desberdintasun sozialetara garamatzatenen aldean. Funtsezko eztabaida da gure herrian zein balore eta printzipiotan eraiki nahi dugun gizartea, guztion bizitza, bereiztea.

Halaber, gure herriarentzat hain berezia den egun honetan EH Bilduk eta EH Baik euskal herritarrei dei egin nahi diegu bat egin dezaten krisialdi honetan beren hurbilekoak galdu dituzten eta nahi bezala agur esateko aukera izan ez duten ehunka familien doluarekin.

Egunotan buru-belarri lanean ari diren osasun arloko langile guztiak ere omendu nahi ditugu, askotan baliabide murritzekin aritzen direnak, euren osasuna arriskuan jartzeraino pertsona gehiago hil ez daitezen. Gure osasun sistema publikoa aintzat hartu eta aldarrikatu beharreko ondasuna da eta bertako profesionalak, gizatasuna erakusteaz gain, modu eredugarrian jokatzen ari dira krisialdi honetan, hurrengo belaunaldiek, zalantza barik, gogoan izango dutena.

Adibide hori buruan izanda, une historiko honetan abertzale izatea euskal herritarren ongizatearekin, eskubideekin eta gure nazioaren askatasunarekin konprometitzea da, etika horren pean bizitzea, lan-esparru guztietan gorputz eta arima jartzea, komunarekiko konpromisoa aurrera eramanda. Euskal gizarteak zintzotasuna, konfiantza, inteligentzia eta akordio koherenteak eskatzen dizkio politikari. Luzerako ikuspegia eta lidergo partekatuak eskatzen ditu.

EH Bilduk eta EH Baik gure borondatea erakutsi nahi dugu une zail honetan behar den guztia emateko, gure herriari zintzotasunez eta leialtasunez.

Konfiantza osoa dugu gure herriaren gaitasunetan, behin eta berriz erakutsi baitu eusteko eta berrasmatzeko gaitasuna izan baduela. Pertsonak eta haien beharrak erdigunean jarriz soilik lortuko dugu berdinen arteko Euskal Errepublika batera eramango gaituen politika sortzea. Akatsetatik ikasiz eta zuzenduz, zintzotasuna eta egia aurretik jarriz.

Euskal Herrian eta bere burujabetzan, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidean eta ongizatearen defentsan sinesten duten indar sozial, ekonomiko eta kultural guztien erantzukizun partekaturako garaia da. Berdintasun sozialean, feminismoan, elkartasunean eta burujabetzan oinarrituta, gure herri zaharra eraikitzeko beharra dugu, neoliberalismoaren errezeta zaharrekin ez baitago berdinen arteko Euskal Errepublika sortzerik. Zalantzarik gabe, Euskal Herriak salbuespen egoera honi aurre egingo dio, historian zehar beste hainbatetan ere egin duen bezala. Orain beharrezko ondorioak atera behar ditugu, orain arte bezala, elkartasuna egoismoari gailendu dakion, ekologismoa kapitalismo basatiari, berdintasun soziala klase diskriminazioari.

Euskal Herrian, 2020ko apirilaren 12an

 

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak