Txirikordatzeak

Txirikorda.


Nere ibilbidean bat egiten dute euskaltasunak, ekologismoak/ desazkundeak, eta jende xumeen bizi baldintzen jabetzari buruzko kezkak. Ez dakit hiruak nola bereizi – teorian izan ezik – nere bizipenetan soka batean bezala txirikordatzen baitira. Bizipen pertsonal batzuek ez dute deus berezirik, aldi berean – edo horregatik hain zuzen – esanahi kolektiboa eramaki dute, eta pertsonalak izateagatik esanahi horiek sakonago zuztartzen dituzte gugan.

Bizi baldintzen jabetza

Ibilbide arras arrunta dut nere ustez, nere kanttuko eta belaunaldiko anitzena bezalakoa. Lapurdiko kostaldean sortu nintzen, eta kostalde horretan oraindik urbanizatua ez zen (baina arras zalu aldatzen hasiko zen) udalerrian hazi. Nere hurbileko ingurunean bazeuden larreak, oihan puska batzuk, soroak, zutoin zaharretan iltzatu letoin herdoilduak, eta nere aitatxi eta amatxi bizi izan ziren – eta nere aita sortu zen – baserria. Baserri hura ez zen familiaren jabetza. Etxea bera auskalo nork eta noiz eraikia izan zen, noizbait saldu eta orduko jabea Landetan bizi zen mediku aberatsa zen, bertze etxe batzuen alokairuak ere jasotzen zituena. Nere aitatxi Urruñako bertze etxe batean sortu zen, eta 8 urte bete baino lehen, familia bi aldiz jadanik etxez aldatu zen. Nere amatxi ere berdintsu: Etxalarren sortu, gero familia Ainhoara mugitu abere eta traste guziekin, gero berriz Senperera. Premu nintzela baina etxerik ez. Ezin dut irudikatu betiereko Damoklesen ezpata hori, norberaren bizi baldintza zuzenak mehatxatzen zituena: lan tresna, bizitoki, aterpe ziurtatua izan beharko ziratekeen etxea eta haren lur eremua, urte txar baten eta etxearen jabearen gogoaren menpe. Abenduaren 21ean San Tomas ospatzen dutenen artean zenbatek ote dakite hainbat familiarentzat baserritik kanporatze eguna izan zitekeela ere, eta hori neguaren hasieran? Kontzienteki edo ez, mehatxu horrekin ez bizitzeko nere aitaren belaunaldiko hainbatentzat hain inportantea izan da etxearen eraikitzea eta jabe bilakatzea. Testuinguru ekonomikoak hala ahalbideratuz, ez zuten aukera galdu. Etxe berrira aldatu ziren ere aitatxi eta amatxi, erretreta hartu ondoren. Aitari, bere anaiari bezala eta haien belaunaldiko gehienei bezala, ez zitzaien ezta bururatu ere baldintza prekario haietan laborari jarraitzea eta behien gibeletik osasuna hondatzea. Baserriko uzta ez baitzen denerako nahikoa, bertze etxe anitzetan bezala, amatxik arrain kontserbategian lan egin behar zuen, eta lantegi tenorea eta gero nagusien bulegoetan garbiketa lanetan segitu arratseko 10:00ak arte. Aitatxi gaueko lanean aritu zen ere, Urruñako bertze anitz bezala. Nere aita mundu horretarik dator, arras ongi ezagutzen du eta ez zuen mundu hortan segitu nahi. Bertzela izanen zen beharbada etxea familiarena izan balitz, baina ni bezalako askorentzat, ez datoz bat aitaren etxea eta industriaurreko tradizioak eta bizimodua. Lapurdiko iragan burujabe eta oparoak, existitu bada noizbait, ez du gurean oroitzapenik utzi bederen.

Eraldatze handia

8 urte nituelarik, baserriko lurrak saldu zituen jabeak, bertan 7 etxe eraiki dira, horietatik bat berriki saldu eta auskalo orain haren lurretan zenbat etxe gehiago eraikiko diren. Nere jolas zelaia ziren bertako larreek, orain nere oroitzapenetan baizik ez diraute. 15 urte geroago, bertan jarraitu zuen aitatxiren anaia gazteena zendu ondoren, baserria bera jabeak saldu zuen ere, eta gaur bigarren egoitza bilakatu da, urritzak ziren lekuan tuia hesi bat dago, eta oilotegi eta ausiñen ordez golf batean bezalako belar motza. Auzoaldeko oihan puskek urte batzuk gehiago zutik jarraitu zuten, eta haietan pasatzen nituen arratsalde batzuk, denari begira: zuhaitzak, sasiak, marmaluak, xoriak, kurkuiluak, satorren muinoak. Nere onddo tokiak nituen ere, batean xixak erramu handi baten pean, bertzean gorringoak. Urte guti geroago oihan puska horiek ere moztuak izan ziren, etxeak eta industriagune bat eraikitzeko. Juan-Carlos Perezen kantuko euri ondorengo baso usain hura jada gutiago sumatzen nuen airean. Gutiago ere ulintxak, gaueko pinpilinak eta iñarak. Desagertuak lehen trumilka ikusten ziren hainbat xori: miñautak, tarinak, artxipoteak… Desagertuak ere ekainean haritz zaharretan elkartzen ziren akilimarruak. Etxez beterik ikusten nuen Bordagainen, Aitak kontatzen zidan bera haurra zelarik eramaten zituen behientzako larreak bazirela. Edo Untsin estuario bazterreko ihidietan (orain etxez eta supermerkatuz eraikiak) pekardiñak – istingorrak – bazirela. Nolabait, nerabea izanik eta teoriarik ezagutu gabe ere, landa eremuaren suntsitze hain azkarra, eta hainbat etxe, bide, industriagune eta supermerkaturen eraikitzea, normala ez zela biziki susmatzen nuen. Non eta nola biziko ginen dena asfaltoz itota gero? Sarrionandiak dio batzutan aberria sorterriko geometria humanizatuaren irudi batzu direla, sorterritik urruntzen denak bere baitan loturik nahinora daraman paisaia sentimentala. Gehituko nuke tokiz mugitu gabe ere sorterria urrundu zaionak bere baitan daraman paisaia.

Sarrionandiak dio batzuetan aberria sorterritik urruntzen denak bere baitan loturik noranahi daraman paisaia sentimentala dela. Gehituko nuke tokiz mugitu gabe ere sorterria urrundu zaionak bere baitan daraman paisaia.

Artifizializatze horrek beharbada eraman ninduen, urte batzuk geroago, desazkundeari interesatzera eta garapenari buruzko analisi kritikoak irakurtzera, horietarik Bernard Charbonneau (bere azken urteetan Amikuzen bizi zena) eta Simone Weil sailkaezina, Albert Camusen iritziz XX. mendeko gogo argiena. Haien idazkietan aurkitu nituen luzaz sumatu baina egituratzen eta adierazten lortzen ez nituen analisiak eta pentsamenduak.

Nortasunak kolokan, hizkuntza ardatz

Nere ama Okzitaniako Lauragués eskualdean sortu zen, Poloniar jatorriko familia batean. Etxean polonieraz ari ziren, inguruko zaharrekin okzitanieraz. Eskolan familia burgeseko haurrek aitzakia bikoitza zuten trufak botatzeko: baserritar atzeratuak eta gainera kanpotarrak. Han ere etxeaz jabetu ez, maizterrak ziren, eta haurtzaroan ere etxez aldatu. Bertako baldintza txarretatik ihes egin nahian, ama 20 urte zituelarik familia burges batek Lapurdiko kostan jabetzen zuen etxe handi batean neskato lanetan aritzera joan zen. Bertako anderea ezagutu nuen ttikitan. Behin eskolako zerbaiti buruz erantzutean “oui” erran niolarik, berak segituan eta zurrunki zuzendu: “On dit ‘oui Madame’, c’est bien joli d’être basque, mais il faut aussi apprendre la politesse française“. Inoiz ez dut ahantziko hura 8 urteko haur bati erratean bere buruari – eta iritzi hari – ematen zion zilegitasuna, hegemoniaren alde onean daudenen naturaltasun sentimendu hura. Euskara eta euskal kontuak, tira, jolasteko zergatik ez, baina gauza serioetan erditik ken bitez, lehentasuna frantses hizkuntza aristokratikoari eman behar baitzitzaion, eta hori txit txukun, akats izpirik onartu gabe. Nere aitatxiren belaunaldikoek eskolan eskuaraz mintzatzeagatik jasandako tratu txarren oihartzun berantiar bat bezala. Nere aitaren belaunaldikoek ez zuten berdin pairatu, hain zuzen Ziburuko eskolan Roger Idiart izan baitzen aitaren eta osabaren irakaslea. Bi belaunaldien artean nolako aldea: batak eskolan bortizki zapalduak izanik ere, hezurmuineraino eskualdunak eta kanpaindarrak ziren betirako, baserrietako auzolanez auzoekin harremana zuten ; haien semeek, eskualdun eta kanpaindar sorturik ere, modernitatearen tren handia hartu zuten, Charbonneauk “la grande mue” (eraldatze handia) deitzen zuena, eta tren hartan frantsesez mintzo ziren, ohartu gabe ere, berritasun guzien izenak frantsesez heldu baitziren. Eskuaraz burasoekin eta zaharrekin egiten zuten, beren belaunaldikoen artean eta haurrekin aldiz frantsesez.

Inguruk zaharrak beren artean eskuaraz entzuten nituen beti. Baina nere belaunaldikoei modu egituratuan irakasteko gai ez ziren. Etxetik beraz esaldi labur soil batzuk baizik ez genituen eskuratu. Aitari behin baino gehiagotan entzun diot bertako eskuara kaxkarra eta frantsestua dela, eta horrelako hizkera batek ez duela baitezpada transmititzea merezi (Ziburuko Etxeberriren hizkuntza klasikoa Lapurdiko iragan burujabe eta oparoa bezain urrun zen). Ez balitz ‘Enbata zikina’ eta holako zoro burugogorrek bultzatu ekimenei eta haien ondorio konkretuei esker, gaur ez ninteke zutabe hau euskaraz idazteko gai. Halere ez dezagun gure burua iruzurtu: hizkuntza galdu ez bada ere, Iparraldeko egoera ez da poztekoa. Gainera euskaraz mintzatzeko gai direnek guti izateaz gain, haietariko gehienek ez dute euskaraz irakurtzen, are gutiago idazten. Gure hizkuntza ahulduari horrek mesederik egiten ez diola erran gabe doa.

Hiruak bat

Nere lankide baten iritziz – tradizio frantses ezkertiar laiko zintzo honetakoa – bizipen pertsonalak gure printzipio politikoetatik kanpo utzi behar ditugu, printzipio horiek behar duten neutraltasun axiologikoa ez lausotzeko, nolabait haien garbitasuna ez zipriztintzeko. Aitortu behar dut ez naizela tradizio honetakoa, eta euri ondorengo baso usainik ez duten kontzeptuek gutiago erakartzen nautela. Gugan zuztarturikoak aurrera bultzatzen bagaitu, zertarako kanpoan utzi beharko genuke eta gure ekimenak abstrakzio hutsetan baizik ez oinarritu? Zergatik ez, aitzitik, gaurko krisi anizkoitza aztergai duten analisiekin lotu?

Abertzalea izatea 2023an gure bizi baldintzen jabetzaren alde aritzea da.

Bioaniztasunak kultura-aniztasunarekin bat egiten du, eta biek askoz hobe bizirauten dute garapen itsuaren albo-kalteetatik at. Baina garapen itsuari alternatiba ez da lehengo bizimodu prekarioetara itzultzea, funtsean ez baitzuten burujabetza gehiago bermatzen. Jean-Pierre Dupuyk erakutsi zuen bezala, garapen itsua saihesteko heteronomia baino autonomia maila aski handia behar da, horren esanahi konkretuenarekin hasiz: ditugun bizitoki, ingurumen, baliabide eta lan tresnei dagokienez, zer egin eta nola eraldatu erabakitzeko ahalmen kolektiboa, eta hori erabakiz eta eraikiz, bizirik atxikitzen eta biziberritzen dugun kultura. Hots, gure bizi baldintzen jabetza. Ildo horretatik, erran nezake abertzalea izatea 2023an burujabetza horren alde aritzea dela. Gauza hain sinplea da eta aldi berean gaurko egoeratik abiatuz izugarrizko eraldaketa eskatzen du, mende honetako erronken parekoa alegia.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre, financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.
Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.
« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.
Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.
Faites un don ou abonnez vous à Enbata : www.enbata.info/articles/soutenez-enbata

  • Par chèque à l’ordre d’Enbata, adressé à Enbata, 3 rue des Cordeliers, 64 100 Bayonne
  • Par virement en eusko sur le compte Enbata 944930672 depuis votre compte eusko (euskalmoneta.org)
  • Par carte bancaire via système sécurisé de paiement en ligne : paypal.me/EnbataInfo
  • Par la mise en place d’un prélèvement automatique en euro/eusko : contactez-nous sur [email protected]

Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.
Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.
«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.
Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.
Enbatari emaitza bat egin edo harpidetu: https://eu.enbata.info/artikuluak/soutenez-enbata

  • Enbataren izenean den txekea “Enbata, Cordeliers-en karrika 3., 64 100 Baiona“ helbidera igorriz.
  • Eusko transferentzia eginez Enbataren 944930672 kontuan zure eusko kontutik (euskalmoneta.org-en)
  • Banku-txartelaren bidez, lineako ordainketa sistema seguruaren bidez: paypal.me/EnbataInfo
  • Euro/euskotan kenketa automatikoa plantan emanez: gurekin harremanetan sartuz [email protected] helbidean

50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.
Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).