“Plazara” ekimena!

PrintFriendly and PDF
Herrira1
Urtarrilaren 12an Bilbon izandako manifestazioan, mahai gainean mandatu argi bat utzi zuen gizarteak: Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Bi hilabete lehenago, Baionako kaleetan, Ipar Euskal Herriko indar politiko, sindikal eta sozial guztien ordezkariek bat egin zuten, denek batera iragana atzean utzi eta etorkizunari begira jarriko den espetxe politika eskatzeko.
Mobilizazio hauen kontsentsurako gogoa gure eginez, proposamen berri bat plazaratuko dugu orain: presoen eskubideen aldeko adostasun sozial zabal hori Euskal Herriko plaza guztietara eramatea. Hitzordua maiatzaren 18an da, eta goiburua, hauxe: “Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira”.
Beraz, kanpaina hau aurrekoaren jarraipena izanen da, goiburu berarekin eta manifestu berean oinarritua. Aipatutako bi manifestazioetan bildutako sostenguak eta indarra ditugu abiapuntu, eta xede, berriz, salbuespen neurrien amaiera lortzeko konpromisoak gehitzea, oraingoan Euskal Herriko herri, hiri eta auzo guztietan, baita nazioartean ere.
Maiatzaren 18ko mobilizazioen antolatzaileak zazpi herrialdeetako Herrira-ren bilguneak dira, 200dik gora, eta haiek luzatuko dituzte deialdiak; halaber, gonbita egiten diegu Espainiako eta Frantziako estatuetan, Europan eta Amerikan diren solidario guztiei eskakizun hau bertako plazetara eraman dezaten bilkurak, manfestazioak eta edozein motatako ekitaldiak eginez.