Hiru mila pertsona mobilizatu dira larunbatean lau egun lehenago Seaskak deitu zuen manifestaldian. Gaskoinen Plazatik (boterean den Frantses Alderdi Sozialistaren egoitzatik) “Lege bat ikastolentzat” eta frantsesez “Une loi pour les écoles immersives” lema pean joan dira manifestalariak. Helmuga, Suprefetura eta Ikastolaren aldeko Hendaiako Herriko Etxearen deliberoa ezeztatzea galdatu dituen Patrick Dallennes Suprefeta izan dira, ezeztatze horren gaitzesteko eta lege babesa aldarrikatzeko.
1969tik geroz, hots Seaska sortu denetik geroz, gero eta argiago da tokiko kolektibitateentzat hizkuntza ondarearen transmisioan edo euskararen biziraupenaren segurtatzeko ikastolek Estatuak bete beharreko eginkizuna bere gain hartzen dutela. Ondorioz, orain Suprefetak bat batean ez badu begi onez ikusten ere, tokiko kolektibitateek molde batez egoitza publiko batzu ikastolek erabiltzeko gisan uzteko “ohitura” nolazbait normala bilakatua zen.
Tamalez, azpimarratu du Seaskako lehendakariak Suprefetaren oztopo berri hori Seaskak, ikastolen federazioak, 3000 haur dituen unean eta azken urteetan ia 200 haur gehiago sartze oro dituen unean erortzen da. Hots 30 ikastolen sarea haunditzen ari den eta haunditzea baitezpadakoa den unean dira medioak mozten. Aspaldiko Falloux legean oinarritutako erabaki honek Ipar Euskal Herriko ikastola guztiak arriskuan ematen ahal dituela salatu du Seaskak, datozen egunetan lege babesaren lortzeko eramanak izanen diren pausu gehiagoren berri emana izanen dela baieztatuz.