Zientzia gizartearentzat (eta II)

Zientziaren aldeko mobilizazioa Ameriketako Estatu Batuetan.

Egia-ostearen lokatzetan, nola sartu egitate zientifikorik eztabaida politikoetan? Bigarren zati honetan, aldatu beharrekoari begira diezaiogun, adituak behar dituen ondasun amankomuna den zientzia egiten jarraitzeari dagokionez.

Otsaileko Enbatan zera idazten nuen: “klimari (eta orokorkiago ingurumen larrialdiari) dagokienez, zientzialariak ez dira zentsuratuak (oraingoz bederen), haien txostenak sarean eskuragarriak direno“. Nahiko baikorra nintzen orduan, ondotik gertaturikoa ikusirik. Bertze hainbatek bezala, ez nuen irudikatzen klimari buruzko ikerkuntzaren aurkako oldarraldia hain azkarra eta zabala izanen zenik.

Klimatologiaren aurkako oldarraldia

AEBetan klima eta haren eraginak ikertzen dituzten ehunka programa itxi dituzte, ikertzaileak kanporatu (horietarik asko tesia edo post-doca egiten ari ziren gazteak), datuak gordetzen ez utzi, datuak webguneetatik kendu, etab. Hori dena presidente berriaren kanpaina finantzatu duen petrolioaren sektoreari aurkari gehiago kentzeko, “drill, baby, drill” lemapean. Lema horren erdiko hitza literalki hartzen badugu (“baby” = ñiñia, jaioberria), gordinki ikaragarria da nolako lotsagabekeriaz ari diren gaurko jaioberriek ezagutuko duten mundua suntsitzen. Nakar taldearen “inork ez du etorkizunik nahi” leloa metafora ez balitz bezala.
Egun, argi da AEBetan sistemak zer nahi duen: petrolio gehiago erauzi eta erre, gizon zuri aberatsen menpeko gizarte batean. Bizi mugimenduak “sistema alda dezagun, ez klima” aldarrikatzen duenean, sistema hori bera du aipatzen. Argi da ere nortzuk diren sistema horrek oztopotzat dituenak: zientzia, giza eskubideen eta genero berdintasunaren defendatzaileak, atzerritarrak – baita indigenoak ere, kontraesanen beldurrik gabe –. Ezjakintasunak bermatutako hegemonia bat da sistema horren xedea.

Zientzia eta erabakiguneak

Ez bada oinarri bakarra izan ere, zientziaren zilegitasuna gutiestean oinarritzen da “egia-oste” deitzen den kultura politiko berri hori. Zientzia eta insituzioak zaku berean nahasten eta biak batera arbuiatzen dituztenen iritziz, zientziak dira sistemaren meneko (hau da, “elitearen” eta burokraziaren meneko), horregatik haien ustez ezin da zientziari fidatu. Baina lehen zatian aipatzen genituen epe kontuak – epe horien arabera, erabakietan zientza batzuetan aintzat hartzen dela eta bertzetan ez – ikuspegi horretatik kanpo dira. Alta, zientziaren eta erabakiguneen arteko harreman korapilatsuaren gako garrantzitsua dira, ez bada garrantzitsuena. Horren adibide bat, duela hamarkada pare batekoa: arrain populazio bat gainustiatua izaten ari zen, eta populazio hura aztertzen zuten adituek kuota bat gomendatu zuten, gainditu behar ez zena. Aldiz, erabaki hartzaileek – hau da, kuota gomendioa lege bilakarazten zutenak – kuota askoz handiagoa adostu zuten, hain zuzen adituek gomendaturikoaren bikoitza. Eta benetan arrantzatu zen kopurua, legezko kuotaren bikoitza zen (harrapaketa ilegalengatik), hau da, adituek gomendaturikoaren laukoitza. Sorpresarik gabe, handik urte gutira arrain populazio hura hainbertze ttikitu zen, ezen berreskuratze plan bat martxan jarri behar izan baitzuten. Gertakari horren ondorioz, erabaki hartzaileek kontu askoz gehiagorekin hartzen dituzte gaur egun adituen gomendioak. Baina zenbat galera saihestu zitzaketen hori garaiz egin balute, hondamendia gertatu eta gero egiten hasi baino.
Adibide horrek oso ongi ilustratzen du epeen arazoa: erabaki hartzaileek mehatxua oraindik urrun dela uste dutenean, egoera arriskutsuak sortzen dituzte, eta hain zuzen hori da klimarekin mundu mailan egiten ari garena.

Adituaren funtzioa

Adituak arlo askotan daude: etxeko argindarra instalatzeko, zuhaur elektrikaria ez bazara, bat behar duzu. Zer egiten duen guti gora behera ulertu dezakezu, baina beharbada xehetasun guziak ez. Halere, fidatuko zara, zurea baino lehen bertze hainbat instalazio behar bezala egin baitzituen, eta elektrikaria izan baino lehen formakuntza izan zuelako, erakunde batek bermatutako diploma du. Berdin apendizitisarengatik operatu behar bazaituzte, kirurgilaria beharko duzu. Horretan ere, zer egiten duen guti gora behera ulertu dezakezu, baina beharbada xehetasun guziak ez. Halere, fidatuko zara, zurea baino lehen bertze hainbat operazio egin baitzituen, eta kirurgilaria izan baino lehen formakuntza izan zuelako, erakunde batek bermatutako diploma du. Gauza bera klimatologoei dagokienez: zergatik ez ginateke horiek diotenari fidatuko? Berdin hidrologo, soziologo, bioaniztasun aditu, edo elektrizitate-fisikariei dagokienez.
Gaur egungo gizarte konplexuetan, inor ezin da izan arlo guzietan autartziko, horregatik hainbat arlotan adituak behar ditugu. Eta adituetaz fidatzeko, bermeak behar ditugu, hori da azkenaldian eta hainbat arlotan desagertu dena, burokrazia salatzen delarik.

Heldulekuak

Mesfidantzaren arrazoi handi bat da gizarte mailako erabakitze prozesuetan populazioak duen helduleku eskasa. Heldulekuak izatea oso garrantzitsua da: xehetasun bakoitza ulertzeko gai ez bagara ere, bederen norabidea eta erranahi orokorra ulertzeko modua. Adibidez udalerri edo elkargo batean erabaki behar baldin bada zenbat toki utzi laborantzari, gailu elektronikoen birziklatzeari, oihan eta hezeguneen babesari, elektrizitate ekoizpenari, galderak laster agertuko dira: zenbat kontsumitzen ari garen, kopuru hori zenbateraino murriztu daitekeen eta nola, kontsumitzen dugunetik zenbat ekoitzi dezakegun tokian bertan, oihanetatik zenbat egur gehienez moztu dezakegun etxebizitzen beroketarako oihanen bertze funtzioak kaltetu gabe, eta jarduera bat tokiz kanporatu beharrez gero nola ziurtatu ez duela kalterik sortuko, ez hemen ez inon. Galdera horiei erantzunak emateko, jasangarritasunaren zientziak behar dira, eta pentsamendu sistemikoa, hau da, kontu bakoitza banaka konpontzen saiatu baino, funtzionamendu orokorra ulertzea, justizia soziala bertze gaiekin uztarturik. Horrek ez luke beharbada erabakitze prozesua zaluago izaten lagunduko, baina ongi erakutsiko lituzke erabilera ezberdinen arteko gatazkak, eta erakatsiko liguke horiei aterabide onena aurkitzen, gure baliabide mugatuekin.

Nola informatu?

Erabakitze prozesuak gardenak izan daitezen garrantzitsua da, eta horrekin batera aldez aurreko informazioa ezinbertzekoa da. Hainbatetan, informazioa eskuragarri izanik ere, jende gehienek ez dute aurkitzen, hainbat arrazoirengatik: txostena argitaratzen dutenengandik komunikazio eskasa edo desegokia, publikoarengandik interes eskasa, eta batez ere denbora eskasa eta gaur egungo informazio kopuru kudeaezina. Zientzia kontua baino, orokorkiago informazio hedapen kontua da. Eta hedapena, gaur egun, diruari eta borondate politikoari lotua zaie. Horren adibide esanguratsua zen duela hilabete guti AEBetako administrazio berritik Wikipediaren aurkako mezuak zabaltzea, batez ere desinformazioa zabaltzen duen sare antisozial baten jabearen eskutik. Wikipedia ez da perfektua, baina gaur egun herri hezkuntzarako funtsezko tresna da, eta haren funtzionamenduak berak hori bermatzen du.
Wikipediatik harago, egia-oste garai honetan herri hezkuntzarako tresna askoz gehiago behar ditugu, eta, lehen erran bezala, horretarako baliabideak eta borondate politikoa behar dira. Baina baliabideez eta borondateaz gain, guti aipatzen den dimentsio bat da hurbiltasuna: askoz errexagoa baita konfiantza sortzea hurbildik hauteman dezakegun pertsona, elkarte, egitura batengana. Lehen aipaturiko helduleku eskasarekin eta mesfidantza globalarekin lotua da.

Narratiba kontu bat

Finean, zientzia ondasun amankomuna da, gardena eta irekia izaten jarraitu behar duena (bertzela zientzia izateari uzten dio), eta adituak behar dituen ondasun amankomuna ere bada. Aditu horienganako konfiantza atxikitzeko, heldulekuak eta behar bezalako oinarrizko informazioak ezinbertzekoak dira. Baina funtsean, zientziarenganako mesfidantza ez dator zuzenean jendeengandik, eta zientziarengana baino instituzioenganakoa da mesfidantza. Duela bi urte aipatzen nuen bezala(1), faktuen analisia eta akats logikoen zuzentzea ez dira iritziak aldatzeko tresna aproposenak, iritziak faktu eta logika afera baino, kontakizun edo narratiba afera baitira. Horren harira, mesfidantzazko narratibak onartzea, gaur egun masiboki gertatzen den bezala, faktuekiko harremanarekin baino munduarekiko harremanarekin zerikusi gehiago du. Horretan zientziak lagundu dezake, baina ezin du zientziak bakarrik lan guzia egin.

(1) Réflexes, récits et sens collectif  (1/2), Enbata, 2023ko iraila; Réflexes, récits et sens collectif (2/2), Enbata, 2023ko azaroa

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude