Urepeletik, Bilbora eta mundura!

PrintFriendly and PDF
Korrika

www.paysbasqueactualites.com

Euskal herritarrek martxoaren 19an hasi dute munduan herri batek bere hizkuntzaren alde egiten duen ekimenik jendetsuena. Hamaika egunez eta hamar gauez, 210 orduz luzatuko duten bestan ehun milaka jendek parte hartuko dute 2.300 kilometro inguruz korrika eginez Euskal Herriko hiri eta herri gehienak lotuz, euskararen sinboloa den lekukoa eskuz esku pasatuz. Hara hemen martxoaren 29a arte Korrikaren segitzeko bide ezberdinak, eta munduan zehar haren berri emaiteko molde eraginkor bat.

Korrika egunez egun argazkiz segitzeko, hara egunero gaur egundua den AEK-ren argazki sorta edo Iparraldeko hasieran hartutako zonbait argazkiren ikusteko beste bide bat hemen.

Bestalde, Kanalduderekin ere (Korrika nun, Kanaldude han-en bidez) segitzen ahal da egunero Korrika eta beherean bezalako bideo sortak ere ikusten ahal :

Hamaika Telebistak ere Korrikaren bideoak probintziaka eta herrika sailkatzen dituelarik : http://korrika.hamaika.eus

Azkenik, Argiak “Munduan hizkuntza baten alde egiten den ekimenik handiena Euskal Herrian: Korrika” artikulua idatzi du Korrika zer den azalduz. Orain, ahalik eta hizkuntza gehienetara itzultzen ahalegindu dira (jada 27 hitzkuntzatan egin dute), ondoren, hizkuntza horietan lan egiten duten hedabideetara bidaltzeko. Hara non atxemaiten ahal den Korrikaren berri lau haizetara emaiteko tresna eraginkor hori : www.argia.eus/blogak/argia/2015/03/16/azalduko-diogu-munduari-zer-den-korrika

Hemen beherean, euskarazko aurkezpen testo osoa argitaratua atxemanen duzue zuek ere parte hartzeko berri horren zabaltzean.

Munduan hizkuntza baten alde egiten den ekimenik handiena Euskal Herrian: Korrika (Lander Arbelaitz)

Milaka pertsona euskararen alde korrika jartzen dituen ekimena da. (Arg: AEK)

Euskal herritarrek martxoaren 19an abiatuko dute munduan herri batek bere hizkuntzaren alde egiten duen ekimenik jendetsuena. Ehunka milaka pertsonak hartuko dute parte hizkuntza beraren sinbolo den lekuko bat eskuz esku elkarri pasaz etenik gabe. Hamaika egunez eta hamar gauez, 210 orduz luzatuko duten festan 2.300 kilometro inguru egingo dituzte Euskal Herriko hiri eta herri gehienak lotuz korrika. Frantziako Estatuaren hegoaldean eta Espainiako Estatuaren iparraldean dago Euskal Herria, Europan.

Ondorengo bideoan ikus daitezke Korrikaren azken edizioko irudi batzuk:

Lekukoan mezu sekretu bat sartzen dute antolatzaileek, eta milaka lagunen eskuetatik pasa ostean, amaierako festa ekitaldian irakurtzen dute. Euskaldunen ikurra daraman egurrezko lekukoa eramatea ohoretzat hartu ohi dute eta norbanako, elkarte eta erakundeek kilometroak “erosten” dituzte hizkuntzaren alde. Euskara irakasteaz eta helduak euskaraz alfabetatzeaz arduratzen den AEK herri-eskolek antolatzen dute eta crowdfunding erraldoi honetan jasotako dirua berentzat da.

Euskara desagertzeko zorian izan da eta oraindik ere milioi bat hiztunen bueltan dabilen hizkuntza hau, UNESCOren arabera, desagertzeko arriskuan dago, leku batzuetan nabarmen. Gune batzuetan ofiziala da, nahiz eta lurraldearen parterik handienean ez den. Korrikak guztia lotzen du jai giroan. Euskararen aldeko jarrera aktiboa duten herritarrek ekimena beren hiri, herri edo auzotik igarotzen dela baliatzen dute hizkuntzaren aldeko ekintzak antolatu eta aldarrikapenak kalera ateratzeko.

Korrika ekimena, AEK antolatzailea bezala, gizarte zibiletik sortutako ekimena da, bi urtean behin egiten da eta 19. edizioa du aurtengoa. Daukan arrakasta ikusita, beste hainbat hizkuntza gutxitutako komunitateak ere beren herrietan antolatzen hasiak dira: Katalunian, Irlandan, Bretainian, Galesen, Galizian eta Aran bailaran bertako hizkuntzen alde korri egiten dute.

Zergatik behar du euskarak Korrika?

Euskarak atzerakada handia jasan du iragan hurbilean, batez ere azken hiru mendeetan. Euskaraz bakarrik jakiteagatik burlak, isunak, jipoiak eta beste jaso izan dituzte euskaldunek. Gauzak horrela, beste faktore politiko askoren artean, jazarpen psikologikoak paper garrantzitsua jokatu du herritarrek beren hizkuntza alda zezaten. Euskararen aurka Espainiaren eta Frantziaren hizkuntza politikek eragin zuzena izan dute, hizkuntzalari gehienak ados daudenez.

Eraztuna euskarak jasan duen zapalkuntzaren ikurrik gogorrenetarikoa da. Euskaraz hitz egitea debekatua zen eskolan, eta irakasleak umeren bat hizkuntza horretan ari zela entzuten zuenean, eraztuna ematen zion, hark gauza bera egin zezan bere lagunen artean. Haurrek elkar sala zezatela sustatu eta aste amaieran eraztuna zeukana zigortu egiten zuten, fisikoki askotan. Beren hizkuntza gorrotatzera iritsi ziren asko, eta gerora seme-alabei ez transmititzea erabaki zuten, beraiek sufritutakoa paira ez zezaten. Euskal Herri osoan jaso diren testigantzek agerian uzten dute eraztunaren praktika orokortua izan dela azken bi mendeetan gutxienez, eta oraindik bizirik dago berau sufritu zuen herritar asko.

Espainian erabat debekatu zuten euskara ia 40 urte iraun zuen diktaduran, kalez jantzitako Guardia Urbanoak ezartzera iritsiz, jendea zein hizkuntzatan ari zen zelatatu eta zigortzeko. Euskara bizitza publikotik ia erabat ezabatu zuten, modernitatearen kontrako hizkuntza gisa aurkeztuz.

50eko hamarkadan hasita, eta 60koan indartuta, klandestinoki antolatu eta etxeetan eskolak sortu zituzten Euskal Herrian. Hizkuntzaren aldeko mugimendu eraberritua jaio zen orduan. 70eko hamarkadan, giro politikoa pil-pilean zela, milaka pertsonak beren buruak alfabetatu zituzten, eta horretarako AEK eskolak sortu zituen mugimendu euskaltzaleak. Behin Espainiako diktadura amaituta, 1980an, finantziazio beharrez, Korrika sortu zuten garaiko ameslari batzuek.

Ordutik 35 urte igaro diren arren, euskara ez da ofiziala berau hitz egiten den lurraldearen parterik handienean. Eremu horietan, eskola publikoek euskaraz ikasteko aukera eskaintzen ez dutenez, milaka haurrek milaka kilometro egin behar dituzte urtean, beste herri batean dagoen ikastolan euskaraz ikasteko. Euskara ofiziala den eremuan, bertako erakundeekin elkarlanean aurrerapauso nabarmenak eman diren arren, Espainiako Gobernuak euskaraz funtzionatzen duten udalen aurka salaketak jartzen ditu. Horrez gain, euskaldunen memorian iltzatuta geratu da herritarrek jarritako diruarekin sortutako euskarazko egunkari bakarra nola itxi zuen Espainiako poliziak 2003an, Egunkaria izenekoa, bertako zuzendaritzako kideak torturatuz. Frantziako Estatuan frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra, eta euskaraz irakasten duten ikastolen aurkako epaiketak izan dira, baita joan den urtarrilean euskara ofizial izendatu zuen herriaren aurkako salaketa ere.

“Euskara da kanpora eta denok Korrikara”

Munduko 7.000 hizkuntzatik erdiak mende honetan desagertuko direla diote aditu batzuek. Oraindik hizkuntza normalizatzeko lan eskerga egin beharko badute ere, Euskal Herrian ez dute hizkuntza galtzen utzi.

“Euskara da gure territorio libre bakarra”, “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik” edo “Zein ederra zen zu euskaraz entzutea” gisako esaldiak Euskal Herriko etxe, kamiseta, komertzio eta taberna ugaritan irakur daitezke. Ehunka boluntarioren lana eskatzen duen Korrika ekimen erraldoia herri gisa aurrera ateratzeak ematen duen harrotasunez, milaka herritar anonimok hizkuntzaren aldeko lanean jarraitzeko energia pilatuko dute, beren buruak ahalduntzeko eta munduan ikuspegi propioz bizitzen jarraitzeko.

Korrikaren aurtengo ibilbidea:

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak