Uztailaren hastapena da. Urteko bidaia egin behar duela, Raoul-ek aurten Euskal Herria hautatu du bere familiañoarekin. Oren parrasta bat iraun duen bidaia bururatzera doa. Autoaren gibelean, usaian bezala, haurrak ezin jasanak dira: goxoki guziak janak dituzte, hautatu filmak begiratuak eta «konzola» amak dauka bere zakuan gorderik kalapita gorria sortzen zuelakoan! Hots deus berezirik.
Dena-den gure herri batean sartzen dira eta ohartzen dira bide-borobil eta untzietako liliak burdinez inguratuak direla; karrika bazterrean diren etxe eta saltegien berinak, taulazko hesiz gordeak direla!
– Hau bitxikeria, dio Raoul-ek, iduri luke abere talde baten pasaia prestatua dutela!
– Badakizu maitea, artaldeak eta behi tropak sasoin huntan igortzen dituzte mendirat, haien bidea prestatua dukete!
– Menturaz …. Aizu bihotza, nola deitzen da gure herria, hurbilduak gira ez, engoitik?
– GPS-ak dio hamabost kilometroren buruan dela.
Loriatuak gure bazter perdeeri so helbururat heltzen ari direla, ondoko herrian sartzen dira:
bazterrak zikin-zikinak dira karrikak basoz emokatuak, han-hemenka goitika tara batzu, piza zarraztak, paperak, janari undarrak eta…aintzineko herrian bezala bazter guziak burdinez hetsiak!
– Zer gertatu da hemen?
– Delako abereak hemendik pastu ditazke!
– Bainan ene sukre mokorra, abereek ez dute holakorik jaten, basoetan edaten eta holako usainik uzten!
Alokatu duten etxerat heltzen dira eta jabea ateratzen da:
– Egun on jaun-andereak eta ongi etorri gure herrirat, bidaia ona egin duzue?
– Egun on zuri ere jauna, biziki ongi iragan da bidaia, bainan errazu zer gertatu da hemen, bazter guziak zikinak eta burdineztatuak dira!
– Ah, herriko pestak ziren atzo arrats arte. Jendea trumilka etorri da. Heldu den asteburuan auzo herriaren aldi izanen da, nahi baduzue joaiten ahalko zirezte.
– Ikusiko, ez du gogo haundirik emaiten! Bon, gure apartamendua erakusten diguzu?