Aurten, Herri Urrats Xiberotar eta Baxenafartar ikasleak biltzen dituen Manex Erdozainzi Etxart Kolegioaren alde, hots MEEKen alde, izanen da. Ipar Euskal Herriko barnekaldea husten ari den bitartean, 11 eta 14 urte bitarteko gazteak biltzen dituen Kolegioa garapen betean da. Xiberoako eta Baxenafarroaren etorkizuna dira aurten MEEKen diren 190 ikasleak. Prefosta hots, “noski baietz” lemarekin, mezu baikorra zabaldu nahi da, euskara eta ikastolen garapena ona dela, bainan erran behar da ere lortzen dena beti borrokaren bidez egiten dela, adibidez MEEKen IEP edo Inklusiorako Egitura Pedagogikoaren idekitzea lortu da borrokatuz, brebeta euskaraz lortuko da ere beti borrokatuz.
Herri Urrats 2018 “Prefosta” xiberotar lemapean
MEE Kolegioaren ikasleen herena Xiberokoa da, eta lema horrekin begi kliska bat egin nahi izan da egunero Xiberotik etortzen diren ikasleei.
Azken inkesta sozio linguistikoak erakusten duen bezala,Ipar euskal herriko euskararen egoera onena Nafarroa Beherean eta Xiberoan da.
Proporzionalki, Nafarroa Beherea eta Xiberoa dira euskaldunen ehunekorik handiena duten lurraldeak (% 49,5). Halaber, bi lurralde hauetan dira euskaraz hitz egiteko erraztasun gehiago duten euskaldunak.
Horrez gain, biztanleriaren erdiaren baino gehiagoren lehen hizkuntza euskara da (%46,8k euskara soilik jaso du etxean eta % 9,7k euskara eta erdara), ulertuko da PREFOSTA ! euskaraz ikasten eta bizitzen dela barnekaldean.
Baina ez da lokartu behar. Urte batetik bestera hiztun kopuruak beheiti doaz barnekaldean eta ikastolek euskara biziberritzeko duten rola arrunt estrategikoa da.
Ondorioz, alabainan kolegioa tipiegia geratu da! Barnekaldeko jendeak euskararekin duen atxikimendua hemen frogatzen da : gero ta ikasle gehiago ditugu Xibero eta Baxe Nafarroko ikastoletan, eta MEEKen.
Prefosta lemarekin, mezu baikorra zabaldu nahi da, euskara eta ikastolen garapena ona dela, bainan erran behar da ere lortzen dena beti borrokaren bidez egiten dela, adibidez MEEKen IEP edo Inklusiorako Egitura Pedagogikoaren idekitzea lortu da borrokatuz, brebeta euskaraz lortuko da ere beti borrokatuz.
Logoa
Aurtengo lemari irudia emateko, Donapauleko Bixoko agentzia hautatu dute Herri Urratsekoek. Honetan, ikasle oihak edo ikastolako burasoak ari baitira lanean, lema horren gibelean antolatzaileek zuten asmoa ulertu dute berehala.
Prefostaren erranahiatik abiatuz, elementu grafiko bat sortu dute bi kontzeptu kontutan hartuz:
a/ intuizioa, ideia : argiontzi edo punpuila irudikatu dute O hizkia elementu grafikoa bilakaraziz
b/ Begi kliska : O hizkiari begi kliskaren irudia gehitu diote.
Helburuak
Aurten, Herri Urrats Xiberotar eta Baxenafartar ikasleak biltzen dituen Manex Erdozainzi Etxart Kolegioaren alde (MEEK) izanen da. Ipar Euskal Herriko barnekaldea husten ari den bitartean, 11 eta 14 urte bitarteko gazteak biltzen dituen Kolegioa garapen betean da. Xiberoako eta Baxenafarroaren etorkizuna dira aurten MEEKen diren 190 ikasleak.
Manex Erdozainzi Etxart Kolegioa
1999 urtean Baxe Nafarroko olerkari ospetsu baten izeneko ikastetxea sortu zutelarik, Donaixtiko herrian kokatu zuten, Xiberoko Ozkaxeko lepoko bidean dagoen azken Nafartar herrian. Hastapenetik, Seaskako Kolegioak geografikoki ere bi probintzien arteko zubi kulturala izanen zela azpimarratzen zuen.
Bainan garai horietan kurtsoak egiteko erabiltzen ziren udako zentroaren gelak laster sobera txikiak geratu ziren eta 2007 urtean eskualdeko buraso, ikasle eta euskalzale lagun guziak elkartu ziren « Pagatxa » kanpainaren karietan, Lartzabale herrian ikastetxe berri baten eraikiarazteko.
Geroztik, egoitza berrietan kokatu den kolegioaren kopuruak etengabe igo dira eta gaur egun eraikinak sobera hertsiak dira, geroz eta ikasle gehiagoren aterbetzeko. Iaz 158 ikasle ziren, aurten 190 eta heldu den urtean 220etik goiti !
Larzabalen kokatua den kolegioak Aloze, Sohüta, Amikuze, Oztibarre, Garazi, Azkarate, Baigorri eta Ortzaizeko lehen hezkuntzako ikastoletatik heldu diren ikasleak eskolatzen ditu bigarren hezkuntzan. Kolegioan 4 urte pasatu ondoren, Baionako Etxepare lizeora joaten dira ikasleak.
Azken urteotan Seaskak lehen mailetan ukan duen uhaina kolegioetara heltzen ari da. Xalbador handitu ondoren, aurten Baionan kolegio berria ideki da. Baina uhain hori barnekalderaino heldu da, eta Larzabalen den Seaskaren Kolegioa ere handitu beharrean dira.
Lau ikasgela eskas dituzte MEEKn: 2 kurtso gela, laborategi bat eta bertze gela bat ahalmen urriko ikasleen segipena segurtatzen duen IEParendako (« inklusiorako egitura pedagogikoa »)