Battittu Coyos
Erran dezagun lerro hauen idazlea ez dela pastoralean aditua; pastorazale baizik ez da, urte oroz, anitz bezala, Zuberoako pastoralaren ikustera doana.
Oroitaraz dezagun ere Jean-Louis Davant zuberotar euskaltzainak Pierre Lhanderi buruz pastoral bat idatzi zuela eta 2007an argitaratu Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarian, Aita Pierre Lhanderen lanak izenburuarekin (www.euskaltzaindia.eus/dok/euskera/71474.pdf).
Baina Iruri eta Zalgize herri auzoetako herritarrek ez dute testu hori hautatu; Renaud-Coulon andereak frantsesez idatzi zuen testua lehenetsi dute eta euskararazi.
Pastoralaren liburuxkan itzultzaile izenik ez dago. Renaud-Coulon anderea Zalgizeko Apphatia etxearen oraingo jabea da eta han bizi izan zen aita Lhande. Hori erranik, atzoko (2015/07/26) pastorala gozatu dut.
Harritzen nauena da bereziki nola, urte oroz, Zuberoako herri ttipi bateko jendeak ikuskari ederra egiten kausitzen duen. Prefosta laguntzaile, ohargile eta irakasle badituzte (errejenta, dantza irakaslea, kantu gidaria, arropa asmatzailea…).Baina, dena den, zer lana! Eta zer lan ederra!
Zonbaiten ustez oraingo pastoralak arizale kopuruaz handiegi dira, landuegi, koloretsuegi, frantsesez erraiten den bezala “politikoki zuzena” etab.
Halere zer emaitza eta zer arrakasta! Nola nahi ere, delako kultura herrikoiaren adibide on bat.
Segur gaude datorren urtean ere Atharratzek bere pastorala kausituko duela.
Pastoral testuaren izena trajeria baita zubereraz, erran dezakegu Pierre Llanderen bizia tragedia izan zela, bizi publiko arras aberatsa izanik ondoan, goizik eri izan baitzen eta luzaz elbarritu egon afasia batek jorik.