Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
“Nazio” bat egin ote daiteke umiliazio logikatik ateratu gabe? Ikerketa webgune batetik ateratzen dut galdera. Artikulu batean, Picardie eskualdeko unibertsitateko historialari batek galdera hau pausatzen zuen aipatuz ze nolako jarrera duen Frantziako poliziak edo bere osotasunean Frantziako Estatuak immigrazio belaunaldietatik sortuak diren gazteen aitzinean. Bere artikulua idazten zuen Emmanuel Macron presidentearen hitz batzuen ondotik. Ikertzailearen arabera, Frantziak joan den udan ezagutu zituen jazarraldiek (Nahel gaztearen erahilketaren ondotik) lotura bat dute ikuspegi post-kolonial batekin.
Bi hitzez eta karikaturan sartu gabe, artikuluan idazten du nagusiki etorkinak bizi diren auzoetan, poliziak eramaten dituen kontrolak edo segurtatzen duen egoera lot daitezkela frantses kolonietan aplikatzen ziren pentsatzeko eta egiteko moldeekin. Hari beretik, Macron presidenteak leitmotiv bat agertu du : “faire nation”.
Azpimarratzekoa da errezeta berezia duela prozesu hau gauzatzeko, osagai batzuk partekatzen ditu mugimendu abertzalearekin aipatzen duelarik printzipio batzuen transmisioa edo hizkuntza edo kulturaren garrantzia.
Historikoki, “nazio bat egitea” borondate bat da, Ernest Renan idazle eta historialari frantsesak erraten zuen bezala, “eguneroko plebiszitua“. Prozesu kolektiboa da, desafioa baita egitura politiko bat osatzea, kontuan hartzen duena lurralde bat eta han bizi den populazio edo jendarte anitza. Frantziako presidenteak eskola ikusten du oinarri bat bezala nazioa berriz sortzeko, aipatu ditu bereziki Historia programak. Bistan dena, holakoetan, Historia beti deitua da gauzak konpontzeko… edo ez! Beste osagai batzuk sartzen ditu ere nazioa segurtatzeko, eramaten duen eskuineko ikuspuntutik “balore” batzuen inguruan, abertzaleek partekatzen ez ditugunak. Euskal Herriaren egoerari edo problematikari lotzen bagira (eta sentitzen da bihurgune batean kokatzen girela gaur egun), interesgarria da aipatzen dudan artikuluaren galdera pausatzea. Umiliazioak, ukatzeak, tentsioak izan dira eta badira beti gure herrian. Euskal Nazio bat badela ez dugu dudarik eta gure aurkariek hori argi dute, argumentatzen badute ere kontrarioa frogatzeko.
Abertzaleek desafio handia dute, euskal nazio batetik Euskal Herri egitura bat eraiki behar dute. Desafio pottoloa da kontuan hartzen badira Ama Lurra mailako testuingurua eta haren problematikak.
Noski, euskal komunitateak edo abertzaleek pairatu dituzte umiliazo anitz eta bidea luzea izanen da oraindik zauri batzuk goxatzeko edo sendatzeko. Aldi berean, euskal gatazkak piztu dituen tentsioak, erresuminak edo bortizkeriak behar ditu euskal jendarteak bere gain hartu. Azkenik, abertzaleek ditugu indarrak egiteko jendeak gure proiektuari jinarazteko, konbentzitzeko eta integratzeko. Ez da gauza errexa baina nazio bat egiteko, baitezpadakoa da lan pedagogikoa eramatea, hainbat eremutan garaipen ttipi batzuk lortu dira jadanik.