Murgiltze eredua defenda dezagun!

PrintFriendly and PDF

EuskaraZIkasi

Euskal Konfederazioa & Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboa

Ez dugu utziko gobernu hau gure eskolak hesten, gure hizkuntz eskubideak zangopilatzen eta euskaraz bizitzeko dugun asmo fermua itotzen. Maiatzaren 29an, 16:00etan, denak Baionako Lauga kiroldegiaren aitzinera “Euskarak murgiltzea behar du – L’immersif en danger” lemapean iraganen den manifestaldira.

Apirilaren 8an euskararen defendatzaileak eta euskaltzaleak poztu ginen ikustean lurralde hizkuntzei buruzko “Molac Legea” gehiengo zabalez onartu zutela Asanblean: 1951tik lehen aldia zen horrelako legea bozkatzen zutela eta egiazko aitzinamenduak – bereziki irakaskuntzan – gertatuko zirenaren esperantza handia sortu zen.

Bainan pozak 14 egun besterik ez zuen iraun, La République en Marche taldeko 61 diputatuk Kontseilu konstituzionalean helegitea pausatzea erabaki arte, azken egunean. Haserrea zen orduan guregan piztu, haserre gorria jakin genuelarik gainera helegite hori Jean-Michel Blanquer hezkuntza ministroak berak gidatu zuela, diputatu batzuen adostasuna maltzurki lortuz.

Kontseilu konstituzionalak maiatzaren 21ean eman du deliberoa. Diputatuen helegitea eskola forfaitari buruz bakarrik izanik ere, bagenekien Kontseilu konstituzionalak legearen beste artikuluak ere aztertzeko parada bazuela, nahi izanez gero. Jean-Michel Blanquer ministroak ere bazekien hori eta argi dugu forfaitari buruzko errekurtxoa aitzakia besterik ez zela Kontseilu konstituzionalak beste artikuluak ere begiratu eta zentsura zabalagoa egin zezan.

Eta halaxe egin du Kontseilu konstituzionalak. Zentsuratu ez duen forfaitari buruzko artikuluaz gain, beste bi artikulu aztertu ditu: zeinu diakritikoei buruzkoa lehena, esperimentaziotik pasa gabe eskola publikoan murgiltze eredua garatzeko posibilitateari buruzkoa bigarrena (gaur egun ipar Euskal Herrian 20 eskola publikok garatzen dute murgiltzea dispositibo horren pean). Frantses Konstituzioaren 2. artikuluaren irakurketa murritzailea eginez eta iritzi juridikoa baino iritzi politikoa emanez, bi artikulu hauek zentsuratu ditu.

Bainan murgiltzeari buruz, artikuluak zioena baino urrunago joan da Kontseilu konstituzionala, erabakiz eskola publikoan ez ezik zerbitzu publikoa segurtatzen duten ikastetxeetan ere konstituzioaren kontrakoa zela murgiltze eredua, hots sare katolikoan eta ikastoletan ere bai.

Espero genuen euskararen aldeko deliberoa, espero genuen hemendik goiti eskola publikoan murgiltze klase gehiago idekiko zirela esperimentazio dispositibo pisutik pasa gabe. Horren ordez, arrunt beste egoera batean gira nun idekitze proiektu berriak kolokan izateaz gain orain arte hamarkadeetan eta hiru irakaskuntza sareetan murgiltzearen inguruan egin guzia desagertzeko mehatxupean den!

Gibelapen kalitatiboa eta kuantitatiboa izateaz gain, gurasoek nahi duten irakaskuntza sarea eta irakasmoldea libreki hautatzeko eskubidea da urratzen duena erabaki horrek. Urriaren 10ean egin zuen bezala, Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak beste mobilizazio egun batetara deitzen du, maiatzaren 29ko. Euskal Konfederazioak eta hiru irakaskuntza sareetako guraso eta irakasle elkarteek mobilizatzera deitzen dute, maiatzaren 29an beraz, 16:00etan, Baionako Lauga kiroldegiaren aitzinean “Euskarak murgiltzea behar du – L’immersif en danger” lemapean.

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak