Beñat Oihartzabal
Mattin Larzabal hil zaigu! Ene belaunaldiko euskaltzale eta duela mende erdiko euskal miltanteentzat berri hitsa. Zinez, hitsa! Orok estimatzen eta maite genuen laguna baitzen Mattin. Gizon lagunkin, ele oneko, auzi eta kalapita alferrikakoen etsai, euskarari eta sorterriari errotik atxikia, beti prestik zagon hauen alde zerbaiten egiteko: galbidetik jalgiarazteko, eta alde bat hondatzetik edo osoki bestelakatzetik begiratzeko.
Euskaldun gisa, Elizaren jokabide askorekin frangotan ados ez izanagatik, etxetikako fede sosegagarria zebilkion gorputz-arimetan, horrek menturaz, barnez, segurtasun eta arinasun alegerazko bat, irriño batek maiz salatzen zuena, emaiten baitzion.
Baina, zergatik gorde eta ez aitor? Adin batean, lagunak joaitean, nori bere biziko puska osoak badoazkio.
Hala gertatzen niri ere egun: Bai, Mattin gogoan dudala, garai hartako oroitzapenak heldu zaizkit gogora. Bata bestearen gainetik, burrustaka. Eta badut uste orduko beste lagun batzuei ere berdin eginen zaiela: Amaia elkartearen udako euskal kultur egunak (1968-1970), Mattinek bezala, gazte andana batek egin baikenituen orduan zenbait jende, guretzat bihotz emaile zirenen ezagutzak: M. Pagolaren kantu airosak, Txillardegiren irakaspen gogoetagarriak, Etxamendi eta Larralderen xaramela denboraz kanpokoak, T. Montzonen hitzaldi xoragarriak, X. Leteren olerki kantore urragarrietan musikatuak, Pantxoa eta Peioren lehenbiziko gazteen aitzineko emanaldiak, P.Larzabalen, M. Legasseren eta P. Laffitteren kondakizunak gerla aitzineko abertzalegoaren hastapenez.
Nola ez aipa, bestalde, Mende Berri gazte taldeak Baionan zuen egoitza bitxi hura, nehor gutik irakur zitzazkeen euskal liburuz betea, gero, udako Iparraldeko lehenbiziko alfabetatzeko eta euskalduntzeko lehen udako ikastaldiak (1972), Mattin, L. Aizagerre, P. Zabaleta eta izenik orain gogora ezin dudan beste bat edo biga ere (lerro hauek irakurtzen badituzte, barka diezadatela) irakasle ginelarik; ahantzi gabe, Baionako Eliza nagusiko gose greba zalapartatsu hura, Mattinek ere, bere nahiz, baina ederki gostarik nik uste, bi astez edo goserik egon behar izan baitzuen. Francoren azkenaren eta ondoko urteetako Herriaren alde talde aktibistaren gauetako afitxatze basa, lehergarri haiek… Hitz euskal aldizkariaren sortzea, haren orrialdeak borondate onez kazetari talentuz baino gehiago belzten baigenituen. Baziren haatik, batzu, luma euskararen tintan bestek baino hobeki bustitzeko erraztasun gehiago zutenak…
Preseski, Mattinen lehenbiziko euskarazko artikuluak, nik uste, Hitz hartan atera ziren, Txema Larrea akuilatzaile, Mugalde Hendaiako sofrezko moldiztegian, non ez ziren ordu haietan, Gabi, Jean-Roch eta Ellandek, ahal bezala inprimatzen zuten Gernika izeneko gazte hilabetekari elebidunean egin.
Handik laster, Gure Irratia euskarazko irratia sortu zen eta haste-hastetik Mattin haren sortzaile-partaideetarik izan zen, gisa horretan bizi guziko euskal kazetari ibilbide batean sartzen baitzen. Ez nituzke oroiminez beterikako hitz hauek, Mattinen bizilaguna, Maddi, eta familia guzia, bereziki seme-alabak eta semetxi-alabatxiak, aipatu gabe bururaratu nahi.
Dakitela, beraz, anitz girela egun hauetan Euskal Herriko xoko honetan, bihotzez, haien penetan, haiekin bat egiten dugunak.
Mattinek preziatuko zuen, dudarik batere gabe, Iparraldeko gazte denborako lagunak eta adiskideak oro, etxekoekin batean, haren hilotzaren aitzinean, gogorapenetan eta bihozminetan, gogoz denak bat, bildurik ginauden. Goizegi joan hitzaigu, Mattin.
Irakurtzen diat hire ezpainetako irriñoan eta begieako ñirñirrean hire ihardespena: betierekoak azkena luze duela eta hik pazientzia labur… Halere, igurika gitzak, eskapurik gabe gu ere horratzekoak baikira. Heldu gitzauzkik, beraz. Sarri arte!