Euskal Elkargoa sortu da, eta handizki ospatu da haren lehen biltzar nagusia. Anitz txalotu da, espantu anitz egin da eta sekulako itxaropena agertu da honen bilakaera posibleei buruz, epe luzera begira, bistan da. Euskal Herriaren egituraketaren bidean egiten diren urratsak ongi etorriak dira beti. Baina urratsei ez zaie beti harrera mota bera egin.
Mende laurdena iragan da Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua sortu zirenetik. Eta “Pays” delakoa… Frantziako Gobernuak pixka bat lehenago proposatu zuen herri elkargo gisako bat sortzea Ipar Euskal Herrirako, baina proposamenak ez zuen harrera ona ukan, ez garai hartako hautetsi anitzengandik, ez eta ere abertzaleengandik.
Abertzaleek eskumen anitzeko Biltzar bat aldarrikatzen zuten, ez herri elkargo bat, bere eskumen mugatuekin.
Azkenean, Garapen Kontseiluarekin eta Hautetsien Kontseiluarekin konformatu behar. Abertzaleentzat “kusku hutsa” zen, ez zeukan ez botererik, ez aurrekonturik.
Kritikatu zuten, zorrozki; baina parte hartu zuten egitura haietan. Gogoeta talde bat zen, eta gogoeta haiek fruituak eman dituzte. Ipar Euskal Herriko mugimendu soziopolitiko eta ekonomikoak egin du bide geroztik.
Eta horren emaitza zen lehenik euskal departamenduaren eta gero Lurralde Kolektibitatearen aldeko adostasun zabala eta mobilizazioa. Eta azken emaitza izan da herri elkargo hau, Euskal Elkargoa.
Ez da heltzen minimoen minimoetara.
Espantu egiten da 200 milioi euroko aurrekontua duelako; baina hori diru guti da. Eskumen guti dauka, ez dauka botere politikorik. Egitura berri horren gabeziak irmoki salatzeak ez du erran nahi bizkarra eman behar zaionik; aukera, tresna eta bilgune guztiak baliatu behar dira herri hau aitzina eraman ahal izateko.
Baina orain egiten den komunikazio ariketa guztiz beste muturrekoa da. Euforia zen urtarrilaren 23an. Sekulako garaipen eta aitzinamendua bezala aurkeztu zen Euskal Elkargoa.
Zergatik ote, zinez badakigularik ez dela hala? Zergatik orain espantuak eta lehen ez?
Erantzuna 2011n dago.
Euskal Herriak mende erdia iragan du zalaparta bizian, indepenentzia lortzeko borrokan. Hilak, presoak, torturatuak, mehatxatuak, irainak, kalapita biziak… Sekulakoak jasan ditu herri honek, baina deus ez da lortu. Borroka armatua gelditu zen, beste erremediorik ez zuelako.
Ipar Irlanda eredu izan ondoan zenbait hamarkadaz, Eskozia eta Katalunia agertu dira denen bistara. Eta Euskal Herrian aitzinamendurik ez. Eta beraz, frustrazioa saihesteko, herriari bozkario bat eman nahi izan zaio, horretarako sinetsaraziz Euskal Elkargoa sekulako garaipena dela.
Kontsolamendu bat. Marketing hutsa da.
Eta espantu horiek ulertu behar dira, baita ere, euskal estatua EAErako bakarrik onartzearekin (Sortuk lehen aldikoz onartu du urte luzetan HBk eta Batasunak arbuiatu izan dutena): hori justifikatzeko ozenki errepikatzen da Ipar Euskal Herriak jauzi handi bat egin duela.
Baina, berez, Euskal Elkargo hori hainbeste ederrestea eta txalotzea, herriari gezurra erratea da.
Hobe da irakurketa baikorrak neurrian egitea.
Urrats bat da, Garapen Kontseilua urrats bat izan zen hein berean. Orain, zer egin eta nola jokatu tresna berri horri ahal bezainbat etekin ateratzeko? Nora bideratu? Sobera denbora pasatzera utzi gabe, lehentasunezko neurri bat izan daiteke Hego Euskal Herriko erakunde politikoekin batean, erakunde berri bat sortzea, Euskal Herri osoko politikak pentsatuko dituena, etorkizunean bakoitzak eginen dituen politikak, horren araberakoak izateko.