Euskal Herrian, denek lurra nahi dute. Lurra, elikatzeko helburuarekin? Ez da errana. Gehienetan, lurra euskarri gisa hartua da: gure bideak, tren bideak, lan eremuak edo etxeak eraikitzeko, eta gero ta gehiagotan, aberats batzuen plazerrarendako. Hori gertatu behar zen Arbonan, 15 hektareko lurretan. Lur bereganatze forma horrek ELB eta Lurzaindiako laborariak ASKI erratera eraman ditu ekainaren 23an. Geroztik okupazio luzea iragan da eta 4 hilabeteren ondotik, urriaren 24an geldituko da Lurramarekin.
Aurtengo edizio berezian, «Gure lurra, gure jatekoa» lema naturala izanen dugu. Hastapenetik, Lurramak loturak sortzeko asmoa izan du, laborari eta hiritarren artean, ekoizle eta kontsumitzaileen artean. Aurten oinarrizko lotura oroitarazi nahi diegu : lurra, eguzkia, urak elgarrekin dihardute jaten ditugun landareak, barazkiak, lekadunak, zerealak eta fruituak emateko, edo abereek jaten duten belarra, esnea eta haragia egiteko.
Eta gure etxetik hurbil dena jaten badugu, bioaniztasun landatua eta bertako arrazak babesten ditugu, energia aurrezten dugu, besteak beste garraioak tipituz. Burujabetzarako bidea hartzen dugu ere, gaurregun pairatzen dugun sistema liberala eta kapitalistak munduko beste puntan merke ekoiztuak diren elikagaiak kontsumitzera bultzatzen gaituztelarik. 2020ko martxoan pandemia hedatu delarik, halako dependentziaren mugak eta lanjerrak ikusi ahal izan ditugu. Eskasaren beldurrez supermerkatuetako apalak husten zirelarik, kontsumitzaileak ohartu dira haien etxe ondoan ekoizleak bazirela eta desberdinki kontsumitzen ahal zela.
Horregatik, lurra da babestu behar dugun baliabidea. Ez da bukaezina, eta lurra behin artifizializatu eta, ez da sekulan laborantzara itzuliko, ez da gehiago hazkurri emaile izanen! Eta segitzen badugu artifizializatzen, ez gira halere jatetik geldituko. Beraz, gure janaria beste leku batean ekoiztuko da, leku hortako jendeek berriz beste toki bateko ekoizpenak kontsumituko dituztelarik.
Iparraldean, 2015etik 2018ra 2450 hektare laborantza lur baino gehiago galdu ditugu (Saferen xifren arabera). EHLGk egindako lan baten arabera, epe hortan emendatu den jende kopurua elikatzeko, 6000 hektare laborantza lur beharko genituen. Lurraman lan hau aurkeztuko dugu: 2050eko lur beharrak, garatzen den biztanlegoaren elikadura beharrak oinarritzat hartuz, bi elikadura mota aztertuko dira, alde batetik gaurregun duguna eta bestetik osasuna, ingurumena, klima babesten duen eta defenditzen dugun laborantza modeloaren arabera, izan behar genukena.
Uste dugu Euskal Herriak elikadura burujabetzara joan behar duela, lurra babestu behar dugula bere elikatzeko funtzioa bermatzeko, eta orain baino barazki, lekadun eta fruitu gehiago ekoiztu beharko dugula. Horretarako, laborari gazteak plantatzen lagundu beharko ditugu, ez bortxaz laborari seme alabak, baina laborantza mundutik at direnak ere. Gazte horientzat lurra eskuratzea oztopo handia da. Gaurko aukerek, bakarrik edo kolektiboki eginik ere, lurraren bilakaeran eragina ukanen dute eta ondorioz gure elikaduraren etorkizunean!
LURRAMA 2021 ARBONAN !
Lurzaindia eta ELBk, eroslearen erretiratzea lortu eta, Arbonaren okupazioa urriaren 24ean amaituko dela jakinarazi dute.
Urriaren 24ak, okupazioaren 120garren eta azken eguna markatuko du.
120 egun espekulazioa eta laborantza lurren bereganatzearen kontra.
120 egun herritar, politikari eta elkarteek sustengatzen dutela.
120 egun jendea elkartzen dela eta trukatzen duela Iparraldeko lurren inguruan ezagutzen ditugun kezken inguruan ausnartzeko.
120 egun Lurramako arduradun eta laguntzaileek mobilizazioa laguntzen dugula eta ELB eta Lurzaindia sustengatzen dugula.
Borroka hortan eraman diren gogoetak dira, Miarritzen udazken guziz laborantza herrikoiaren saloinaren kari plazaratzen diren eztabaidak eta funtsezko galderak: amalurraren defenditzeko beharra, elikadura burujabetza, klimaren desafioeri aurre egiteko hurbileko laborantza elikatzaile baten mantentzea, tokiko politika iraunkor eta eraginkorren bultzatzea.
Urte berezia, formula ezohikoa
Egoeraren larritasuna, orain arte nehoiz ezagutu dugun okupazio azkarra eta nekez baztertzen dugun pandemia ikusirik, Lurramaren arduradunek manera berezi batez erantzutea erabaki dugu, eta mezu politiko azkarra zabaldu nahi dugu : ELB eta Lurzaindiaren borroka sustengatzen dugu eta adierazten diegu gure saloina Arbonara lekutuz.
Urriaren 24a bataila baten bukaera ospatzeko data garrantzitsua da, eta gure publikoa harat eraman nahi genuke. Bederen aurten, gure oinak lurraren gainean ezarriko ditugu, badu 15 urte defenditzen dugun lurra bera. Oinarrizkoari lotzeko parada.
Lurramaren banderola batean lurrari buruz irakur daiteke: behin saldua, betikotz galdua. Aurten, Arbonakoa ospatuko dugu, espekulazioaren errotaren petik salbatu duguna.
Gure usaiako laguntzaile, bisitatzaile eta partaide guziak gomitatzen ditugu, denek elgarrekin garaipena ospa dezagun !
Lurzaindia, aurtengo edizioaren gazama
Lurzaindiaren helburua da hazten gaituen lurra bilaka dadin ondasun kolektibo, nun laborariek laborantza herrikoian segitzen ahalko baitute edo plantatzen ahalko baitira.
Horren erdiesteko, hiru tresna eraiki ditu :
* Komandita :
2013ko hastapenean, LURZAINDIA Akziodunen Komanditako Sozietatea (frantsesez, SCA) sortu zen, eta LURRA Laborantza Lur Elkargoaren lekukoa hartu zuen (frantsesez, GFAM). Horrek, orduko, 262 ha erosiak zituen Ipar Euskal Herrian, jendearen suskripzioari esker. Laborantza-lurra « defendatu » behar zela konbentzituak ziren laborariek sustaturik, LURRA Laborantza Lur Elkargoak lehen lur eremuak erosi zituen, 1980an, Bithiriñan. 2000ko urteetatik aitzina, lurraren merkatuaren presioa eta lurraren artifizializazioa azkartu ziren, laborantzako ingurunetik heldu ez diren eta laborari bilakatu nahi duten pertsonei etxaldeen eskuratzeko zailtasun handiak emanez. GFA aldatu zen eta LURZAINDIA «komandita » bihurtu, bere misio berriei buru egiteko egokiagoa, laborantza-ondasunak (lurrak eta eraikinak) erosteko ahalmenarekin, aurrezki herrikoi eta elkartasunezkoari esker. Hola, laborari berriak instalatzeko edo etxalde ttipiak sendotzeko posibilitatea ematen du, etxeko laborantza atxikiz.
* Elkartea :
Elkarteak herritarrak eta elkargoak sentsibilizatzen eta mobilizatzen ditu laborantza-lurren zaintzearen eta atxikitzearen desafioari buruz; gainera, ekonomia soziala eta solidarioa sustatzen ditu, bereziki hazten gaituen lurraren —Ama lurraren— aldeko finantza solidarioa.
* Dotazio funtsa
Dotazio funtsak —funtsak, emaitzak eta legatuak bilduz— ingurumena errespetatzen duten eta laborantzako aktibitate iraunkorra eta kalitatezkoa garatzen duten laborantza-proiektuak sustengatzen ditu, lurraren eskurargarritasuna hobetuz.
Bere ekintzak
– Lurraren laborantza-erabilera zaindu, aldi berean lurraren bidezko prezio bat atxikiz
– Laborantza-lurra erosi, instalazio proiektuak edo etxalde ttipiak indartzeko, aldi berean laborantza herrikoia sustatuz
– Laborantzako lurren zaintzeari eta laborantza herrikoiaren atxikitzeari buruz sentsibilizatu
Eguneko Egitaraua
Goizeko 10etan, usaian bezala, hautetsiak eta partaideak errezibituko ditugu eguna estrenatzeko.
Ondotik, 10.30etan konferentzia « Zein lur eta elikadura politika Euskal Herriarentzat ? » izanen da. Laborantza lurretarik norbanakoen azitarainoko elikadura sistemari buruzko prospektiba lan bat aurkeztuko da. Ipar Euskal Herriko biztanleriaren elikadura beharretan oinarriturik laborantza ekoizpenen berlokalizazioa eta horretarako beharrezkoak diren lur eremueri begira dauzkagun aukerak eta mugak aztertuko dira. Laborantza, elikadura eta lurren kudeaketaren arteko loturari buruzko zenbaki eta datuak emanen dira, lurralde honetan oraino idekitzekoa den eztabaidaren oinarri gisa.
- Barazki, hesi eta zuhaitz landatzea : sasoina, lurra eta orientazioaren arabera zein mota aukeratu, lurra nola eta noiz landatu… Laborantza ganbarako teknikariak eta laguntzaile profesionalek haien aholkuak emanen dituzte.
- Sagar tinkatzea : Eztigar partaidetzarekin, sagarrak tinkatzen eta dastatzen ikasiko dugu.
- Ardi ile moztea : ikusleen plazerrarentzat, ardi ile moztea eskuz erakutsiko dugu.
- Haurren etxaldea : etxalde tipian, haurrek animale tipiak hunkitzen eta ferekatzen ahalko dituzte.
- Artzain txakur lanak : laborariek txakurrekin artaldea nola eramaten duten erakutsiko dute.
- Ibilaldi botanikoak : inguruko landareak eta bioaniztasuna deskubritzeko, ibilaldiak Berroeta inguruan antolatuak dira.
- Xaldi eta asto ibilaldiak
- Herri kirolak
Animazio musikalak / animations musicales
Ongi etorria Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsulariekin
12etatik 8ak arte, 2 ezena desberdinetan banatuak, konztertuak iraganen dira :
Kiki Bordatxo, Diabolo Kiwi, Anje Duhalde, Anari, Frigo, Xiberoots… eta txarangak !
LURRAMA 2021 INFO PRATIKOAK: Zuen prestakuntzarako aholkuak
Aparkaleku guti izanki joan jin zerbitzu urririk bada Miarritzetik (Iratiko gunea), Ahetzeko zentrotik pasatzen dena Arbonara joateko.
Goizeko 9etatik gaueko 9ak arte, 15 minuturo izanen dira. Inportantea da jendeak autobus hauek hartzea, bide bazterretan aparkatzea debekatua izanen baita !Bestalde, usaian bezala, barnekaldetik autobusak antolatuak dira.
- Mauletik Arbonara:
- Larzabaletik Arbonara:
Bi autobusentzat, itzultzea Arbonatik arratseko 8etan.
Txartelak 10€ -tan erosgai urriaren 11tik 20era:
Ainizan: Euskal Herriko Laborantza Ganbaran
Maulen : Xibero Bio