
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Poza eta lotsa, aurpegiaren bi aldeak parekatu zaizkigu maiatzaren 25eko asteburuan. Bi alde, bi gai, eta, beraz, bi sentimendu kontraesankorrak piztu zaizkigu Euskal Herrian. Poza, ustekabean, Parisetik etorri zaigu. Borroka luzearen ondotik euskaltzale guziek gozatu ahal izan duten garaipen polit bat lortu dute.
Aspaldikoa den Baxoa euskaraz iragan ahal izateko aldarrikapena erantzunik gabe zegoen azken urteotan, urtez urte ikasle belaunaldi ezberdinak aldarrikapen eta borrokarako bidean jarriz baxoko frogak pasa aitzineko asteetan. 2026ko maiatz hasiera honetan, ohiturari eutsiz ikasleek aurtengo ekainaren 12an iragan beharreko matematikako frogan “desobedientzia zibilera” joko zutela iragarri zuten. Une berean Seaskak, ekainaren 6an Bordelen manifestaldia egitera deitua zuen ere. Azterketak euskaraz egiteko eskubidearen inguruko auzi horretan, maiatz amaierako asteburuak argi izpi berri bat zabaldu zuela ematen du. Lehen izpia Peio Dufau eta Paul Molac diputatuen ahotik hedatu zaigu Parisek azterketak “hizkuntza gutxituetan egiteko arautzeko asmoa” zuela erran zutelarik, eta erran horiek baieztatu dira ondotik, Edouard Geffray frantses Hezkuntza ministroaren eskutik 2028ko frogetan “azterketa idatzi bat eta ahozko handiaren zati bat euskaraz egiteko aukera izanen” zutela zehaztu zuelarik erabaki hori sail elebidunaren zinezko aitortza bat zela nabarmenduz.
“Urteetan askaezina zirudien euskarazko azterketen korapiloa askatzen hasia dela ematen duelarik, korapilo ilun bat agertu zaigu Bizkaiko Loiuko aireportutik.”
Azterketen historiari behako bat ematen badiogu, ikasleei garai batez salbuespen bat onartu zieten historia eta geografiako ikasgaia euskaraz pasatzeko aukera emanez hainbat urtez, eta, 2012tik aitzina matematikako froga ere euskaraz egiteko aukera izan zuten hala nahi zuten ikasleek. Baina 2019an lizeoaren eta baxoaren erreforma onartu zenetik ikasleek frantses hutsean pasatu dituzte baxoko azterketak. Horiek horrela, erran daiteke azterketak euskaraz pasa ahal izateko kuadro bat finkatzea urrats garrantzitsua eta garaipen handia dela. Ikustekoa izanen da aurtengo frogetan ikasleek matematikak euskaraz egiteko erakutsi duten asmoari zer nolako erantzuna emanen dion frantses Hezkuntza ministeritzak, hots azterketak euskaraz zuzenduak izanen diren ala ez.
Urteetan askaezina zirudien euskarazko azterketen korapiloa askatzen hasia dela ematen duelarik, korapilo ilun bat agertu zaigu Bizkaiko Loiuko aireportutik. Beldurgarria, lotsagarria eta, bereziki kezkagarria eta larria egiten zaigun korapiloa da hau. Gazak jasaten duen blokeo egoera hausteko Sumud Global Flotilla izeneko misio zibil humanitarioa abiatu zen bertara. Israelek Flotillaren aurka jo, eta ehunez goiti atxilotutakoei abusuak eta tratu txarrak jasanarazi zizkien, haien artean lau Euskal Herritarri. Horiek Bizkaiko Loiuko aireportura iritsiak zirela, azkarki jipoitu zituen Ertzaintzak, nazioartean eta Israelen bertan gaitzetsia izan den gertakari bat Euskal Herrirantz bideratuz. Gazaren aldeko eta Israelen genozidioaren aurkako ekimenak eta adierazpenak etengabeak diren lurralde honetan, ulergaitzak eta larriak zaizkigu komunikabideetan zabaldu diren irudiak eta korapilo berri bat zabaltzen digute, baita galdera bat pizten ere: zergatik ote? Ondoko asteetan erne egon beharko dugu horren argitzeko.
