
Jose Manuel Pagoaga 81 urtetan zendu da. Bisitak Baigorriko Baigeroari hiletxean egiten ahalko dira abenduaren 15etik astelehena goizeko 9etan hasita asteazkena eguerdi arte. Ehorzketa abenduaren 17a asteazkenez izango da. Hitzordua emana da 15:00etan, Baigorriko Plaza Xokon.
Jarraian, Iparraldeko senideen komunikatua prentsari.
JOSE MANUEL PAGOAGAREN HERIOTZA ABISUA
Jose Manuel Pagoaga 1944ko maiatzaren 1tean Arrasateko Aranguren baserrian sortu zen familia euskaldun batean, zazpi anai-arrebetarik zaharrena. Aitak lan egiten zuen Cerajera lantegian eta amak etxaldean. Nerabetan industrial deseinua ikasi zuen eta gazterik lanean hasi zen. Garai berean Frankoren diktaduraren kontra eta Euskadiko askatasunaren alde borrokan sartu zen. 1964ko abenduan Arrasaten atxilotua izan zen eta Bergarako presondegian atxikia. 1965ean Madrilen epaitu zuten eta kargurik gabe itzuli zen herrira.
1968ko irailean Ekuadorrera alde egin zuen eta bertan egon bi urtez eskola profesional bateko irakasle eta zuzendari gisa. Handik itzuli zen Ipar Euskal Herrira 1971ko amaieran eta 1972ko hasieran iheslari politiko estatua lortu zuen Frantzian, non zehaztua den euskal jatorrikoa dela. Heriotza arte atxiki ahal izan duen euskal erbesteratuen bakarretarik da. 1974an ezkondu zen Iparraldeko andereño batekin. Bi semeen aita da eta lau arra-haur ditu.
Xibertako elkarrizketetan parte hartu zuen 1977ko apirilean, ez zuen onartu Nafarroa gabe osatu Euskadiko Autonomia. 1979ko urtarrilean, Donibane Lohitzunen, frantses mertzenarioek tirokatu zuten buruan eta gorputzean ihiziko armekin. Ondorioz zauri larriak jasan zituen eta bista galdu. 35 urte zituen eta bizi osorako %80ko ezintasunarekin gelditu zen. Atentatua espainol hiru talde parapolizialek beren gain hartu zuten. Horren hobendunak ez dira sekulan jujatuak izan: ez Frantzian, ezta Espainian.
80ko hamarkadan Galek eraili gudari gazteen omenaldietan hainbat hitzaldi eman ditu. Baita eritasunez hil diren iheslari edo herritarren ehorzketetan. Ezker abertzaleko zerrendetan bi aldiz hautagai izan da Hegoaldean. Euskal hedabideetan iritsi artikulu frango publikatu ditu. Gatazkari buruzko liburuetan eta filmetan lekukotasunak eman ditu euskaraz eta erdaraz. Horien artea: L’hypothèse démocratique frantses dokumentalean. Idazlea eta egur zizelkaria zen ere.
Jose Manuel Pagoaga zendu da 81 urterekin,1968an utzi zuen bere sortetxera itzuli gabe eta biktima izatearen onarpen ofizialik gabe: ez Frantzian, ez Espainian, ezta Euskadin orain arte. Hori da ukan duen saria Euskal Herriaren euskalduntasuna, batasuna eta askatasunaren alde bizi osoa ematearengatik. Agian noizbait eta nolabait justizia egina izanen zaio.

by