Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak, aurtengo Herri Urratsen aurkezpen Prentsa Aitzinekoan “Azterketak Euskaraz” egiteko eskubideari buruz egin hitz hartzean otsailaren 4ko mobilizapenaren berri eman du. Ostiral honetan, otsailaren 4ean, arratsaldeko 4:30tan Baionako geltokitik Baionako Suprefeturaraino luzatuko den jende kate ikusgarria antolatuko da Aturri bazterrean, Azterketak Euskaraz izan daitezen ozen aldarrikatzeko.
Hara Azterketak Euskaraz-i buruz egin hitz hartzea:
« Parisetik kontrakorik ez dioten bitartean, gure ikasleek Baxoko Berezitasuneko frogak pasako dituzte aste batzuen buruan, martxoaren 14ean.
Alta, ikasleek oraindik ez dakite zein hizkuntzetan egiten ahalko dituzten Berezitasuneko bi frogak. Abenduaren 14ko zirkularrak dio « froga batzuk euskaraz aurkezten » ahalko direla. Joan den astean izan genuen hitzordua Bordaleko Errektore anderearekin. Momentuz azaldu digunaren arabera, ez omen da deus erabakirik azterketen hizkuntzari dagokionez, baina berarekin izandako solasaldiak zinez kezkatu gaitu. Zirkularra aitzinatze bat izan ordez, gibelatze bat izateko arriskuan da.
Ahozko handia, partez euskaraz izanen zela adostu ginuen 2019an EEPrekin eta Errektoretzarekin izenpetu hitzarmenean. Errektoreak dio, aldiz, ikasle guziek ordez, Euskara berezitasun gisa dutenek bakarrik luketela euskaraz ahozko handia egiteko parada (100 Terminaleko ikasleetarik 10ek). Eta Berezitasunei dagokionez, zirkularra ez omen du « gu bezala interpretatzen » Errektore andereak…
Brebetari buruz, aldiz, zientzietako azterketa euskaraz egitea, « zuzenketarako teknikoki konplikatuegia ote » den adierazi digu. Errektoreak otsailaren 4a baino lehen erantzuteko engaiamendua hartu du. Baina guretako, erantzuna biziki argi da: EEPrekiko hitzarmena errespetatu beharko dute eta Ahozko Handia euskaraz egiteko aukera ikasle guziek izan beharko dute. Zirkularrak dion bezala, azterketa batzuk euskaraz egiteko aukera izan beharko dugu, eta ez 30 urtez gibelerat egin, orain arte gutienez Matematik eta Historia Geografia euskaraz egiteko parada baitzuten.
Eta Brebeta ekainean egitekoa denez, ez dugu onartuko antolaketa teknikoaren aitzakiarik, azterketa bakar baten zuzenketa antolatzeko 6 hilabete eskas direlarik!
Guretako ez da dudarik, azterketak euskaraz egiteko eskubidea dugu, eta Brebeta eta Baxoan ez badugu aitzinamendurik, gure eskubideak errespetatuak izan arte borrokatzeko prest gara.
Horregatik, Errektorearen erabakia otsailaren 4a aitzin helduko denez, otsailaren 4an Jende Kate baterako deia egiten dugu Baionan, borrokarako prestatuko gara, baldin eta Errektoreak gure haurren oinarrizko eskubideen kontrako erabakia hartuko balu.
Ostiralez, otsailaren 4ean, arratsaldeko 4:30tan Baionako geltokitik Baionako Suprefeturaraino luzatuko den jende kate ikusgarria antolatuko dugu Aturri bazterrean, Azterketak Euskaraz izan daitezen ozen aldarrikatzeko. »