Euskara eta murgiltze sistema osoa arriskuan ematen duen urte gaitza izan da.
Argi agertzen da 2013ko urtea biziki latza izan dela Seaskarentzat. Frantses administrazioak, Paueko Prefetaren eta Baionako Suprefetaren bitartez, euskara zapaltzeko gaitasuna duela erakutsi digu beste aldi batez. Fermuki Hendaiako, Beskoitzeko eta Hazparneko proiektuen aurka eginez, eztabaidatzeko aukerarik eman gabe, gobernuak euskararen ikasketaren garatzeari eta euskararen babesari oztopo egin dio. Horrez gain, ezezko horrek hurrengo urteetako hamabost bat proiektu dudan ezartzen ditu, hala nola Arberoa, Lekorne, Azkaine… Okerrago, gaur egungo murgiltze sistema guzia zalantzan ematen du, jakinez Itsasuko, Kanboko eta Senpereko ikastolak, besteak beste, Beskoitzeri berriki ezeztatuak izan zaizkion baldintza beretan direla (herrietako lurrak alokatzen dituzte).
Aterabidea guregandik etorriko da, mobilizatuak egon gaitezen!
Egoera ilun hortan, esperantza izpiak Herriko etxeetatik etorri dira, euskara sustatzeko nahikeriari uko egin nahi ez diotela erabaki baitute, baita ere biztanleengandik, ikastolei sustengu masiboa erakutsi baitute, IkasTalo Mani’festan adibidez.
Murgiltze metodoarentzat lege berezi bat onarraraztea izanen da Seaskaren borroka…
Izan ere, heldu diren urteetan Seaskak borroka bat eraman beharko du frantses gobernuaren aurka, azken horrek lege berezi bat onar dezan eskualdeetako hizkuntzen irakaskuntzaren alde eta Herriko etxeek ikastola proiektu berriak « legalki » sustenga ditzaten. Beste gutiengoak ere mobilizatzen dira eta hain segur mugimendu horiek fruituak emanen dituzte: urtarrilaren 22an, Europako hizkuntza gutituen karta onartzen duen lege konstituzional sozialista eztabaidatua izango da Legebiltzarrean. Haatik, azken horren berrespena luzea eta oztopoz betea izango da.
…eta guk, euskararen babesleek, gure borroka eramanen dugu, elgarrekin, beti egin dugun bezala.
Bitartean, frantses gobernatzaileek ez dute euskara lagunduko. Euskararen defendatzaile gisa, eginkizun hori gurea da. Ikastolak laguntzea helburutzat duen proiektu batean denak elgarrekin mobilizatzen bagira, Seaskaren egiazko garapena lortuko dugu. Hola izan da Ipar Euskal Herriko proiektu kolektibo haundi guzi hauentzat: Seaska, Herrikoa, GFA Lurra, EHLG, EHZ, Lurrama, Euskal Moneta, eta Lurzaindia, botere publikoen laguntzarik gabe sortuak izan direnak. Gizabanako gisa, ez gira buruz buru emanak Herriko etxeek ezagutzen dituzten legezko oztopoekin, eta hori da gure indarra.
Seaskaren Lagunak, Seaska laguntzeko elgarrekin asmatu behar dugun proiektu kolektiboa
Seaskaren Lagunak elkarteak, ikastolendako beste finantzamendu iturri batzuk aurkitzeko bidea idekiko digu. Hala nola dohaintza sistema masiboa, crowdfunding -a eta elgarrekin asmatuko ditugun beste guziak. Tresna horren biziarazteko gure mobilizazioa baizik ez da eskas.
Zu ere Euskararen geroak kezkatzen bazaitu, eta Sustrai COLINAk kantatu zuenarekin ados bazira: « Ikastola bat nahi dut Hendaian, Beskoitzen, Maulen, Garazin », zatoz Seaskaren Lagunak elkartearen biltzar sortzailean parte hartzera!
Seaskaren Lagunak elkartearen biltzar sortzailea
Urtarrilaren 18an, 10etan
Seaskaren egoitza, Route de la Pouponnière
64250 Kanbo
Andoni Alberdi (Hendaiako Ikastolako ikasle ohia), Patxi Bergara (Azkaingo Ikastolako ikasle ohia), Aize Duhalde (Miarritzeko Ikastolako ikasle ohia), Elisa Etcheverry (Miarritzeko Ikastolako ikasle ohia), Maialen Heguy-Lucu (Hazparneko Ikastolako ikasle ohia), Maia Larronde de Ajuriaguerra (Uztaritzeko Ikastolako ikasle ohia), Kepa Mouesca (Uztaritzeko Ikastolako ikasle ohia), Eki Solorzano (Azkaingo Ikastolako ikasle ohia)
Gure herria defenda dezagun
euskeraz egin dezagun, ni ere seaskaren lagun