Roberto Moso, Zarama taldeko kantaria eta kazetaria - Baionako jaietan nengoelarik, joan den udaran, atentzioa eman zidan abertzaletasunaren ikurrak –edo mugaren alde honetatik halakotzat ulertu ditugunak– nonahi agertzen zirela. Areago: Euskadi deitura, hemendik nahiko ofiziala bihurtu dena, erraz ikus zitekeen ikurrina ugarietan eta jai-zapietan. Ikurrina, bide batez esanda, udaletxean zegoen gainerako banderekin batera, inolako eztabaida sortu barik. Hori bai, frantsesa eta gaztelania euskara baino askoz gehiago entzuten zen, izan ere bakarrik zenbait plaza talderen abestietan eta AEKko egoitzan entzun nuen.
Hala ere, informazio ahuleko bisitariren batek nahiko giro nazionalistan murgilduta geundela suma zezakeen, bertako hauteskundeetan horrenbeste igartzen ez dena.