Jaitsi egin da euskararen erabilera Lapurdi, Behe Nafarroan eta Zuberoan. Euskaldunak ere gutxiago dira, eta gorantz egin duen adin tarte bakarra 16 eta 34 urte artekoena da. Argia.eus-etik, Irati Irazusta Jauregi.
Geroz eta gutxiago dira Ipar Euskal Herrian euskara erabiltzen dutenak; hala dio argitaratu berri den inkesta soziolinguistikoak. 2016an %8,1 ziren euskaraz erdaraz beste edo gehiago egiten zutenak, 2021ean, berriz, puntu bat gutxiago. Gehiengo zabalak beti erdaraz egiten du (%78,5ek), eta euskaraz erdaraz baino gutxiago egiten dutenena da talde txikiena, ehunetik batek baino ez baitu egiten.
Hala ere, adin tarteari erreparatuta badago esperantza izpirik. Izan ere, euskaraz erdaraz beste edo gehiago egin dutenetan 2011tik igo den adin tarte bakarra 16-24 bitartekoa da. Gehien jaitsi dena, berriz, 65 urtetik gorakoena, 16,6tik 9,4ra igaro baita.
Euskaldunen proportzioa jaitsi egin da, baina ez gehiegi. %20,5 ziren 2016an, eta gaur egun %20,1 dira.
Gune euskaldunenetan, hots, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, lehen baino gutxiago dira euskaldunak. Azken urteetan beherakada ez da nabarmena izan, baina 2001etik 2021era 13,4 puntu jaitsi da. Gazteen artean, ordea, gero eta gehiago dira euskara dakitenak. Azken bost urteetan 2,6 puntu igo da hizkuntza-gaitasuna.
Joera
Lehen hizkuntza gisa euskara dutenak geroz eta gutxiago dira; ia bi puntu jaitsi da kopurua azken bost urteetan, 15,9tik 13ra. Lehen hizkuntza gisa euskararekin batera beste bat dutenak asko dira. Adibidez, duela hamar urte 16 eta 24 urteen artean %5,7ren lehen hizkuntza euskara eta erdara ziren, eta %7,7rena euskara baino ez. Azken datuen arabera, berriz, %11,1ak ditu bi hizkuntza lehen hizkuntza bezala, eta 3,7k baino ez euskara hutsa.
Euskara ezagutzeko moduan ere aldaketa nabarmenak ari dira izaten. 2001etik 2021era %82tik %60ra jaitsi dira euskaldun zaharrak. Jatorrizko elebidunak %11tik %22ra, eta euskaldun berriak %7tik %17ra.
Bi gurasoak euskaldunak dituztenen artean, euskara hutsa geroz eta gutxiagok jasotzen dute, eta gehiagok euskara eta erdara, biak. Tendentzia hori azpimarratzekoa da belaunaldi gazteenetan, Adin tarte guztiak kontuan hartuta, %63 dira guraso horiengandik euskara baino jaso ez dutenak, baina gehienak 50 urtetik gorakoak. 16 eta 34 urte bitartekoen artean, %49 baino ez dira, eta bi hizkuntzak jaso dituztenak %27, batez bestekoa baino 11 puntu gehiago. Bi gurasoak euskaldunak izanda erdara baino jaso ez dutenak bostetik bat dira.
Irakaskuntzan ere gutxiago izan dira euskara lehenetsi dutenak azken urteetan. 2011n %18,6 ziren, eta hortik hamar urtera %16,5. Euskara eta frantsesa erabiltzen duten ikastetxeetako ikasle kopurua, berriz, igo egin da, eta frantses hutsean ikasten dutenak gutxiago dira.
Lurraldea
Erabilerari dagokion egoera kezkagarriena duen lurraldea BAM eremua da, hau da, Baiona, Angelu eta Miarritze (Lapurdi) biltzen dituena. Zonalde horretan beti erdaraz egiten du hamarretik bederatzik. Nafarroa Beherean eta Zuberoan, beti erdaraz egiten du ia biztanleriaren erdiak, baina beste erdiak euskara erabiltzen du, maiztasun handiagoarekin edo txikiagoarekin.