Independentziaz norekin?

PrintFriendly and PDF
Eneko Bidegain
Eneko Bidegain
Mondragon Unibertsitateko irakaslea, ikus-entzunezko komunikazioan. Berria-ko kazetari ohia. Idazlea.
Beste artikulu batzu

Independentzia

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Mugimendu abertzaleak diksurtso independentista berreskuratu behar duela erratean, galdera bat sortzen da berehala, berezizki zapalkuntza hezur-haragiraino sartua zaigun leku eta garaietan. Nola joan Lapurdiko kostaldean bizi den frantses edo euskaldun frantsestu batengana, independentziari buruzko diskurtso maximalista batekin? Beste galdera bat egin genezake: zergatik joan behar dugu, orain, errotik frantses sentitzen diren horiei independentziari buruz mintzatzera? Has gaitezen abertzaleen artean zabaltzen independentismoa, eta gero beren burua euskaldun sentitzen duten baina erregionalismo epel batean eroso daudenengana zabal dezagun solas hori.

Ohar gaitezen zein bilakaera izan duten Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen aldarrikapenek azken mende laurdenean: aldarrikapenak epeldu eta ekintzak apaldu dira. Duela ia 30 urte, autonomia aldarrikatzea epelegia zen batzuentzat, eta erradikalegia beste batzuentzat. 1993an Iparretarrak-ek aurkeztu zuen proiektuan agertzen zen autonomia estatutua Euskal Autonomia Erkidegoaren autonomia maila baino anitzez urrunago zihoan.

Frantziako Gobernutik heldu zen kontraproposamena zen herri elkargo bat sortzea. Mugimendu abertzaleak baztertu zuen, Euskal Herriaz trufatzea zelakoan. Azkenean ez zen izan ez autonomia, ez departamendu, ez herri elkargorik. Giro hartan, mugimendu abertzalea alderdi politiko frantsesetako kideekin harremanak sakontzen hasi zen duela 25-28 urte, bereziki Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua sortu zirenean.

Aski laster, ezker abertzaletik eskuin frantseserainoko hainbat kideren adostasun zabal bat lortu zen euskal departamendua eskatzeko (eta euskararen ofizialtasuna, berezko unibertsitate bat eta laborantza ganbera bat; baina lehen biak bazterrean utzi ziren, eta hirugarrena herri ekimenez sortu zen).

Aldarrikapen politiko haren apaltze hark eta abertzaleen aurkariekin elkartzeak dakarren izaera lausotzeak ez zuen biderik eman departamendua lortzeko. 2000ko hamarkadaren erditsutako parentesia batean autonomiaren gaia itzuli zen ahapeka. Gero Lurralde Kolektibitatearen aldeko adostasun zabal bat lortu zen (autonomiara hurbiltzen den egitura bat, nola edo hala), baina Frantziako Gobernuak proposatu herri elkargoarekin (hogei urte lehenago baztertutakoarekin) emozionatu ziren abertzale anitz. Eta jarraitzen dugu frantsesekin (Frantziaren proiektu politikoa dudan jartzen ez dutenekin, zentralismoa kritikatzen badute ere) elkarlanean, Euskal Elkargoan, herriko etxeetan…

Agenda instituzionala guztiz nagusitu zaigu, eta postura politiko erradikala (erran nahi baita arazoaroen erroetara joaten dena) armairu zoko batean utzi dugu hauts artean itotzen.

25 bat urte iragan dira. Gaur egungo 25 urteko gazte batek ez du bizi izan, Ipar Euskal Herrian, helburu politiko horren agerraldirik (eta kasu, Hego Euskal Herrian ere independentziaren aldarrikapena armairu zoko batean ari da hauts artean ahantzia izaten). Politika instituzionalari eta epe laburreko agendari eman zaien erabateko lehentasunak estali ditu gure herriaren askatasun aldarrikapena eta lurraldetasuna. Hurbildu gara, beharbada, abertzaleak ez diren baina abertzaleekin zerbait egin lezaketenengana, baina urrundu gara gure oinarrizko helburu politikoetatik eta helburu horietatik urrundu ditugu abertzaleak eta, oroz gainetik, abertzale gazteak.

Sendotu gaitezen lehenik gu, gure independentismoan. Sendotuko garenean ausartago izanen gara besteengana ere hitz horrekin joaten. Eta, hain segur, estrategiak eta lehentasunak beste lan batzuetan jarriko genituzke.

One Comment

  1. baratzezaina
    Posted 16/11/2020 at 23:16 | Permalink

    Nere ustez, independentismoak Lapurdin arrakasta guti izatea, duela 30 urte (aldarrikatzen zenean bozka guti bildurik) edo orain (baztertuagoa denean eta abertzaleek lorpen batzuk hautsi-mautsi hainitzekin), ahultasun sakonago baten seinale da, maila kultural, sozial eta ekonomikoetan kokatzen dena.
    Kulturalki zatituak gare, duela mende bat baino gehiago, eta duela 20 urte baino gehiago ere (zure Lurraldea eta Herria liburuan ongi adierazten duzun bezala). Lapurtarren gehiengo izigarri batek ez daki deus Lesakan edo Lezon gertatzen denaren inguruan, hainitzetan ez daki ere mapan nun kokatu. Aldiz Capbreton denek dakite.
    Merkataritza harremanak sendotzen dira Nafarroa eta EAErekin, baina ia zerotik hasi zirelako 1986ean, eta oraindik hainitz bada eraikitzeko.
    Kostako lapurtar bi mota daude: aberatsak, eta haien etxebizitza ordaintzeko borrokan ari direnak. Lurraldea espekulazioak jota dago, baina etxebizitza gehienak aski erosoak ditugu. Honek klase ertaineko mentalitate berezi bat sortzen du, lotizamendu mentalitate bat, Bortzirian edo Oarsoaldean ikusten ez dena, edo bederen han hain hedatua ez dena. Urruntzen gaituen bertze faktore bat, historiak eragindako zatiketaren bertze ondorio bat.

    Nere ustez, independentismoa maila politikoan sendotzen saiatu baino lehen, arrakala kultural, ekonomiko eta sozial horiek bete eta lehuntzean zentratu beharko ginateke, independentismoa oldartzeko oinarri sendo bat egoteko. Bitartean, oineko erhi ttikian bermaturik pilota joko dugu, eta pilota ez dugu urrun botako.

Utz iruzkin bat

Zuen emaila ez da sekulan argitaratua izanen, ez eta ere komunikatua. Betetzea baitezpadakoak diren guneak * batekin markatuak dira.

Connect with Facebook

*
*

Ondoko HTML elementuak erabil ditzakezue <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak