Euskararen biziberritzeari begira positiboki eragitea posible da. Bainan Iparraldean orain arte bezala segituz huts eginen dugu. Hara euskaldun, euskaltzale, eragile politiko eta hautetsi guziek barneratu behar dituzten bi ideia.
Hizkuntza politika publikoa 2005etik antolatzen, definitzen eta gauzatzen hasi zen Iparraldean, aurreko 40 urteetan euskalgintzako herri mugimenduek arloz arlo hizkuntza suspertzeko tresnak sortu eta garatu ondoren. Hamar urte berantago herri eragile, EEP, Garapen eta Hautetsien kontseiluak ados dira Lurralde Kontratuaren prestatzerakoan egindako diagnosiarekin: alde batetik politika boluntarista horrek fruituak ekartzen ditu. Posible da hiztun kopurua emendatzea, hots ez da fatalitaterik. Bainan bestalde, gaurko erritmo eta baliabideekin segituz gero, euskaldunen adin piramidea eta kanpoko jendearen etorrera direla kausa, beherantzako joera ez da geldituko.
2026an %17ra jautsiko da hiztun kopura eta 2041ean %15era. Bi konstatazio horiek funtsezkoak dira, saihestezinak. Lehena, 1991etik Euskal Herri osoan 5 urtero egiten diren inkesta soziolinguistikoek baieztatzen dute. Bigarrena, prospekzio ikerketa lan zehatz bezain serios baten konklusioa da. Lehenbailehen ama eskolan sartzen diren haurren %75ari euskara ikasteko aukera eskaini behar zaio bai eta eskolako ikas-prozesu osoa klase elebidunetan bederen segitzea ere. Paraleloki helduen formakuntza dispositibo baten bitartez urtero 400 hiztun berri segurtatu beharko lirateke. Baldintza horiekin, 2026an hiztun kopuruaren beherapena gelditua izanen da gaurko mailan (%22a) eta hamabost urte berantago, 2041ean, Iparraldeko biztanleen %30a euskaraduna izanen da, hots adituen araberan hizkuntza bat bizi irauteko heina lortua.
Oldar berri baten beharra
Horretarako Lurralde Kontratu berriaren 6garren ardatzak “hizkuntza politikari oldar berri bat eman” izena du. Garapen Kontseiluko proposamenak segituz, Hautetsien kontseiluak lau helburu estrategiko finkatu ditu:
• hizkuntzaren transmisioa azkarki hedatu, irakaskuntza eskaintza politika orokortuz ;
• hizkuntzaren erabilpena bultzatu bizitza soziala, ekonomikoa eta administratiboan;
• hizkuntza politikaren baliabideak eta baldintzak eskuratu eta mobilizatu ;
• Ipar Euskal Herria hizkuntza biziberritzeko esperimentazio lurraldea bilakatu.
Ondorioz, Hautetsien kontseiluak instituzioa guztiei euskararen aldeko paktu bat adostea proposatu die elkarrekin jokatzeko ondoko hiru lehentasun lortzeari begira:
• frantses hezkunde nazionalarekin negoziaketa bat burutu, irakaskuntza eskaintza garatzeko ;
• helduen formakuntza profesionala diruztatzeko fondo komuna sortu ; • EEP-ren urteko buxeta bikoiztu.
Negoziaketa hasi baino lehen,
Estatuak jarrera hertsia agertu du
prefetaren ahotik.
Hautetsien kontseiluko presidenteari
igorritako gutun batean,
euskararen aldeko paktuak
Lurralde Kontratuan
lekurik ez duela dio.
Bainan negoziaketa hasi baino lehen, Estatuak jarrera hertsia agertu du prefetaren ahotik. Hautetsien kontseiluko presidenteari igorritako gutun batean, euskararen aldeko paktuak Lurralde Kontratuan lekurik ez duela dio. Are okerrago, hizkuntza politika haurren munduan mugatzea proposatzen du eta EEPren aurrekontuan Estatuaren partea 6 urtez gaurko heinean atxikitzea soilik proposatzen du. Pilota tokiko kolektibitateen teilatura botatzen du, haien inplikazio ekonomikoa emendatu behar dela erranez. Azken elementu hau beharrezkoa izanik ere, ez luke Estatuaren erantzukizuna gordetu behar eta doi bat hipokrita da, tokiko instituzio guztiei Estatuaren diru transferentziak murrizten diren garaian.
Hasieran aipaturikoa gogoan izanik, mehatxua larria da. Onartezina da kontratuaren negoziaketa hasi baino lehen Estatuak muga zorrotzak jartzea. Nehork ez du ahantzi 2013ko Ayrault lehen ministroaren gutuna nun eta Lurralde Kontatu berezi berri bat eginen zela baieztatzen baitzuen. Zertan berezia ote ez bada hizkuntza laguntzeko ? Beharrezkoa da Iparraldeko hautetsi guziek Hautetsien Kontseiluko proiektua defendi dezaten.
Halaber, ezinbestekoa da Departamenduko hautetsi berriek eta bereziki presidentzia har lezaketen Aragon edo Lasserrek Estatuari eskaturikoa horiek ere bete dezaten, hots EEP-ren buxeta doblatzea.