Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Hiru aste eskas ditugu azaroaren 20ko manifestaldirako. Herritarren ongi izatea bazterrera utzi eta sal-erostearen erreinuan murgildu gaituen sistemari lehentasuna ematen dion etxebizitzaren merkatu basatiari herri gisa erantzuteko parada ematen digun hitzordu nagusia izango da hori. Milaka lagun izan behar dugu karrikan, ozen eta argiki adierazteko ez gaudela prest gure herria desitxuratzen uzteko, ez gaudela prest espekulazioaren legea deus erran gabe pairatzen segitzeko. Guztiok bizitoki duin bat izateko eskubidea daukagula aldarrikapenaren haritik, bi etxe edo gehiago izateak lehenesten duen sistema horri behin behinean ezetz borobil bat emateko bidea irekitzen diogu manifestaldi horrekin…
Hiru aste eskas ditugu azaroaren 20ko manifestaldia, espekulazioaren aurkako borroka horretan historikoa izateko. Milaka lagun, izan behar dugu karrikan. Milaka lagun, eskuan gako multzoa dugula, merkatuaren sistema basati horri aurre egiten ahal zaiola frogatzeko. Aurre egiten ahal zaiola herri bezala, kolektiboki eta desobedientzia ekintzen bidez mobilizatuz.
Hiru aste eskas dira, eta berez epe laburra dela pentsa daiteke. Baina, badago hiru aste eskasetan zer lortzerik. Bakoitzak bere herrian lagunak, elkarteak, auzoak mobilizatuz milaka lagun elkartuko dituen mobilizaziorako deia handizki zabaldu dezake. Hiru aste horietan badago zer lortzeko “j’y serai! han izangen naiz!” esaldiak ahoz aho, atez ate hedatuz.
Hiru aste horietan badago zer egin, beraz. Herritarrek manifestaldira deitzeaz gain, manifestaldiaren antolaketarako izena eman dezakete ere. Lurra eta etxebizitzaren gaiak azken aste eta hilabeteotan izan du oihartzun handia komunikabideetan, eta Lurzaindia, ELB, Gazte Ekintza, Alda, EHBai, BAM edo Bizi! bezalako kolektiboek, sindikatuak zein alderdiak egindako ekintza askotarikoen bidez tokiko aktualitatearen gai zentrala bilakatu dute. Ekintza guzti horien bilgune izango da azaroaren 20ko eguna, eta ekimenari behar duen maila eman ahal izateko guztion parte hartzea ezinbestekoa izango da. Esku ukaldi xumea bada ere, guztien eskuak ongi etorriak izango dira mobilizazio horri behar duen oihartzuna emateko.