“Askatasun gosez” diru bilketa kanpainak, presondegia edo erbestea ezagutu dutenak herrira baldintza duinetan itzul daitezen 7 probintzietako ekoizpenak biltzen dituen 50 €-ko saski baten manatzeko parada eskaintzen du. Oskar Bizkai Ortzaizen familiatua den preso ohi nafartarrak presentatzen dauku elkartasun egitasmo berri hau.
Zer da xuxen Askatasun gosez egitasmoa?
Askatasun gosez egitasmoa preso eta iheslari ohiei laguntza ekartzeko molde bat da. 7 herrialdeetako ekoizpenak biltzen dituen 50 euroko saski bat erosiz, herritar orok presondegitik edo erbestetik Euskal Herrira itzultzen direnei herrira baldintza duinetan itzultzeko medioen diruztatzea laguntzen du. Alabainan, jakin behar da Euskal Herriratzeak galdegiten duela osasun, etxebizitza, sare soziala, desmartxa administratibo eta juridikoa konduan hartuak izan daitezen. Askatasun gosez horrelako beharren finantzaketaren laguntzeko Iparraldean abiatu den kanpaina da.
Nola eta nork hasi duzue ez ohizko diru bilketa kanpaina hori?
Preso eta iheslari ohi batzu hasi gira gogoetatzen nola Euskal Herriratzeko desmartxei laguntza ekartzen ahal zen. 2015 urte bukaeran kanpaina zehatz bati gogoetazen hasi eta 7 probintzietako ekoizpenez osaturiko saskiaren formatuari pentsatu dugu. Tokiko saski batzu jada baziren eguberri inguruan, baina aldi honetan Euskal Herri osoaren ezagutzeko parada eskaintzen duen ezohizko saski baten eskuratzeko molde bat martxan ezarri da urtarriletik ekaina arte.
Kanpaina horrek zer ondorio berri ekarri du?
Lehenik gogoeta eramana izan da 7 probintzietan ziren ekoizpen bereziei buruz. Ororen buru uste baino fiteago lortu da herrialde bakotxetik 2 ekoizpen ezberdinen lortzea. Aldi bakoitz parada izan da ekoizleer gure kanapainaren nundik norakoak aurkeztera eta elkartasun mezua sare berri batzutan ere murgilaraztea. Gero jakinez ekoizleak hein batekoak zirela (ekoizpen batzu ttipi edo ertainak) kanpaina honentzat 500 saskiren osatzerat lortu dugu bakoitzean 14 produktu direlarik.
Saskiaren manatzeko zer egin behar da?
Saskiak Euskal Herri osoko ekoizpenen gozatazeko parada eskaintzen du. Publiko zabal bati berezitasun frangoren ezagutzeko okasionea emanez. Gainera, zozketetan ez bezala, Askatasun gosez saskia ekainaren 3 arte manatuz geroz (hemen klikatzea aski da) denak irabazle ateratzen dira, ekoizleak, erosleak… eta askatasuna.