Aurtengo herriko bozek erakutsi dutena da abertzaleak zinezko alternatiba izan daitezkeela eta alternatiba gisa agertu direla. Lortu dituzten emaitza onak urtez urte eta egunez egun egin duten lanaren ondorioz gertatu dira. Hazia erein zuten duela 50 urte, eta 50 urtez lurra landu dutenek uzta bilduko dute orain. Hemendik aitzina, hainbat herritan, ikusiko da zuhaitz abertzaleak fruitu onak emanen dituela. Heldutasun aro batean sartu da mugimendu abertzalea Ipar Euskal Herrian.
Aro berri honek ate berriak irekitzen dizkio, eta mugimendu politikoari ardura handiz jokatzea egokituko zaio, etorkizunerako urrats taktikoak eta estrategiak finkatzerako orduan. Herriko Etxeetako lana izanen da, politikoki prestatzeko aukeraz gain, herria ongi kudeatzeko parada, herritarrei erakusteko parada abertzaleen proiektua serioa dela eta politikari arduratsuak dituela, eta euskararen eta Euskal Herriaren alde funtsezko lana egiteko aukera paregabea. Halaber, Hego Euskal Herriarekin zubi sendoak eraikitzeko ere baliatu beharko da, besteak beste Udalbiltzaren bidez.
Baina hori ate bat izan behar da gainerako erakundeetan ere pisua hartzeko. Orain herri elkargoetan ere parte hartuko dutenez, hor ere ikusiko da zer egiteko gai diren, eta hor ere lehen eskuko informazioarekin lan eginen dute, herria kudeatzeko tresna gehiago eskuratuz. Hori bera bihurtu behar da Kontseilu Nagusia eta Eskualde Kontseilua jomugan jartzeko, eta heldu den urteko hauteskundeetan hautetsi batzuk lortzeko helburuarekin jartzeko, etorkizunera begira.
Hori, akordio politikoen bidez lortuko da. Beste alderdi batzuek ikusi dute gobernura heldu nahi badute, abertzaleekin heldu behar dutela adostasunera. Kantomamendu hauteskunde sistema berriak bidea errazten du bi talde nagusiren arteko akordioetarako, eta abertzaleek posibilitate horren baitan pentsatu beharko dute, sekulan izan ez den aukeraz baliatzeko.
Baina hor bada bide egiteko: ikusi da Alderdi Sozialistak abertzaleekin bat egin duela indarra erakutsi duten lekuan; Baionan, adibidez, mespretxuz hartu dituzte. Abertzaleak bozkariatu dira aurten Baionan %10a gainditu dutelako. Zenbaki horri beste irakurketa bat egin dakioke, ordea: Enbata sortu zenetik hona abertzaleen indarra, Ipar Euskal Herriko eremu jendetsuenean, hein horretakoa baldin bada eta horregatik pozten bagara, arazo sakona daukagu. Kontua ez da aitzineko hauteskundeekin konparatuz zenbait puntu gehiago lortzea, edo egoera demografiko zail bat dela edo zerrenda abertzalea hutsetik sortu dela. Afera da, 50 urteren buruan, leku jendetsuenean, abertzaleak biziki minorian direla, ez dela lortu abertzaletasuna zabaltzea, hirigunean bederen. Eta hori lortzea baitezpadakoa da, herriko bozetako emaitzak eskuratzen diren hoberenak direla kontuan harturik, gainera.
Mugimendu abertzaleak hirian egiten duenaren eta ez duenaren autokritika egin behar du. Gaurko egoeran emaitza ona da hain segur, kanpaina eta zerrenda on baten fruitua, baina perspektiba zabalagoarekin so egin behar zaio abertzaletasunaren egoerari. Egin beharko da gogoeta sakon, zabal eta luze bat azken hamarkadetako mugimenduaz. Adibidez, ikerketa bat egin beharko luke zientzia politikoetako edo soziologiako ikasle batek, ikusteko zein diren mugimendu abertzaleak BABn aitzinatzeko dituen traben arrazoiak eta zein izan daitezkeen zirrikituak ikusgarriagoak, ulertuak, onartuak eta babestuak bihurtzeko.
Ez da dudarik leku zailagoa dela, abertzaleak diluituagoak direla, bizimodua desberdina dela eta abar. Horregatik ongi pentsatu behar da nola jokatu, nola heldu jendearengana eguneroko bizitzan; begiratu behar da beste lekuetara, eta handik ikasi eta han egin dutena BABko errealiatera egokitu. Eta gero gisa hartan lanean hasi; urte askotako lana eskatuko du, auzoz auzo, egunez egun, eta urteak beharko dira emaitza ikusgarriak lortzeko. Beranta hartu du mugimendu abertzaleak hirigunean, eta norabidea ez badu zuzentzen, egoera egonkorra izanen da, eta hori ez on abertzaleen proiektuarentzat.