Geruzak eta mamia

PrintFriendly and PDF

EneritzZabaleta1

Xiberoa, Baxe Nabarre eta Lapurdiko instituzionalizazio eztabaidaren karietara, frantziar Estatuaren antolaketa politiko-administratibo konplexuaren herrailetan irentsia ez izaten ez da aise. Usu, instituzioaren eztabaida, geruzaren arlora mugatu da. Orain departamentua, gero autonomia, Estatu subiraua, euro-eskualdea, ala, azken hilabeteetako aurkikuntza, estatus bereziko lurralde elkargoa. Zer da bata eta zer bestea? Zendako hau eta ez hura? Korapilo handia, zuzenbidean aditu ez den hiritar xumearentzat.

Geruzen joko horretan, gure hiru lurraldeetako eztabaidak nehork gutik imajina zezakeen konplexutasun maila hartu du. Lehenik, lurralde elkargoaren eztabaida betean hor agertu ziren honako polo eta halako sindikatu mixto. Ondotik, Prefetak iragan uztailan aurkeztu proposamenak geruza berriekin ihardetsi zion Hautetsien Kontseiluak eta, oro har, gizarte honek egin galdeari. Udarea galdegina zelarik, prefetak, udarea ez beste hamaika fruituz osatutako saskia proposatu zuen. Beste geruza batzuk, eta oraino laino gehiago.

Alta, geruzek berek baino garrantzia gehiago dauka mamiak. Arroltzearen oskolari begiratuz, nekez asmatuko dugu barnean zer dagoen. Gorringoa eta zuringoa ongi gorderik dira geruza fin horren babesean, baina oskolan ez, barnean da elikagaia.

2011an Garapen Kontseiluan abiatu desmartxak horretan zuen interesik handiena. Geruzari ez, mamiari begiratuz hasi zen. Zer da lurralde/herri honek behar duena? Nola dago gaur egun egoera? Behar horiek ikusirik, zein da geruzarik aproposena erantzun saitisfosgarri bat emateko?

Edukiaren bidezidorretan sartuz mamitu zen eztabaida, eta hainbat pisuzko behar identifikatu ziren: hiru lurralde horietan herri bat badenaren ezagupena ; ipar Euskal Herriaren ezagupena, lehenik. Herri horrek haren bizia kolektiboki erabaki eta kudeatu nahi duela gero ; sufragio unibertsala oinarri izanen duen eta gobernagarria izanen den instituzio baten beharra. Hiru probintzien eskalan, herri proiektu bat definitu eta kudeatzeko gisako boterea behar duela ; onetsitako lehentasunezko zazpi eskumen famatuak. Lurralde honek babestua eta sustatua izan behar duen berezitasuna duela ; hizkuntza, kultura eta “mugaz gaindiko” harremanen alorren garrantzia. Mami horretatik abiatuz, geruza baten bila hasi zen gero, eta orduan zen arrapostu aproposentzat jo Estatus Bereziko Lurralde Elkargoa.

Prefetak proposatutako geruza-saskian, nola txertatu mamitu ziren behar horiek? Horratx ondoko asteetan egin beharko den ariketa. Lurraldearen ezagutzari dagokionez, inork gutik ezartzen du ezbaian gure hiru probintzien egokitasuna instituzio batean biltzeko. Borroka, baratxe-baratxe, irabazten ari da.

Eskumenen gaian ere, hainbat aukera daude mahain gainean, baina Estatuaren ordezkariak “federatibo” deitu dituen geruzetan, eta batik bat Hirigunea deritzon horretan, eskumen lagin zabala dago. Lurralde garapen proiektu bat gauzatzea da geruza horien helburua. Gure berezitasunak kontuan hartuko lituzketen eskumenak ere (euskara, mugaz gaindikoa, kultura, laborantza…) goiko ala beheko instituzioekin delegatuz lor daitezke. Negoziatu beharra, bixtan da.

Gobernantza eta ordezkaritza demokratikoak dira, dudarik gabe, bi korapilo sendoenak. Prefetaren proposamen federatiboak herrien arteko elkarketa osatzen duten geruzak dira. Konda dutenak herriak dira, eta ez lurralde batean proiektu amankomun bat osatuko duten herritarrak. Herri-elkarketa horiek (EPCI deituak) luzaz sufragio unibertsal zuzenik gabe funtzionatuko ote dute? Zaila, eta salatzekoa, geroz eta eskumen gehiago kudeatzen baitituzte, legitimitate demokratikorik gabe.

Herri-elkarketak ere arazoa dakar gobernantza aldetik: herriek dutenez konda, herri bakoitzak ordezkari bat luke, gutxienez. Ikuspuntu demokratikotik salagarria, eta ikuspuntu praktikotik gauzatze zailekoa, gure kasuan. Nola segurtatu lurraldearen pluraltasuna (barnekalde-kostalde, hiri eta landa-eremu…) kontuan hartuko duen ordezkaritza eta gobernantza demokratikoa?

Prefetaren geruzak hankamotz dira, bi puntu horiei dagokionez. Beraz, azken honen “edo hartu edo utzi” dikotomiari eutsi behar al zaio? Ez ote da hobe eskaeraren mamiari heltzea? Geruzek ez diote mamiari erantzuten, partzialki bederen. Geruza errefusatu ordez, ez ote litaike geruza mamiari egokitzen entseatu behar? Lege bat eztabaidan omen dago Parisen, antolaketa politiko-administratiboaz. Horra aukera geruza mamiari egokitzeko. Entseatuz galdu ahal da, bai. Ez entseatuz, galtzea segurra da.

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak