Xuti Gazte
Uztailaren 14eko besta egun arrotz honetan frantziar proiektu jakobinoa inposatzen zaigu euskal herritarroi beste behin ere. Frantizar errepublikaren baloreak goraipatzeko baliatuko den egun honen gibelean Euskal Herriko gazteok bizi dugun zapalkuntza ezkutatzen da.
Muturreko egoera pairatzen dugu gazteok: euskaraz ikasi eta mintzatzeko aukera eskasa, etxebizitza eskuraezina, lan prekarietatea, bortizkeria matxista, LGTBfobo eta arrazista, goi mailako ikasketetarako eskaintza urria, lurraren suntsipena, turismo masiboa, etab… Ezinezkoa bilakatu zaigu Ipar Euskal Herrian bizitzea, eta Frantziara joatera kondenatuak gara.
Gainera, aurten egoera berezian iritsi da uztailaren 14a, Olinpiar Jokoengatik Baionako bestekin batera baita. Baionako bestetan uztailaren 14an goraipatzen den proiektua neoliberalaren ondorioak argiki azaleratzen dira, herritarron interesak alde batera utzi eta sustatzen baita Euskal Herriaren eta euskal kulturaren folklorizazio eta merkantilizazioa sustatzen baita. Honen aitzinean, guk argiki diogu herri hau bizirik dela.
Frantziar estatu jakobinoak proposatzen digun bizi eredu prekarizatzaile eta ezegonkorrari aurre egin eta gazteok Ipar Euskal Herrian gure bizi proiektuak modu duinean eraikitzeko eskubidea borrokatu behar dugu. Euskaraz bizi nahi dugu, gure herri eta auzoetan emantzipatu nahi dugu, hemen ikasi eta hemen lan egin nahi dugu, finean, gazteon beharrak asetuko dituen Euskal Herrian bizi nahi dugu. Horretarako, gazteon bizi baldintzen inguruko erabakiak Euskal Herritik bertatik eta gazteekin batera hartzea beharrezkoa izanen da, beraz, gazte abertzale eta ezkertiarrok ere Euskal Herriaren burujabetzan aitzinapausuak emateko prest gara.
Frantziar estatuaren eredu jasanezin honek eskuin muturraren igoera bultzatu du, baina ekainaren 30 eta uztailaren 7an hautetsontzietan eta azken hilabetean karrikako mobilizazioetan Euskal Herriak eskuin muturra geldituko duela erakutsi du. Orain, gazteoi dagokigu bide horretan segitzea, faxismoaren aurka egin eta gure ikurrak harro astinduz gazteontzako alternatiba ezkertiar eta abertzalea eraikiko dugu.
Besta egun arrotzik ez!