
Euskal Herriko dinamika sozioekonomikoan, Gaindegia behategi aktibo gisa sendotu da azken bi hamarkadetan, analisia, dibulgazioa eta lankidetza sustatuz.
Euskal Herri osoa barne harturik bada dinamika bat, gizarte zibiletik bultzatutakoa, euskararen inguruan, kulturaren inguruan, gizarte gaien inguruan, politikaren alorrean ere bai, noski. Alegia, erakundeei dagokienean, badira Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Ikastolen Elkartea, AEK, Idazleen Elkartea, Udako Euskal Unibertsitatea UEU, Dantzarien Biltzarra eta beste.
Gaindegia, euskal sozioekonomiaren behategi aktiboa
Duela hogeita bi urtetik bada euskal sozioekonomian bista jarrita daukan erakunde bat ere. GAINDEGIA izenez. Behategia da, “Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako behategia”. Duela bi urte, 2024ko azaroan, euskal sozioekonomiaren azken hogei urteetako irakurketa estatistikoa eskaintzen zuen adierazleen galeria aurkeztu zuen. Aurkezpenaren harira, edukien balorazioa egiterakoan, hauxe baieztatu genuen orduan: Euskal Herrian ekonomia nahikoa ekoizten da bertako komunitatearen ongizate unibertsalerako aspirazioei erantzuteko. Izan ere ez da komunitate emantzipaturik, emantzipazioari buru egiteko ezinbestekoa den ekonomia propiorik gabe. Segurtamen hortaz ohartuz hasi zuen bere abiabidea Gaindegiak, sozioekonomiari arreta propioa eskaintzeko asmoz. Behategi aktiboa izatea ebatzi zen hasiera-hasieratik. Beste modu batez esanda, ez zen mugatuko behatu eta honen emaitzen dibulgazio hutsa egitera, bai ordea eragile aktibo bihurtu baizik.
Hiru misio nagusi eta egitura berritua
Harira, hiru misio hartu zituen beretzat. Lehena, Euskal Herri osoaren argazki sozioekonomiko eguneratua landu eta eskaini. Bigarrena, argazki horren dibulgazio zabala egin eta haren edukin kritikoen inguruko eztabaida/gogoetak eragin, emaitzak bilduz eta instituzioen zein eragile sozial eta politikoen esku jarriz. Hirugarrenik, alor sozioekonomikoan Euskal Herrian ahalbidetu daitezkeen mugaz gaindiko ekimenak sustatu, suspertu, bultzatu eta lagundu. Bi hamarkadaren buruan, misio horien oihartzunak inoiz baino indartsuago jotzen du gure egitasmoetan.
“Ez da komunitate emantzipaturik, emantzipazioari buru egiteko ezinbestekoa den ekonomia propiorik gabe.”
Mundu mailako osasun krisiak 2019- 2020 urte haietan gurean ere eragin zuen parentesi bat. Horren ondoren, lehen misioari hobekuntza batzuk egitearekin batera, beste biren garapenean indar handiagoa jartzea deliberatu genuen. Hona hartutako neurriak. Behategiari dagokion aktibitateari elkarte batek ematen dio gorputz organikoa. Elkarte horrek badauzka bazkideen batzar bat eta zuzendaritza batzorde bat. Horrela jardun izan du, eta dihardu, bere ibilbide osoan. Baina oraingoan adar espezifiko bat gaineratu zaio egitura horri. Proposatzailea da adar hori, ez erabakitzailea, erabakiak Zuzendaritza Batzordeari baitagozkio, baina argi dago behategiaren baitan rol indartsua izatera deitua dagoela. Batzorde Zientifikoa deitu dugu.
Batzorde Zientifikoa eta etorkizuneko erronkak
Ideia iturri bilakatzearekin batera, Gaindegian landutako argazki sozioekonomikoen kalitatearen berme izatea da batzorde honen egitekoa. Hamasei pertsonak osatzen dute, Euskal Herri osoan diren unibertsitate guztietatik etorritakoak. Ekonomialariak, soziologoak, zuzenbidean adituak, ingeniaritza informatikoko profesionalak dira; katedradunak batzuk, doktoreak, lizentziatuak, irakasle zein ikertzaileak. Eusko Jaurlaritzako ekonomia adarretan sailburuorde izandakoren bat ere badago. Jaurlaritza aipatuaz, haren estatistika institutuko (Eustat) ordezkari bat ere badago, Iparraldeko Audap agentziako bat ere bai. Nafarroako Nastat-eko ordezkaririk ez dago, baina bertako ordezkariekin lankidetza eraginkorra bai. Lehen misioa hobetu aldera, adar hau berria da Gaindegian. Baina ez da berrikuntza bakarra. Bigarren misioari helduz, laster azalduko da ekimen potolo bat, lerro hauek idazterakoan aurreratu ezin dudana oraindik. Hori guztia hamabi lagunez osatutako Zuzendaritza Batzorde anitz eta kualifikatutik bideratuta (ikus www.gaindegia. eus). Enbataren hedaguneari behatuta, nabarmenduko dut hiru direla talde horretan Iparraldetik datozen kideak: Eguzki Urteaga, Olga Irastorza eta Beronika Larre. Soziologo ezaguna lehena, Euskal Herriko merkatal ganberak biltzen dituen Bihartean elkarteko zuzendari ohia bigarrena, eta mugaz gaindiko politiketan aditua, hirugarrena; hirurak bestalde, maila desberdinetan, Garapen Kontseiluko kideak. Ez dira Iparraldetik Gaindegian diren bakarrak. Batzorde Zientifikoan ere badira bi: Helene Larralde eta Juhane Dascon, geografialari eta Audapeko teknikaria lehena, ESTIAko zuzendaritza kidea bigarrena. Eduki handiagoa eman niezaioke Gaindegia zer den azalduz aurkezten dizuedan idatzi honi, baina balio beza oraingoz laburpen honek, gainerakoan egitateen bitartez azaldu zale baikara, hitz jarioa baliatuz baino.

by