Izenpetzaileak : Paxkal Lafitte, Filipe Aramendi, Eneko Aldana, Leire Larrasa, Claire Legardinier eta Iker Elizalde (Donibane Lohitzune, Urruña, Ziburu eta Hendaiako EH bai-eko Hautetsiak.)
Orain dela urte bat, G7a 2019ko agorrilean Biarritzen iraganen zela jakitera eman zutenean, albiste faltsu (fake news) bat zela uste izan genuen, hain zen surrealista. Alta, pentsaezinatzat jotzen genuen gertakaria, erreala bilakatu da eta G7a Biarritzen iraganen da. Ondorioak ez ditu Biarritzek soilik pairatuko, kostalde guziak jasanen ditu eta hein batean, Euskal Herriak. Horiek horrela, burura datorkigun lehen galdera hau da : Nork erabaki du ? Ipar Euskal Herriko hautetsiak, erabaki honen parte izan ahal dira ? Argi da ezetz. Erabaki hau, frantziar gobernuaren estantzia gorenean erabakia izan da, Eliseoan.
Arduragabekeri handia da eta hainbat arrazoinengatik. Gure lurraldearentzat, gailurra ez dela onuragarria izanen gehien azalaeratzen duten bi arrazoiak hauexek dira:
Batetik, G7-k ordezkatzen dituen baloreak onartezinak direlako. Izan ere, G7-k mendebaldeko zazpi indar ekonomikoak biltzen ditu bere baitan (Estatu Batuak, Japonia, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Alemania eta Kanada). Herrien artean hierarkia bat ezartzen du, ideologikoki ongi kokatuak direnak, indartsu direnak, eta eskema horretan sartzen ez direnak bereiziz. Azken finean, boteretsuen dominazioa ordezkatzen du.
Bestetik, manifestatzeko eta mugitzeko askatasuna murriztuak izanen direlako, horrek izanen dituen ondorio guztiekin arlo ekonomiko eta sozialari begira. Arazoa hemen ez da urgentzia soziala eta ekologikoaren erakusleihoa izanen den gailur alternatiboa, G7a baizik. Garestia eta inposatua zaigun bilkura bidegabe eta behargabea. Ondorioz, aurre ikusten dugu, kalte ekonomiko eta sozial itzelak jasanen ditugula. Kasu horretan, nork hartuko ditu bere gain kalte ordainak?
Bestalde, Estatuak, Euskal Herriko mugimendu politiko, sindikal eta sozial desberdinez osaturiko plataforma desitxuratu nahi du, plataformak antolatu nahi duen gailur alternatiboan egon daitezkeen konfrontazio bortitzekin nahasiz gainera. Plataforma osatzen duten hainbat erankundeek, garantia nahiko eskaintzen dute, G7ak ordezkatzen duen munduari alternatiba agertzeko unean, modu baketsuan eginen dela baieztatzeko.
Macron presidenteak, lurralde eta hautetsiak entzuten dituela erratea maite du. Hala balitz, Euskal Elkargoari zuzenduko zen gailurraren inguruan erabaki bat hartu aitzin. Seguraski pentsatuko zuen ez ginela kapable gailur honen inguruko erronkak ulertzeko. Paretaren kontra jarri gaitu. Orain, «hautatuak» izan diren herrietako hautetsien eta Euskal Herriaren ardura kolektiboari dei egitea besterik ez zaigu gelditzen, G7 Ez plataformak antolatzen duen gailurra alternatiboa baldintza onenetan iragan dadin. Azken deialdi bat egin nahi diogu gobernuari, arduradun nagusiari, berak sortutako egoera jasangaitzari aterabideak atzemateko. Bere ardura da, inolako kalterik jasan ez dezagun.