Urtero bezala, maiatza bukaeran Hendaiako Futbol 7 Txapelketa ospatzen da. Aurtengoa 14. edizioa da eta maiatzaren 27an iraganen da, larunbatez, Ondarraitz estadioan. Hau futbol txapelketa xinple bat baino gehiago da, helburu politikoa duen ekimena da, euskal preso eta iheslari politikoei sostengua ematea.
Euskal Herrian bake prozesurako pausoak eman diren bitartean, estatu frantses eta espainolen espetxe politika krudelak zutik dirau. Futbol 7 ekimenaren antolatzaileek dioten bezala “Gure senide eta lagunak etxetik oso urrun segitzen dute. Guk uste dugu beraienganako elkartasuna ezinbestekoa dela eta horregatik, gure txapelketak aurrera segitzen du, eta segituko du etxean eta aske ikusi arte“.
Futbol 7ren xedea Euskal Herri mailan, preso eta iheslarien aldeko egun inportantea izatea da eta egun hortan egitarau zabala proposatzeko ahalegina egiten da. Hortarako, futbolzaleez gain, jende guztiak badu tokia elkartasun egun berezi honetan.
Iaz bezala, ekitaldi egun honek 3 gune ukanen ditu bakoitzak bere tokia atxeman dezan.
Haurren xokoan puzgarriak eta jokoak izanen dira, ttipiak ez aspertzeko.
Elkartasun xokoan, goizeko 10:30tan “Kartzela, emakumea eta amatasuna” mahai ingurua izanen dugu eta egun osoan zehar, material salmentaz gain, Motxilaren Umea dokumentala proiektatuko da.
Eta azkenik, karpan, egun osoan zehar, besta eta giro ona segurtatua izanen da. Eguerdian, Imuntzo eta Belokik giroa alaituko dute eta arratsalde partean Sakatu elektrotxarangak segida hartuko du.
Gauean, berriz, kontzertuen txanda izanen da: Erokomeri, Anestesia eta Bad Sound System taldeekin. Kontzertuak bukatzerakoan, besta ez da geldituko eta ohera joan nahi ez dutenek parranda ederra egiteko aukera izanen dute.
7 taldekide guttienez dituzten taldeen antolatzerat eta izena ematera animatuak dira herritarrak telefono zenbaki hauen bitartez: 0033 0659091886 eta 0034 637194141. Posta elektronikoz kontaktatu nahiez gero, mezua bidali [email protected] emailera.