
Betidanik fruituak etxe gehienetan baitezpadakoak izan badira, desagertuz joan dira 60 hamarkadatik goiti. Laborari batzuk berriz lotu ziren sagar ala gereziondoen landatzeari duela hogoita hamar bat urte eta orain dinamika berri batzuk sortzen ari dira, biharko laborantzari bide gehigarri bat irekiz.
Jakina da, mendeetan zehar, etxalde guzietan fruituak kasik urte osoan aurkitzen ziren. Primaderan gereziekin hasiz, ondotik aran, sagar, udare, irasagar, mizpira, gaztaina… bakoitzetik mota desberdinak izanki, urte guzian bazen zerbait elikadura osatzeko, jakinez horietarik batzuk atxikitzen ahal zirela negu osoan eta lotura egiten ahal zela ondoko uztarekin. Garrantzi horren froga gisa, XX. mende hastapeneko notarioen saltze akta batzuen lehen lerroetan agertzen dira sagardien eremuak, baita zuhaitzen kopuruak ere.
Laborantzaren berezitzeak eta hain segur supermerkatuen sortzeak, desagertarazi zituen pittaka-pittaka zuhaitz fruitudunak gure etxalde anitzetatik. 90 hamarkadan haatik, lehen berpizte bat iragan zen bederen bi sailetan: sagarrean, Sagartzea elkartea eta ondotik Eztigar kooperatiba sortu ziren eta gerezian, Xapata elkartea. Bi kasu hauetan, oldar berri bat ikusi ahal izan zen, milaka ondo landatuz eta tokiko motak aitzinera emanez. Geroztik bi sail horiek aitzina segitu dute, mozkina segurtatuz etxalde dibertsifikatu batzuetan.
Azken urteetako urrats berria
Orain dela hamar bat urte hasi ziren gauzak berriz mugitzen. Gerezian lehenik, Xapata elkarteko kideek gereziak babes serios bat behar zuela erabaki zuten. Gogoeta baten ondotik, AOP sormarka bati buruz joatea erabaki zuten. Urteak behar dira holako desmartxa baten eramateko eta dosier ofiziala 2023an igorri zioten INAO izendapenen egiturari. Bide onean baldin bada ere, pentsa daiteke oraino bizpahiru urte beharko direla labelaren eskuratzeko. Gaur egun hogoi kidez goiti ditu Xapata elkarteak eta gerezi urteetan, hamar bat tona inguru biltzen dira.
Sagar sailean, ez zen berriki arte holako oldar berririk ikusten, nahiz eta landatzeak eta instalatze berri batzuk ikusten ziren sagarrondoekin. Hegoaldeko sormarkak zituen bazterrak inarrosi duela pare bat urte. Euskal Erkidegoan AOC jatorri izendapena eskuratu zuten 2017an. Aldiz, europar mailako AOP sormarka ukaiteko bidean zirelarik, Iparraldeko ekoizleek trenari lotzea erabaki zuten doi bat tarrapatan. Lan labur baina intentsiboa eraman ondoan, hemengo sagardo ekoizleek ere AOP hortan sartzea lortu dute, hemendik hilabete batzuen buruan makurrez kanpo. 25 eta 30 ekoizle artean dira mementoan.
Azkenik, Ipar Euskal Herriko fruitugintzaren familian sortu berri bat badela azpimarratu behar dugu. 2018an Gaztaina elkartea sortu zen. Izenak dioen bezala, aspaldian gure eskualdean aurkitzen den gaztainaren balorizatzea eta garatzea du helburu. Lan gaitzean ari dira azken urteetan eta gaur egun 37 kide daude elkartean.
Berme bat gehiago biharko laborantzarentzat
Hiru sail hauen berpiztea zerbaiten adierazgarri da. Azken hirurogei urteetan hemengo etxaldeek nagusiki hazkuntzan berezitzearen hautua egin bazuten, baldintzak konplikatzen ari dira sail hortan. Inflazioak gastuak azkarki emendatu ditu, eritasunek beldurra sortu eta gazte batzuek ez dute kabalek galdegiten duten eguneroko arta gustukoa. Fruituetan dibertsifikatzeak segurtamen ekonomikoa ekartzen ahal luke etxaldeetan, are gehiago kalitatezko izendapenekin.
Fruituetan dibertsifikatzeak
segurtamen ekonomikoa ekartzen ahal luke etxaldeetan,
are gehiago kalitatezko izendapenekin.
Dinamika berri honen laguntzeko, fruitugintzan berezitua den teknikari baten beharra agertu da. Ondoko asteetan eta gorago aipatu elkarte desberdinekin partaidetzan, langile berri bat hasiko da Euskal Herriko Laborantza Ganbaran. Urte bateko kontratua izanen da Hiri elkargoak eta Ur agentziak diruz lagundurik. Erronkak anitzak dira: mota ala xertagai egokien hautua, landatze moldea(k) gogoetatzea, arazo sanitarioei erantzunak aurkitzea, aldaketa klimatikoari aurre egitea…
Izanen da lan dudarik gabe! Baina argi da lan horrek balio duela, orain arteko lurralde huntako lau sormarkek frogatu duten bezala, fruitugintzan beste bi izendapen erdietsiz are gehiago indar izanen du gure laborantzak eta ondoko belaunaldiek kalitatezko ekoizpenekin jarraitzen ahalko dute gure etxaldeen biziarazten.
