Argia.eus-etik
Eskuin muturrari buru egiteko bildu diren ezkerreko indarren aliantzak lortu du boto gehien Ipar Euskal Herrian. Ezkerreko aliantzak 11.000 botoko aldea atera dio bigarrenari, RN Batasun Nazionalari. Macronen Ensemble alderdia hirugarrena izan da. Fronte Popular Berria hiru bozka eremuetan lehen indarra izan da. Frantziako Estatuan, berriz, aurreikusitakoa gertatu da eta eskuin muturra garaile handia izan da, botoen %34 lorturik.
Fronte Popular Berriak Ipar Euskal Herriko botoen %31,98 (55.206 boto) eskuratu du. Eskuin muturrak, RN Batasun Nazionalak, %25,61 (44.214) bildu eta Macronen Ensemble alderdiak %22,28 (38.470).
Fronte Popular Berria hiru barrutietan izan da irabazle. Laugarrenean Iñaki Etxanizek botoen %38,01 bildu du; bosgarrenean Colette Capdeviellek %32,30, eta seigarrenean Peio Dufauk %29,43.
Eskuin muturra hiru barrutietatik bitan bigarren indarra izan da, laugarrenean eta bosgarrenean. Seigarrenean, berriz, hirugarren tokian gelditu da Macronen alderdiaren atzetik.
EH Bai alderdiak Fronte Popular Berriaren barruan hartu du parte hauteskunde hauetan. Emaitzak jakinda, sare sozialetan azpimarratu du Ipar Euskal Herrian eta hiru barrutietan Fronte Popular Berria izan dela lehen indarra, eta era berean, kezka agertu du eskuin muturrak aurrera egin duelako: “Lurralde honetako adostasunak eta funtsezko baloreak babesteko momentua da. Denek arduraz jokatzera deitzen dugu“.
Bigarren itzuliari begira
Baliteke hiru hautesbarrutietan hiru hautagaien arteko lehia izatea bigarren itzulian. Hain zuzen, hirugarren kokatu diren hautagaiek –Lassallek laugarrenean, Lasserrek bosgarrenean eta Lastecoueresek seigarrenean– jakitera eman dute lehian mantentzeko asmoa dutela. Uztailaren 7an izango dute bigarren itzulia.
Frantziako estatuan eskuin muturra nagusi
Lehen itzuliko emaitzen kontaketa ia bukaturik dela, eskuin muturreko RN alderdiak %34 egin du, ezkerreko Fronte Popular Berriak %28,1 eta Macronen Ensemble alderdiak %20,3. Parte-hartzea %65,5ekoa izan da, azken 25 urteetako handiena. Artikulu honetan emaitzak sakonago aztertu ditu Jenofa Berhokoirigoinek.
Neretzat itzultzea RN : « Batasun Nazionala » jenatzen nau…. Lerro bat urrunago irakurtzen dutalarik « Ensemble »
Edo itzultzen ditugu hitz guziak, hitz hoberenekin edo utzi itzuli gabe…
Milesker