Joan den larunbatean, Euskal Moneta elkarteak 79.182 eusko (1 eusko = 1 euro) eman zizkien tokiko monetaren erabiltzaileek babestutako lurraldeko 62 elkarteri. Errekor berri bat! Horrek konfirmatzen du euskoz pagatzea lurraldeko elkarte-bizia zuzenean laguntzea ere badela.
Aurten, Elkarteen Eguna iragan zen Euskal Herriko Laborantza Ganbararen (EHLG) egoitzan, Ainhize-Monjolosen. Hautu horrek erakusten du Euskal Monetak nahikaria duela Ipar Euskal Herriko barnealdean are gehiago finkatzeko eta bertan garatzen diren elkarte-dinamikak sostengatzeko.
Elkarte-bizia indartzeko urteroko hitzordua
Hogeita hamar elkarte inguru bildu ziren, haien emaitza sinbolikoa eskuratzeko zein gertakari honen baitan proposatutako formakuntzan parte hartzeko. Aitzineko urteetan finantzaketa publikoak, pribatuak edota emaitza kanpainak hurbiletik aztertu ondoan, 2025eko edizioan nabarmendu ziren HelloAssok proposatzen dituen elkarteen kudeaketaren zerbitzuko urririkako tresna numerikoak. HelloAssoren langileen aholku praktikoei, erakustaldiei eta haiekilako solasaldiei esker, parte-hartzaileek soluzio zehatzak atzeman zituzten denbora irabazteko, baliabideak dibertsifikatzeko eta autonomia handitzeko.
Euskoren % 3ko emaitza, baliabide eraginkorra eta solidarioa
Printzipioa sinplea da: Euskal Monetako kide bakoitzak elkarte bat babestu dezake. Elkarte horrek gutienez 30 babesle izan orduko, bere babesleek euskotan trukatutako euroen % 3ren heineko emaitza eskuratzen du, urte guziez! Erabiltzaileari ez zaio deus gosta, baina elkarteentzat zinezko diru iturri baliosa da!
Hala, hilabete guziez 70 euro euskotan trukatzen dituzten 40 babesle = urtean 1.000 eusko babestutako elkartearentzat.
Adibide zehatzak
Eragile historiko bat: Euskal Herriko Laborantza Ganbara (EHLG)
Aurtengo gertakariaren ostatzailea eta sareko kide historikoa da EHLG. 1.831 eusko eskuratu ditu bere 120 babesleei esker. Iñaki Berhocoirigoin Bulegoko kideak zera adierazi du:
«Bada 20 urte Euskal Herriko Laborantza Ganbarak laborantza herrikoia defendatzen duela. Euskoa sortu orduko, bagenekien tokiko moneta izanen zela ekoizle eta kontsumitzaileak hurbiltzeko tresna zehatz bat. % 3ko emaitza guretzat sostengu baliosa da, eta ahala ematen digu, adibidez, lansariaren parte bat euskoz pagatzeko hala nahi duten langileei. Euskoa onartzen duten hornitzaileekin lan egiteko hautua egiten dugu ere: komunikazioa, bulegoko materiala, laster energia, eta nola ez, Lurramako hornitzaile anitzak. Zatozte azaroaren 7an, 8an eta 9an Miarritzen antolatzen dugun laborantza herrikoi eta iraunkorraren azokara zuen euskoak erabiltzera, eta zergatik ez Euskal Moneta elkartearen kide egitera eta EHLG babestera: ekintza sinplea da, baina interes publikoko laborantza baten aldeko gure lana zuzenki finantzatzen laguntzen duena.»
Hartzaile berri bat: Epaiska elkarte-ostatua
Lehen aldiz, Epaiska elkarte-ostatua, Baiona Ttipiko leku historikoa, Euskoren % 3ko emaitzaren hartzaile izan zen. Hala, 572 eusko eskuratu zituen bere 33 babesleei esker.
«Ekintza sinple batzuen eta Euskal Monetako langile taldeak emandako tresnei esker, 30 babesleen langa gainditu ahal izan dugu», Txomin Urriza laguntzaileak kontatu duenez. «Euskoari eta % 3ko emaitzari buruzko paragrafo bat gehitu dugu gure kontaktuei igorritako mezu elektronikoetan eta sare sozialetako argitalpenetan. Baina, batez ere, ostatuan egiten den ordainketa bakoitza horretaz mintzatzeko parada da: % 3ko emaitza azaldu, Epaiska babestea proposatu, eta hor diren beste pertsona batzuek entzun eta galderak egiten dituzte. QR kode bidezko ordainketa numerikoaren presentziak are gehiago indartu du mugimendua: eusko ordainketak biderkatzen dira, eta jakin-mina pizten da. Emaitza: zenbat eta gehiago hitz egin, hainbat eta jende gehiagok erabiltzen du euskoa, eta horrek denei egiten digu mesede!»
Tokiko moneta, elkartasunerako tresna zehatza
Errekor berri horrekin, % 3ko emaitzari esker lurraldeko elkarteei ordaindutako zenbateko osoa 500.000 eurora hurbiltzen da orain. Europako tokiko monetarik garrantzitsuenak, 4.500 partikularren eta 1.400 profesionalen artean 4,5 milioi eusko ibilarazten dituenak, frogatzen du ekonomia birkokatzeaz eta trantsizio ekologikoa zalutzeaz gain, tokiko monetaren hautua egitea lurraldearen aldeko elkartasun ekintza oso zehatza dela.
Ikus elkarte hartzaileen zerrenda osoa!