
Ana Bidart Euskal Haziak elkarteko ordezkariak, euskararen transmisioan eta erabileran hezkuntzak duen zeregina aztertzen du elkarrizketa honetan. Familia, eskola eta gizarte osoaren inplikazioa ezinbestekotzat jotzen du, euskaraz bizitzeko eskubidea zinez bermatzeko eta azaroaren 21eko mobilizazioaren garrantzia azpimarratzen digu.

Enbata: Zein da zuen erakundearen ekarpena euskaldunen kopurua % 30era heltzeko?
Ana Bidart: Euskal Haziak eskola pribatu katolikoen elkartea da, burasoak, irakasleak eta zuzendariak harremanetan ematen dituena. Hezkuntzaren bidez euskararen transmisioa eta erabilera indartzea du helburu nagusia. Duela zenbait urte sortu zen, euskararen irakaskuntza sare horretan garatzeko. Hastapenean, buraso eta irakasle zenbait elkartu ziren Hendaian, Donibane Lohizunen eta Kanbon, berantago batzeko gure elkartea sortzeko. Gaur egun, 32 eskola, 12 kolegio eta 6 lizeo biltzen ditu.
Denborarekin, argi ikusi dugu euskarazko irakaskuntza ez dela aski. Orduan euskararen erabilera sustatzea erabaki dugu, eskolatik kanpo eta barnean. Horretarako, elkarteak bi langile ditu, proiektuak eta euskararen garapena bultzatzeko.
Zein izan dira zuen arloan ikusi dituzuen aitzinatzeak?
Burasoek gero eta gehiago sail elebiduna hautatzen dute, edozein jatorritakoak izanik ere, eta beren haurrak ahal bezain ongi lagundu nahi dituzte proiektu horretan. Horrek erakusten du euskararen transmisioari ematen dioten garrantzia handitzen ari dela. Aldi berean, familiek gero eta gehiago eskolatik kanpo egiten diren aktibitateak euskaraz bilatzen dituzte, hizkuntza eguneroko bizian ere erabilia izan dadin. Horri erantzuteko, tresna batzuk sortu ditugu, hala nola WhatsApp kanalak, non lurraldeka euskaraz egiten diren ekitaldiak zerrendatzen ditugun. Proiektu berriak ere garatzen ari gara; adibidez, heldu den sartzean burasoentzako tailerrak antolatuko dira. Bestalde, kultur eskaintza zabaltzen ari da, ikasleek uler dezaten euskara ez dela bakarrik eskolako hizkuntza, baizik eta bizitzeko ele bat. Ildo horretan, ekimen konkretuak plantan ezartzen ditugu: “Eguerdiro hitz goxo” (trukateta aitatxi eta amatxi euskaldunekin), euskarazko ikusgarriak eskoletan, idazketa lehiaketak eta “Haziak zuzenean” izeneko ekitaldia, antzerki ingurukoa.
Eta ber maneran zailtasun nagusiak zein diren zehatz dezakezu?
Zailtasunak oraino handiak dira. Euskararen erabilera mugatua gelditzen da, bereziki ikasgelatik kanpo, eta frantsesaren nagusitasunak anitzetan euskara isilarazten du egunerokoan. Horrez gain, motibazio falta agertzen da ikasleen orientazio hautuetan.
Adibidez zailtasun handienetarik bat da haustura uneetan (CM2tik 6. erat, eta bereziki 3. etik 2. erat) usu ikasleek euskara uzten dute, euskaraz diren gaietaz beldur direlako edo euskaraz zailtasunetan sentitzen baitira. Horrek erakusten du euskaraz bizitzeko eskubidea praktikoki segurtatu behar dela, beren buruan duten konfiantza eta sarearen jarraikitasuna segurtatuz.
Horri buru egiteko, trukaketak garatzen ditugu, euskararen erabilera egunerokoan biziarazteko. Adibidez, aurten Donibane Lohizuneko Saint Thomas d’Aquin lizeoaren eta Baionako Villa Pia lizeoaren arteko trukaketa antolatu dugu, eta berantago beste ikastetxeetara hedatu nahi dugu, zergatik ez Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanak piztuz. Lan handia gelditzen da, baina bide horretan segitzen dugu.
Nola egin daiteke “Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea” zehazki sentitua izan dadin jendarte zabalean?
Euskaraz bizitzeko eskubidea badugu, eta hori eguneroko bizian konkretuki biziarazi behar da. Ez bakarrik eskolan, baizik eta zerbitzuetan, aisialdi eta harremanetan ere. Horretarako, euskaraz aritzeko aukerak biderkatu behar dira, jendeak naturalki erabil dezan. Bestalde, sare elebidunaren ibilbide koherentea bermatu behar da, bereziki gazteentzat. Eskola mailen arteko hausturak saihestu behar dira, konfiantza azkartu eta euskaraz ikasia dena, froga ofizialetan baliatzeko dretxoa segurtatu.
“Azkenik, motibazioa lantzea baitezpadakoa da: ikasleek eta familiek ulertu behar dute euskara ez dela ondare hutsa, baizik eta eguneroko bizian baliagarria den hizkuntza. Horretarako, kultur eskaintza eta ekintza konkretuak azkartu behar dira.”
Azkenik, motibazioa lantzea baitezpadakoa da: ikasleek eta familiek ulertu behar dute euskara ez dela ondare hutsa, baizik eta eguneroko bizian baliagarria den hizkuntza. Horretarako, kultur eskaintza eta ekintza konkretuak azkartu behar dira.
Zein dira zuen arlotik, azaroaren 21ean, Euskalgintzak deitzen duen manifestaldian parte hartzeko 3 arrazoi nagusiak?
Lehenik, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu behar da, gero eta familia gehiagok hautatzen baitute irakaskuntza elebiduna. Horrek erakusten du euskaraz bizitzeko nahia gizarte oso baten nahia dela.
Bestalde, ikasle guztiek eskubide berak izan behar dituzte bi hizkuntzetan. Horregatik, euskaraz ikasten dutenei azterketak euskaraz pasatzeko aukera bermatu behar zaie!

by