Lapurdi, Baxe-Nafarroa eta Xiberoan, hizkuntza gaitasun biziko belaunaldi batek agur eginen digu laster. Bestalde, azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, murgiltze ereduaren hedapenak euskararen odolustea gelditzeko balio izan du. Testuinguru horretan, Aitor Servier-ek, komunitate egiteko tresna izan behar duen hizkuntzari buruz zonbait gogoeta partekatzen dizkigu.
Lerro hauek idazten ari naizelarik, astebete iragan da Euskaraldia ariketa sozial erraldoia hasi zenetik. 2018an bezala, hizkuntza ohituren aldaketa, euskahalduntzea eta asertibotasuna esperimentatuko dituzte milaka ahobizi eta belarriprestek; bide batez, ez bata ez bestea ez direnak interpelatuz. Txapetatik harago, euskararen erabileraren bidez hizkuntza paisaia eraldatzean datza proposamen hau. Euskaraldiaren aurrekarietako bat izan zen Baiona, Angelu eta Miarritzeko BAM dinamikan (2017) azaleratu genuen gisan, eguneroko estres linguistikoa bizi dugu eremu ez hain euskaldunetako euskal hiztunok. Egun ezagutzen dugun bi rolen eta ariguneen euskaraldi honek herri eta auzo anitzetako esperientziak izan zituen inspirazio-iturri; besteren artean, Lutxo Egia sortzaileak 2015ean Bilbon garaturiko Transitoak perfomancea. Egiak 24 orduz euskaraz bizitzeko parioa egin zuen orduan, Bizkaiko hiriburuan hizkuntza hegemonikoa den gaztelera ahantziko lukeen fikziozko subjektu bat gorpuztuz.
Euskaraz bizitzeko aukera errealen beharra
Azaro honetan berriz, Gaztealdia abian jarri zuten Euskal Herriaren lau ertzetako 9 gaztek. Gasteizen, Tuteran, Lasarte-Orian, Donibane-Lohizune edo Urepelen aste oso batez euskara hutsean bizitzeko entsegua egin zuten. «Euskararen erabilera determinatzen duten faktoreak identifikatzea eta ikusaraztea» izan ziren ekimen honen helburuak; baita gazteak euskarari buruz ahots propioarekin mintzatzea ere. Helduek euskararen berreskurapenaren gabeziak gazteon bizkar gainean zamatzeko joeraren gainetik, iniziatiba ausart honek belaunaldi berri baten engaiamendua plazaratzeko balio izan du.
Lapurdi, Baxe-Nafarroa eta Xiberoan, hizkuntza gaitasun biziko belaunaldi batek agur eginen digu laster. Haatik, VI. inkesta soziolinguistikoaren datuek (2016) erakusten digute murgiltze ereduaren hedapenak euskararen odolustea gelditzeko balio izan duela. Areago, euskararen ezagutza etengabe gora doa 16-24 eta 25-34 urtekoen artean. Belaunaldi berri honetako gazteak hizkuntzari buruzko ideia, bizipen eta praktika anitzekin hazi gara, eta euskaraz bizitzeko aukera errealak behar ditugu. Zenbat Herriko Etxek kontratatzen dituzte hezitzaile euskaldunak aisialdi zentroetarako? Zein herritako errugbi eta pilota eskolek funtzionatzen dute euskaraz? Urtean euskarazko zenbat film edo serie iristen dira nerabe eta gazteen tablet eta mugikorretara? Ikasketak direla, lana dela, garraioa dela, zenbat dira arreta euskaraz eskaintzen duten zerbitzuak?
Euskarazko irakaskuntzaren eskaintza orokortu
Euskaraz biziko bagara, gazte euskaldunok inguruan are gazte euskaldun gehiago behar ditugu. Kazetak eta Mediabaskek (1) berriki argitaratu bezala, Ipar Euskal Herriko ikasleen %27ak soilik jasoko ditu euskarazko klaseak bere ikas-prozesuan zehar; aurten adibidez, 40.000 haur eta gaztek ez dute euskararik entzunen ikasgelan. 2020-2021 ikasturte hastapenean agerian gelditu zen Hiriburuko Basté-Quiéta eskolaren auzia Blanquerren Hezkuntza Ministeritzatik sustaturiko estrategia jakobino baten ondorioa zela. Azkenean, euskaltzaleen mobilizazioari eta EEPko ordezkari instituzionalen posizio irmoari esker, herri presioari men egin eta gibel egin behar izan zuen Frantses Estatuak. Garaipen ttiki bezain garrantzitsua izan da Hiriburukoa, baina erronka bestelakoa da: Seaskak baliabide gehiago eskuratzea, murgiltze-ereduko esperimentazioak biderkatzea, formakuntza eta ikasketa profesional gehiago euskaraz eskaintzea, ikasgela elebidunak normalizatzea eskola publiko zein pribatu gehienetan, Hego Euskal Herrira jo beharrik izan gabe goi-mailako ikasketak euskaraz egiteko parada… Aipaturiko Kazetako artikuluan Antton Etxeberrik zioen gisan, euskarazko irakaskuntzaren eskaintza orokortuagoa balitz, anitzez guraso gehiagok eskolaratuko lituzkete haien haurrak euskaraz.
Aisialdirako eskaintza asmatu
Euskalgintzak euskalduntze fase berri bati bide eman behar dion honetan, gazteok eragile aktiboak izan nahi dugu. Aita-amek hartzen dute haien seme-alabak euskaraz edo frantsesez eskolaratzeko erabakia, baina gazteok egin egin behar dugu egunero euskaraz bizitzeko hautua. Berriz diot, 2020.ko galderei gaur egungo erantzunak eman behar zaizkie. Azken urteotan, bertso eskolen eta herri antzerkiaren (libertimenduak, toberak, kabalkadak) loraldia izan da gazte euskaldunok plaza hartzeko bulkada kolektibo nagusia. Haatik, musikaren industriaren aldaketek eta Covid-19aren testuinguruak, gure hizkuntza mihi eta belarri berrietara hedatzeko ohiko bitartekoak izan diren besta eta jaialdi herrikoien eskemak berrikustera behartuko gaituzte ezinbestean.Eskolan euskararik jasotzen ez duen Ipar Euskal Herriko ikasleen %73 horrek frantsesa, frantses kultura eta frantses esparru komunikatiboa ditu erreferentzia bakartzat. Hortaz, euskaldun kontzientziatuak sortzeko diskurtsoak ez ezik, euskara arrotz zaienei zuzendu beharko gatzaizkie. Gazteen kodeekin bat egiten duen aisialdirako eskaintza dugu asmatzeko, haien interesgune eta informatzeko moduekin konektatzen duten hedabideak, gazteok gazteentzat plantan ezarritako euskara klaseak… Trapa euskaraz, Twitch euskaraz, surfa euskaraz, laborantza eta erizaintza ikasketak euskaraz, euskaraz solastatzen duten gazte prekarioen eta neska gazte feministen taldeak…
Hizkuntza gatazka existitzen da, euskaldunok gutiengoa gara gure herrian, baita bigarren mailako herritarrak ere usutan. Gazteak gara gure hizkuntzaren oraina eta geroa. Euskaldunarena identitate inklusiboa den heinean, hizkuntza izan dadila etengabeko aldatzen doan jendartea komunitate egiteko tresna.
(1) Antton Etxeberri (2020), Euskarazko irakaskuntza: beste martxa baten beharra, Kazeta.