BIDEOA – Inperioa desagertu ondoren, herri germaniarrak heldu ziren Europa ekialdetik, arabiarrak gero eta kristautasuna hedatu eta finkatu zen gure inguruan hizkuntza erromantzeak sortzen ari ziren bitartean. Hizkuntza eta kultura aniztasuna ditugu Erdi Aroaren ezaugarri. Euskara hizkuntza nagusia zen eta haren inguruan hamaika mintzaira eta kultura zeuden. Erdi Aroan, baina, begi bistakoak dira barne-desorekaren hastapenak. Latina edo erromantzeak ez bezala, euskara ez zen idatzietan erabiltzen. Era berean, euskarak aldaketa geografikoak ezagutu zituen garai honetan.
Hizlariak:
Joseba Lakarra: Euskal Herriko Unibertsitateko Euskararen Historia eta Gramatika Historikoko katedraduna
Juan Jose Larrea: Euskal Herriko Unibertsitateko Erdi Aroaren Historiako irakaslea
Belen Bengoetxea: Erdi Aroko arkeologian berezitutako Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea
Antonio Breschi: konpositorea eta piano-jotzailea.
Musika: Unai Requejo
————————————-
DOKUMENTAL-SORTARI BURUZ:
Hizkuntza gugandik at bi liburu dira: gramatika eta hiztegia. Hizkuntza bizia, berriz, geu gara, hiztunok. Euskara ez da gugandik aparte dagoen zerbait.
Historiaurretik gaur egun arterainoko bidaian, bada, gure hizkuntz komunitatea da protagonista “Euskara Jendea” dokumental sortan. Menderik mende, Euskararen Herria eratu, osatu, bizi, egokitu eta aldatu da beste kulturekiko etengabeko hartu-emanetan.
Euskara bizirik ailegatu da XXI. mendera. Hemendik aurrera, baina, erronka zein galdera berriak ditu. Eta haiei erantzun beharko die, orain arte bezalaxe, iraungo badu.
————
MATERIAL DIDAKTIKOA: https://www.euskarajendea.eus/material-didaktikoa
Euskara Jendea, 40-50 minutuko sei atalek osatzen duten dibulgaziozko lana da eta publiko zabal bati aurkeztu nahi dio euskararen eta bere herriaren historia.
Hizkuntzak hiztunengan gauzatu dira, berengan bizi dira. Mintzaira baten historia beren hiztunena da ezinbestez, edo, nahiago bada, hiztunen historia beren hizkuntzarena da. Euskarak, berez, ezin du deus egin; euskaldunek bakarrik moldatu, garatu, galdu, pobretu, aberastu, normalizatu… dezakete euskara. Horregatik, Euskal Herriaren historia azaldu nahi izatekotan, euskaraz mintzo den jendearena esplikatu behar da, hizkuntza komunitatearen ikuspuntutik, alegia, Euskara Jendea garelako. Jarraian lan honen aurkezpen bideo-laburra.
Enbataren BIDEOAK atalean, datozen asteetan, behereko parteak ikusten ahalko dira:
1/ Historiaren atarian
2/ Erromako inperioan
3/ Aniztasunaren bidean
4/ Mugetan gaindi
5/ Gerren arteko pizkundean
6/ Mundua osatzen