
Elkar argitaletxeko Peio D’Uhaltek euskararen eta euskal kulturaren ikusgarritasuna indartzeko beharra azpimarratzen digu. Azaroaren 21eko manifestaldia hauspotzeko hiru arrazoi nagusi azpimarratzen ditu: euskaldunen indarra erakutsi, euskararen ko-ofizialtasuna aldarrikatu eta hizkuntza politika ausart eta eraginkorrak galdatu.

Enbata: Zein da zuen erakundearen ekarpena euskaldunen kopurua % 30era heltzeko?
Peio D’Uhalt: Elkarrek bi funtzio betetzen ditu: alde batetik argitaletxea da eta bestetik liburu denda ere bai. Argitaletxearen eskutik gure erronka da batez ere euskaraz argitaratzea, liburuen bidez hizkuntzan eta euskal kulturan sakontzeko aukera izan dezaten euskaldunek zein euskaraz ikasten ari direnek. Bide horretan, euskaraz ikasteko materiala ere sortzen du argitaletxeak eta hori baliagarri zaio ikasi nahi duenari. Liburu dendaren xedea da euskal liburua bistara ekartzea, lehen lerroan jartzea irakurlearen esku. Zoritxarrez Ipar Euskal Herriko liburu denda askotan euskarazko liburua oraindik zerbait exotikoa da, eta gutitan ikusgarria. Hizkuntza eta kultura batera doaz, euskalduntze prozesua ezin da gauzatu kultura kontuan hartu gabe. Kulturatzea ezinbestekoa da hizkuntzaz jabetzeko bidean eta horretan lagun dezake Elkarrek.
Zein izan dira zuen arloan ikusi dituzuen aitzinatzeak?
Azken urte hauetan euskarazko liburu eta literatura eskaintza anitz zabaldu da. Era guztietako sortzaileak ditugu eta izaera diferenteko jendearentzako liburuak daude. Ugaria da eskaintza eta kalitatea oso onekoa, euskaraz irakurri nahi duenak denetik topa dezake. Aitzinatze handiena izan da gazteei zuzendu eskaintzan. Azkenik azpimarratu behar da euskarazko komikien ekoizpena handitu dela ere bai.
Eta ber maneran zailtasun nagusiak zein diren zehatz dezakezu?
Kulturak duen zailtasun nagusietakoa da jendearengana iristea, oraindik ere lan handia egin behar da kultura handien ondoan ikusgarri izateko. Euskal kultura ikusgarri egiteko bideak jarri behar ditugu denen artean, eta euskal ekoizpenaren aldeko interesa sortu.
“Euskal komunitatea txikia da beste batzuen ondoan, eta euskal kultura ikusgarri egin nahi bada aldeko politikak bultzatu behar dira.”
Euskal komunitatea txikia da beste batzuen ondoan, eta euskal kultura ikusgarri egin nahi bada aldeko politikak bultzatu behar dira. Euskal kultur politika sendo baten beharra begi bistakoa da: sortzaileei bide emango diena beren lana sortzeko eta euskalgintzari zein euskal kulturgintzako eragileoi gure lanaren balioa agerian eman eta errexteko laguntzak bideratuko dizkien politika behar da.
Nola egin daiteke “Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea” praktikan ezagutua eta sentitua izan dadin jendarte zabalean?
Ez da lan errexa, baina erranen nuke lehen urratsa dela euskaldunak hizkuntzari lotzea. Guk euskaraz egiten dugun heinean, eta zenbat eta gehiago egin, orduan eta nabariago izanen da euskara badela. Euskarak espazioak hartu behar ditu, euskara jendarteko esparru guzietara zabaldu behar dugu, eta edonon euskaraz egiteko dugun eskubidea aldarrikatu behar dugu, euskal komunitate bat existitzen den neurrian, euskaraz bizitzeko eskubidea ere existitzen baita. Konkretuki, euskara hutsez funtzionatzen duten ekitaldiak biziki inportanteak dira: adibidez Ziburun antolatu liburu azoka edo Sarako Ikusi Mikusi.
“Erdaldunen inplikazioa lortu behar dugu. Anitzek erranen dute euskararen alde direla. Lortu behar dugu euskararen geroaz ardura daitezen.”
Bestalde, erdaldunen inplikazioa lortu behar dugu. Anitzek erranen dute euskararen alde direla. Lortu behar dugu euskararen geroaz ardura daitezen.
Zein dira zuen arlotik, azaroaren 21ean, Euskalgintzak deitzen duen manifestaldian parte hartzeko hiru arrazoi nagusiak?
Lehena, euskaldunak bagarela eta anitz garela karrikan erakusteko beharra. Erakutsi behar dugu herri bat dagoela hizkuntza baten alde eta hizkuntza horretan bizitzeko hautua egina duela. Euskaltzaletasuna zabaltzea eta indartzea da gure erronka handietako bat. Euskararen alde dagoen jendea euskaraz egitera bultzatu behar dugu. Bigarrena, ofizialtasuna edo ko-ofizialtasuna behar dugula erratea. On da herritarrok gure lana egin dezagun, baina hizkuntzak behar du bere estatusa aitzina jotzeko. Estatus hori boteretik etorri behar da; onartu behar dute euskara euskaldunen hizkuntza dela eta euskaraz egiteko eskubidea dugula. Hirugarrena, hizkuntza politika eraginkorrak behar ditugunez, haien aldeko aldarrikapena egiteko ateratu behar dugu karrikara, gure herriko politikariak aktibatzeko euskararen aldeko neurriak har ditzaten.

by