
Nola sartu euskara oporretako maletan? Paperezko liburu, irakurgailu, podcast eta streaming bidezko musikaren artean, udak euskaraz bizitzeko aukera anitz eskaintzen ditu, eguzkitan zein bizikletan.
Uda hor dugu eta gehienentzat, bakantza garaia heldu da. Etzaulkian, bizkar-zakuan, bizikletako alportxetan edo maleta gurpildunean euskara nola eraman pentsatzeko momentu egokia da…
1, 2, 3 liburu
Literaturaren aldetik, iduritzen zait uda dela paperezko liburuetarako sasoi gozoena. Horretarako abantaila anitz badituzte: eguzkitan ongi irakurtzen dira, ur tantek, hezetasun pixka batek edo hondar aleek ez dituzte sobera kaltetzen, lagunen artean errexki truka daitezke eta, batez ere, ez dira deskargatzen… Adibidez, uda giroan murgiltzeko, Goiatz Labandibarren Zoo (1) liburua egokia da. 12 narrazio laburren bidez, egileak kanpin baten mikro gizartea irudikatzen du. Irringarria bezain zorrotza…
Batzuek irakurgailua edo “liseuse” delakoa hautatuko dute, arin bidaiaturik ere liburu anitz eramateko ezin hobea baita… Argitaletxe batek baino gehiagok liburu elektronikoak plazaratzen ditu baina Susak egiten duen indarra aipatzekoa da. Argitaratzen dituen liburu guziak epub moduan eskuragarri dira (2). Prezio apal-apala ezartzen dute, azalduz diru kopuru hori nola banatua den idazle, argitaletxe eta zergen artean, eta konfiantza dute deskargatzen duenak ordainduko duela… Uda osoa Itxaro Bordarekin iragaiten ahalko duzue, haren liburu andana bat hartuz. Ene aldetik, Miren Agur Meaberen azken eleberria, Amorante frantsesa, deskargatuko dut, baina denen gustuko liburuak aurkitzen dira: saiakerak, antzezlanak, poesia…
Izan paperez ala numerikoz, liburu bat hautatzeko zailtasunak baldin badituzu, EKEk berriki atera duen tresna bat lagungarri izaten ahal zaizu. Literaturazale talde batek 50 bat liburu hautatu ditu, euskaraz guti edo batere irakurtzen ez dutenak gogoan hartuz. Genero eta gaiaz gain, maila eta euskara mota zehaztuak dira. http://irakur.eke.eus
“Izan paperez ala numerikoz,
liburu bat hautatzeko
zailtasunak baldin badituzu,
EKEk berriki atera duen tresna bat lagungarri izaten ahal zaizu.
Literaturazale talde batek 50 bat liburu hautatu ditu,
euskaraz guti edo batere irakurtzen ez dutenak gogoan hartuz.
Genero eta gaiaz gain, maila eta euskara mota zehaztuak dira.
www.irakur.eke.eus“
Belarritakoetan
Bizikletaz bidaiatzen bazara, pedalatzen duzun bitartean, podcastak entzutea lehenetsiko duzu agian, izan aitzinetik deskargatuak ala interneten zuzenean (estaldura aski ona bada…). Zure irratietako emankizun gogokoenak entzuteko edo berriz entzuteko parada da, adibidez “Gure bazterrak” emankizun ikonikoa (3) edo Radiokulturak eskaintzen dituen podcast eklektikoak (4). Azken urteetan, irratiez aparte, beste hedabide batzuk hasi dira podcastak sortzen, aniztasuna zabaltzen. https://podcast.eus/ plataforman, podcast batzuez gain, hedabide horien loturak aurki daitezke. Sailka antolatuak dira, saio andana bilduz. Historia maite baldin baduzu, Paperezko Itsasoa (5) preziatuko duzu. Euskararen ezagutzan sakondu nahi baduzu, Ezer ez da festa (6) hautatuko duzu. Sendabelarrek interesatzen bazaituzte, Menda Bikoitza (7) entzun dezakezu, ekologiari lotu gaiak entzun gogo baldin badituzu, Kinka (8) hor duzu… Lau adibide, eskaintza oparoaren artetik…
Euskal musika entzuteko, aldiz, Badok.eus ataria ezinbestekoa da: plataforma digital andana batean (Spotify, Youtube, Deezer, Bandcamp, Soundcloud,…) den euskal musika entzungai jartzen du, streaming teknologia erabiliz. Zerrendak (9) (playlist-ak) proposatzen ditu. Adibidez EHZko giroan (berriz) murgildu nahi baldin baduzu, 2025ean parte hartu duten euskal talde bakoitzaren kantu batez osatu zerrenda badakar.
Aukera anitz, beraz, opor garaian euskal kulturaz gozatzeko; osaba Antonio zaharrak erraten zuen bezala:
“Iragan nahi badituzu bakantza miresgarriak,
hauta euskal podcastak eta liburu interesgarriak!”
(1) Zoo, Goiatz Labandibarren, Elkar, 2025
(2) https://susa-literatura.eus/ebook/
(3) https://euskalirratiak.eus/irratsaioak/gure-bazterrak
(4) https://radiokultura.podbean.com
(5) https://podcast.eus/paperezko-itsasoa
(6) www.berria.eus/podcastak/ezer-ez-eta-festa
(7) www.argia.eus/multimedia/menda-bikoitza
(8) www.berria.eus/podcastak/kinka
(9) www.badok.eus/zerrendak