Joan den larunbatean, EH Bai eta EH Bilduk deiturik, 200 bat lagun bildu dira Hendaia eta Saran “Euskal Herrian mugarik ez!” antolatutako elkarretaratzean. Ipar eta Hego Euskal Herria lotzeko errepideak berriz hesteko erabakiaren gibelean Estatuen borondate uniformizatzailea dela argi uzten du jarraian aurkituko duzuen deitzaileen agiriak.
Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, atzo hartutako ebazpena dela eta, «terrorismoaren aurkako borroka indartzeko» muga zeharkatzeko zortzi pasabide itxiko dituzte bihartik goiti baina, noiz arte iraunen duen zehaztu gabe.
Erabakia, Frantziako Barne Ministerioarekin eta Espainiako Gobernuak Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dituen ordezkariekin hitzartuta izan da. Mugen itxiera honek, Frantziar eta Espainiar estatuek, Euskal Herriaren barne bizitza baldintzatzeko edo zuzenki eten egiteko duten gaitasuna erakusten dutela salatu dute EH Baik eta EH Bilduk, konplexurik gabe. Nazio gisa ditugun urradurak eta arrakalak areagotuz. Ez da lehen aldia. Orain dela hilabete batzuk bi estatuek mugak itxi zizkiguten COVID19aren pandemia dela eta baita G7ren karietara ere, euskal herritarrei kalte ugari pairatuz.
«Terrorismoaren kontrako borroka» indartzeko argudioa aitzakitzat hartuta neurriz kanpoko presentzia poliziala eta giro sekuritarioa areagotuko direla nabarmendu dute EH Baik eta EH Bilduk. Gure Herria setio egoeran jarriko dute. Horren adierazle da Baigorriko opor zentroan berriki instalatutako militar akanpalekua. Orotara 4.800 polizia, jendarme eta militar mobilizatuak izanen dira operazio honetarako. Zer bilatzen dute indar polizial eta militar hedatze horrekin? Beldurra sortu nahi ahal dute bertako herritarrei?
EH Baik eta EH Bilduk uste dute bi Estatuek beraien izaera uniformizatzailea sendotzeko baliatuko dutela egoera hau. Euskal herritarren arteko harreman naturala, familiarra, afektiboa, kulturala, soziala, ekonomikoa, etab… eten egingo dizkigute, inposaketaren bitartez. Bestetik, azpimarratu dute erabaki horiek ez dutela ekarriko onurarik euskal herritarrengan.
Zentralismoaren aitzinean, inoiz baino behar handiago sentitzen dute EH Baik eta EH Bilduk nazio eta herri bezala bizitzeko, erabakitzeko eta, baliabide eta tresnak indartzeko. Demokraziaren hustutze honen aitzinean muga artifizialak desegin eta eremu naturala den Euskal Herria eraiki beharra dago, euskal herritar guztien artean, gure bizitzaren erabakiak hartzeko.
Mugaren ixte horrek ez du zentzurik; areago injustizia eta inkoherentzia dela esanen dut. COVID a eta G7 karietatik landa, azken denboretan behin muga itxi zuten 1974 garren urtean, Francoren Espainiako Gobernuak aginduta, Madrilen ETAk egindako atentatua Iparraldeko “sanktuarioan” antolatuko zutelakoan. Egun batetik batera muga zeharkatzeko pasaportea eskatu zuten, mugako langile eta salerosle asko nardatu zuena. Normalki aste bateko epe bat beharrezkoa da muga baten ixteko edo muga baten zeharkatzeko araudiak aldatzeko. Frantziako Gobernuak garai hartan ez zuen protestarik egin
Oraingo kasuan “terrorismoa” da aitzakia. Baina noren terrorismoa? Aspalditik ETAren borroka armatua bukaturik dago; horretaz gainera, borroka armatuaren denboretan kontrola gehiago izanik eta, Hegoaldeko gudariek muga nahi zuten bezala zeharkatzen zuten; Frantzia okupaturik zegoelarik, judu iheslariak, erresistentzian arituak eta Bretainia Hauditik paraxutaz helduriko soldadoak bertakoen laguntzari esker mugatik barna joaiten ahal ziren. Zer egin zuten Frantziako agintariek GAL eta BBVE ak egindako eraso eta hilketen kontra? Horren karira ez zuten muga sekulan itxi, alderantziz oso irekia izan zen, eta haien basakeria egin ondoren, Hendaiako mugan GAL ekoak edo BBVE koak dei bat Madrilera egin ondoren, nahi zuen bezala iragan zezakeen. Djidahisten terrorismoa dela eta, Frantziako agintariek hiri handien auzo liskartsuetan edo integristen mezkitetan begira dezatela eta Euskal Herritarrak bakean utz bitzate.