Garai guzietan, «denak elgarrekin» edo «denak batera» arizaiteak beti ukan du oihartzun ona militantzia ezberdinetan. Gaur egun, «estrategia bateratua» eta «indar metaketa» formulak arrakastatsuak dira. Intuitiboki denak ados dire horiekin.
Joxerra Bustillo kazetariaren eta Manu Robles-Arangiz Funazioko kide den Unai Oñederra-ren artikuluaren bidez elkarlanren eraginkortzeari buruzko googeta hasten du Alda!ren ale honek. Bi lekukotasun mamitsu hauei esker, ideia da boterea eta kontra-boterearen arteko harremanen ikertzea, ezkerreko mugimendu sozialak eta alderdiak jarraituz, eta, ondotik, Enbata.info-ren bidez, lekukotasun ezberdinak lagun, gaiaren sakontzen jarraitzea.
«Tous ensemble !» edo «Denak elgarrekin» bezalako formulak ainitz entzuten dira aldarrikatzeko antolatuak diren mobilizazioetan. Batzutan otoitza edo formula magiko batekin parekatzen ahal badira ere, usu, formula horrek, oihukatzen duenari berari emaiten dio bere helburuen lortzea saihets ezina bilakaraziko duelakoaren sentsazioa. Erraiten ahal da «estrategia bateratu» baten dei hau, jada duen famari esker, gehiengoak beti naturalki erabiltzen duela. Alabainan, lasaitzen du eta nahi den aterabideruntz joaiteko bide naturala bezain idealizatua dirudi.
Teoriatik, praktikara
Baina xede edo nahiatik gauzatze zehatzera, hainbat galdera agertzen dira:
• Mugimendu sozial, sindikal eta politikoak, nola eta noiz antolatzen dira «estrategia bateratu» honen «marrazteko»? Zeren militante edo erakunde bakotxak untsa ezagutzen du ondoko formula «Egitea galdegiten didatena untsa egiten dut. Egitea galdegiten dudana (ene buruari) hobeto egiten dut!». Horrek argi uzten du herritar eta erakunde ezberdinek edozoin proiektutan nahiago dutela hasieratik aktore izan elgarrekin eta molde bateratuan proiektu berri baten helburuak, etapak, abiadurak eta aliantzak lantzeko.
• Eta ezkerrak botere politikoa hartzen duelarik, zer izan behar da mugimendu sozial eta sindikalen estrategia beren ohizko aliatuekin, alderdi ezkertiarra boterean delarik? «Soldatutxo bat bezala, amen erran» ala mugimendu sozialak proposamen iturri, animatzaile, aldarrikatzaile eta akulatzaile gisa jarraitu behar du elgarrekin aldarrikatuak ziren politiken gauzatzea lortu arte?
Eredu eta iritzi ezberdinak ikertu
Kasu ezberdin horien hobeki irudiztatzeko, otsaila bukaeran Garan argitaratua izan den Joxerra Bustillo-ren artikuluaren pasarte batzu argitaratzen ditugu. Bertan, kazetariak, ELA sindikatuaren jarrera kritikatzen du gaur egungo prozesuari dagokionez edo herri eta instituzio garrantzitsu batzutan gaur egun boterean den ezker abertzalearekiko ELA sindikatuak dituen harremanei dagokionez. Ondotik, Manu Robles-Arangiz Fundazioko kide den Unai Oñederra-ren ELA sindikatuaren aurkezpen batek ber elementuei buruz osagarriak diren argitasun batzu ekarriko ditu.
Bi gogoeta hauek ekartzen dituzte Hego Euskal Herrian (baina Europan eta Hego Amerikan gaindi ere) garrantzitsua den eztabaida baten elementuak : Zer harreman mugimendu sozial eta alderdi politikoen artean? Zer artikulazio botere eta kontra-botereen artean? Nola sortu dialektika bertutetsua instituzioetan den ezkerraren eta karrikan den ezkerraren artean? Zer da strategia bateratua? Zein dira gaur egun martxan den prozesuak Hego Euskal Herrian normalizazio politikoaren bataila irabazteko behar dituen baldintzak, aldarrikapenak sisteman integratzeko, euskal ezkerra eta independentismoa desaktibatzeko prozesu bilakatu gabe?
Enbata.info bere maila xumean saiatuko da 7 probintzietan borroka abertzalearentzat funtsezkoak diren gogoeta eta eztabaida hauetan parte hartzerat.
Zer harreman mugimendu sozial eta alderdi politikoen artean?
Zer artikulazio botere eta kontra-botereen artean?
Enbata.info bere maila xumean saiatuko da 7 probintzietan
borroka abertzalearentzat funtsezkoak diren
gogoeta eta eztabaida hauetan parte hartzerat.
Mugimendu sozialak eta boterea. ELAren kasua Joxerra Bustilloren artikulutik
Joxerra Bustillo Kastrexana kazetariak, joan den otsailaren 25an, Gara egunkarian argitaratzen zuen gogoeta artikuluaren pasarte honetan mugimendu soziala (bereziki ELA sindikatua) eta poderean diren alderdi politikoen arteko harremana, bai eta ere, buru jabetzaren aldeko aliantzen egiteko posibilitateak aipatzen ditu.
ELA eta EAJ Gernikako Akordioa izenpetu gabe
“Gaur egun azpimarratzen ahal dena da, ELA sindikatuak hartzen dituen jarrera batzu EAJ alderdiarenen idurikoak direla.Hara nola, baten aipatzeko, biziki erranahitsu da abertzale edo/eta nazionalisten munduan Gernikako Akordioa izenpetu gabe egon diren bi erakundeak EAJ eta ELA direla. Baliteke ez izenpetze horren arrazoinak arras ezberdinak izaitea, baina argi gelditzen den errealitatea da bi agente horiek ez dutela izenpetu Akordioa. Egiazko arrazoinaren jatorria, haien arabera, Akordio horren gibelean ezker abertzalea litaikela, eta haren izenpetzeak, ezker abertzalearen posizioa indartuko lukela.
ELA eta EAJ-ren Bildu-ri buruzko etengabeko kritikak
Beste kointzidentzia edo bat-etortze bat bada bi agente horien artean. Bildu alderdiaren politikari buruz eramaiten duten etengabeko kritika.Gipuzkoan eta alderdi horrek ardura instituzionala duen gune guzietan.Koalizioaren politika instituzionalaren alde kritikagarriak, autokritika ikuspundu batetik partekatzen ahal dituztanak, bazterrerat utziz, argi da ELAk erabili duen irmotasuna bere kritiketan ez dela beste lurralde batzutan agertzen EAJ edo PP-ri buruz. Hortan ere bat egiten du bereziki garratza den EAJren Gipuzkoako jarrerarekin. Molde inplizituan, ELAk bere jarrera defenditzen du erranez Ezker Abertzalearen instituzioetan sartzea ezezkorra izan dela ekintza sindikal bateratuarentzat, horrekin ulertaraziz aintzineko ilegalizazioaren garaia emankorra zela elkarlan sindikalarentzat.
Indarren bateratzea norekin?
Nehork. ez du ELAri Bilduk hartzen dituen neurri guziak txalotzeko galdea egiten, urrundik ere. Hemen den xedea da sindikatuak argi ditzan bere burujabetzaren aldeko estrategiari buruz diren dudak. Alabainan, Bildu-ren ekintzei bere zilegitasuna galarazten hasten bada, zaila izanen da atxikitzea burujabetzaren aldeko bloke politiko-sozial baten garatzea Ezker Abertzalearekin. Eta Ezker Abertzalearekin ezin izanez lortu zein indarrekin edo kiderekin eraikitzen ahalko du bloke hori?”
“Askatasunaren alde, eskubide guztiak guztiontzat” lelopean Donostian egindako manifestazioa (2009-10-17) :
Gara-ko 2min.47ko bideoa (https://vimeo.com/7142273) gehiengo sindikalak deitutako manifestazioaren irudiekin
eta ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusien adierazpenekin
“Zertan dabil ELA?”, Unai Oñederra-ren artikulua
Gai horri buruz, apirilaren 6an, Unai Oñederrak, MRA Fundazioko kideak, hainbat elementu ekartzen zituen egoeraren ulertzeko edo argitzeko, gako interesante batzu eskainiz “Zertan dabil ELA?” artikuluan.
“Euskal Herria berezia bada ez da RH negatiboarengatik, ezta euskaldunak berez bereziak izateagatik, ezta abertzale izateagatik ere. Herri hau berezia bada mugimendu bereziak sortzen jakin edo asmatu dugulako izan da. Errealitate berriak eraikitzeko erabakimena, ausardia izan dugu eta horrek egin gaitu garena, horrek egingo gaitu izango garena.
Errealitate berriak eraikitzeko erabakimena eta ausardia
Gehienak aipatu gabe utziko ditudala jakinda, eta aurrez barkamena eskatuta, burura datorkit mugimendu kooperatiboa; burura datorkit ikastolen mugimendua, Ezker Abertzalea, Euskaldunon Egunkaria-Berria, Bertsozaleen elkartea, Korrika bezalako mobilizazio paregabea antolatzen duen AEK… Adibide soilak herri hau badabilela adierazten dutenak, berezi egiten gaituztenak.
Baina bada mugimendu bat, askotan garrantzirik ematen ez diogun arren, Europan salbuespena dena: Euskal Herriko langile mugimendua. Zehazkiago esateko: ELA sindikatua.
ELA sindikatuaren ezaugarri eta berezitasunak
Gustatu edo ez, ELA sindikatu berezia da mundu mailan hurrengo arrazoiengatik:
- Gehiengoa duen estaturik gabeko nazio bateko sindikatu bakarra da munduan (Quebec-eko CSN-rekin batera).
- Erosotasunean erori ordez eraberritzeko gaitasuna izan du, gaztetuz, feminizatuz eta prekarizatuz.
- Hego Euskal Herrian ematen diren enpresetako gatazka guztiak lideratzen ditu. Langileen interesak defendatzeko greba eta borrokei iraupena emateko gaitasuna du, daukan antolakuntza ereduari eta greba kutxari esker. Besteak beste Europako grebarik luzeena egin du: ia hiru urtekoa Ariznavarra zahar etxean.
- Lau sindikatuen arteko lehian %35eko ordezkaritza izanda ere, ez da diru laguntzen menpe bizi. Afiliatuak dira sindikatua sostengatzen dutenak kuota garesti bat ordainduz, merezi dielako, hau da, beren interesak defendatzeko erreminta eraginkorra dela sinisten dutelako (kuotek diru sarreren %90 suposatzen dute).
- Duen afiliatu kopurua egiaztatzeko ikuskaritza publikoa egiten du lau urtean behin, ustelkeria eta gezurkeria garaiotan gardentasuna eredugarria erakutsiz.
- Bere eremuan gehiengoa izanda elkarrizketa sozialari uko egin dion sindikatu historiko bakarra da munduan. 80. hamarkadan berak sortutako elkarrizketa sozialeko mahaiak utzi ditu neoliberalismoaren eraginez langileentzat etekinik ematen ez zuten momentuan, beraietan parte hartzeagatik jasotzen zituen diru laguntzei uko eginez.
- Bere lana enpresetan langileak antolatzean zentratu du uko eginez Europan sindikatu nagusiei sistemak bake sozialaren truke eman dizkien negozioei: etxebizitza promozioa, pentsio sistema kudeaketa, enplegu zerbitzua, bidaia agentzia, bankua…
- Nortasun politiko osoa du. Hau da, langile klasearen ikuspegitik egiten du errealitatearen irakurketa osoa, enpresaz kanpo langileak ere langile garelako. Langileen bizi baldintzetan eragina duen errealitate ororekiko iritzi eta ikuspegi propioa du: gizarte eredua (zerbitzu publikoak, zerga politika, gizarte babesa, azpiegiturak), giza eskubideak, demokrazia, burujabetza… Alderdi politikoekiko independentea da. Autonomia politiko honek aliantzak egiteko balio du.
- Berebiziko garrantzia ematen dio langileak antolatzeari eta beren borrokei norabide bat emateari. Langileekin borroka pedagogia egiten du pentsamendu bakarretik kanpo, trebakuntza ideologiko, egoera azterketa eta asanbladen bidez.
- Alderdi politikoek beren dinamika propioa dutela sinetsita, beraiekiko autonomoa izango den kontraboterea antolatzen saiatzen ari da beste sindikatu eta gizarte eragileekin, instituzioetatik aldaketa nahi duten alderdientzat akuilu eta koltxoi lana egiteko.
Berezitasun hau ez diot nik aitortzen mundu mailako sindikatuen ikerlariek baizik (Adelheid Hege eta Christian Dufour).
Zuhaitzek ez ote digute basoa ezkutatzen?
Langileon ikuspegitik, ezker ikuspegitik, garrantzitsua al da Euskal Herriarentzat halako sindikatu bat izatea? Ni behintzat baiezkoan nago. Horregatik kezkatuta nauka azken aldian entzuten ditudan zenbait iritzik: ELAk asko esan baina ez du ezer egiten; ELAk bere buruan besterik ez du pentsatzen; ELAk PNVrentzat lan egiten du; ELA Ezker Abertzalearen kontra ari da arrazoirik gabe… Zergatik esaten dira halakoak? Gernikako Akordioan sartzeari baiezkoa emanez gero desagertu egingo ziren iruzkinok? Bilduri kritikak egiteari utziz gero akabo arazoak? Ez dakit zuhaitzek ez ote diguten basoa ezkutatzen.
Aliantzak desberdintasunak onartuz eta nortasun proprioak errespetatuz
ELA Euskal Herriko langileentzat ezinbesteko tresna bat da, are gehiago garai hauetan. Beraz, normala ez, beharrezkoa da ELA indartsu mantentzea, are eta haztea ere. Gainera, esan dudan bezala, ELAk nortasun politiko propioa dauka, bere ikuspegia du langileei eragiten dioten gai guztietan eta, ikuspegi, autonomia hori errespetatzea ezinbestekotzat ikusten du. Edozein aliantza eta estrategia amankomuna nahi bada desberdintasunak onartu eta nortasun propioak errespetatu behar dira.
Orain arte zer eskaini zaio ELAri? Alderdi politiko batek diseinatu duen estrategia batean sartzea. ELAK ez du parte hartuko diseinuan parte hartu ez duen inolako estrategietan. Txikik dioen bezala: prozesua bai, prozesioa ez.”
« Mugimendu sozialak, ezkerra boterean delarik » edo “Estrategia bateratuak” bezalako erronkak jorratzen segituko du Alda!k, laster www.enbata.info web gunean idekiko den atal batean.