Elebakartasun funtzionala

Bergarako lan-munduan euskara sustatzeko sortutako Harixa hitzarmena.

Patxi Saez Beloki, soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea

Hil hurren dago elebakartasun funtzionalik ez duen hizkuntza oro. Hain zuzen ere, inperialismo linguistikoak horixe izaten du jomuga nagusia: ahulezi egoeran dagoen hizkuntzak ez dezala aukerarik txikiena ere izan elebakartasun funtzionalean bizitzeko.

Inperialismo linguistikoak hizkuntza gutxituari erasotzeko eta hura suntsiarazteko bidean, beti elebitasuna bihurtzen du lege eta, bereziki, elebitasun simetrikoa ezartzen du jarraibide aldaezin eta bazterrezin.

Elebitasun simetrikoak gizarte egoera berean ez dauden bi hizkuntzari tratamendu berbera ematen die hizkuntza indartsuenak bere nagusitasuna betikotu dezan eta hizkuntzarik ahulenak bere ahulezia areagotu dezan, heriotzerainoko bidean hizkuntza nagusiarekiko erabateko menpekotasunean bururik ez altxatzeko. Elebitasun simetrikoak, kate beretik orkatilatik elkarri lotuta doazen bi preso horiek bezalaxe, ibiltzeko beti pausoa aldi berean eta neurri berean eman beharra eragiten du, hizkuntza gutxituak pausoa luzatu ez dezan bere kasa aurrera egiteko.

Horregatik, hizkuntza gutxituak pausoa piska bat aurreratzen duen tokietan eta esparruetan, inperialismo linguistikotik hizkuntza hegemonikoaren «bazterketa» gertatzen dela gaitzesten dute eta salatzen dute; maiz, gainera, salaketa hori bere alde sistematikoki egiten duten epaitegietara eramanez. Inperialismo linguistikoaren epaitegi horiek, berriz, elebitasun simetrikoaren zaintzaile eta aldezle amorratuak ditugu, funtzionario bati lehen agurra euskaraz egitea ukatzeraino eta debekatzeraino, edota euskal administrazio publikoaren telefono-erantzungailuetan eta informazioa zabaltzeko bozgorailuetatik lehen ahots mezua euskaraz ematea ezeztatzeraino eta galarazteraino, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, aurrena, eta Madrilgo Auzitegi Gorenak, ondoren, 2023an eta 2025ean, hurrenez hurren, ebatzi zuten bezalaxe.

Elebakartasun funtzionala, berriz, osasun beteko hizkuntza ororen ohiko hizkuntza egoera naturala da. Euskararen elebakartasun funtzionaleko guneek, giza harremanetarako euskara erabiltzeko behar objektibotik, euskalduntzearen aldeko dinamika linguistikoak sortzen dituzte gune horietan bizi diren herritarren artean. Elebitasunak erasandako hizkuntzek, aldiz —gure euskarak kasurako—, pairatzen duten minorizazio graduaren arabera, gero eta elebakartasun funtzionaleko esparru eta eremu soziolinguistiko gutxiago izango dituzte, hain zuzen ere, elebitasunetik eremu soziolinguistiko horiek suntsiaraztea baita lehentasunezko helburua. Gaur egun, 10 herritarretatik bakarra bizi da euskalduntzera daramaten dinamika linguistikoak nagusi diren gune soziolinguistikoetan. Beste era batera esanda: 10 herritarretatik 9 erdalduntzera daramaten dinamika linguistikoak nagusi diren gune soziolinguistiko elebidunetan bizi dira. Alegia, egungo Euskal Herrian bizitzeak erdaldundu egiten du.

Gaur egun egiten den euskararen erdia baino gehiago (% 60) arnasguneetan egiten da. Siadeco Ikerketa Elkarteak aurkeztu berri duen Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlanaren arabera, euskararen arnasguneetan hiztunen %7,2 bizi ziren 1991. urtean; %2,9 ziren 2021ean; eta %0,2 izan daitezke 2036an. Bakarrik 7.267 pertsona biziko dira euskararen nagusitasun eremuetan 2036an, biztanle gutxiko 21 udalerritan: hamabi Gipuzkoan egongo dira, eta gainerakoak Nafarroan. Bizkaian alerik ez. Galera handia da: 2021ean 82.791 biztanle bizi ziren eremu horietan, 1991n 113.734 ziren. Horrela, proiekzioa betez gero, historian lehen aldiz, sozialki nagusi den ia lurralde eremurik gabe geldituko litzateke euskara.

Eguneroko dinamika linguistikoak elebakartasun funtzionaleko esparru eta eremuetan bizi diren hiztunak berezko hiztun bihurtzen ditu, eguneroko giza harremanetarako erabiltzen duten hizkuntza horretan beste edozein hizkuntzatan baino erraztasun handiagoa ukanez. Pelotariek pelota jotzeko eskurik trebeena nola, hala lehenesten dute hiztun horiek, aukera duten guztietan, hobeto eta errazago egiten duten hizkuntza hori. Hiztun horiek berezko hiztunak dira, hizkuntza horrek bere-bereak dituen hiztunak, edozein hizkuntzak osasuntsu bizirauteko behar beharrezkoak dituen hiztun naturalak. 2021eko Inkesta Soziolinguistikoaren datuetan oinarrituta honakoa dio Iñaki Iurrebasok: euskaraz errazago eta hobeto moldatzen diren 195.000 berezko hiztun dauzkagu (%7), bi hizkuntzetan antzera moldatzen direnak 222.000 (%8) eta beste guztiak, 2.230.000 erdaraz hobeto moldatzen dira (%85), nahiz eta horietako batzuek euskara ere badakiten baina zailtasunez moldatzen diren. Alegia, euskaraz egiten den lurraldearen luze-zabalean 12 lagunetatik bakarrak egiten du errazago eta hobeto euskaraz beste edozein erdaratan baino.

Elebitasunak erasanda hil hurren dagoen hizkuntza ororen elebakartasun funtzionalaren azken gotorlekua familia dugu. Familia euskaldunek euskara dute etxekoen komunikazio tresna efektibo eta afektiboa. Etxe elebakar horietako kideek, beraien komunikazio beharretarako, euskara dute molde eta moldatzaile. Hain zuzen ere, familiaren baitan egiten den lehenengo sozializaio horretan, etxeko txikienen artean aurkituko ditugu, gaur-gaurkoz, euskarak dituen euskaldun elebakar eta ale bakar apurrak. Euskarak dituen elebakar horiek, ordea, bigarren sozializazioak elebidunduko ditu: eskolak, alegia. Etxetik lehen hizkuntza euskara duten euskaldunek ekoizten dute egiten den euskararen bi heren. Proportzioan, horiek dute euskal hiztunen arteko erabilera-ratiorik onena (Iurrebaso eta Goikoetxea, 2025).

Euskal Herrian 2036an beste jatorri batzuetako 692.000 herritar (% 23) biziko dira gure artean eta 25-44 adin taldean erdiak Euskal Herritik kanpo jaiotakoak izango ditugu. Adin multzo zentrala da hori, bai haurrak izateko adinean dagoen belaunaldia delako, bai lan munduan daukan eraginagatik. Lan munduak erakarrita etorriko dira gurera eta lan mundua bihurtu behar dugu belaunaldi horiek euskalduntzeko ate. Euskalgintza antolatuak XX. mendean eskola euskalduntzeko egindako apustu eta bultzada hura XXI. mendean lan mundua euskalduntzearekin daukagun erronka berbera da. Izan ere, gaur egun, eskolak euskalduntzen duena lan munduak erdaldundu egiten baitu.

Udazken kolorea duen gure euskararentzat negu gorririk nahi ez badugu, etxean ez ezik, eguneroko gizarte bizitzaren luze-zabalean, oro har, eta lantegi-fabriketan eta lan bizitzan, bereziki, elebakartasun funtzionaleko gune soziolinguistiko berriak ugaritzetik eta finkatzetik ekarriko diogu udaberritzeko abagunea.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

One thought on “Elebakartasun funtzionala

  1. Euskararen koofizialtasuna aldarrikatu zelarik askok pentsatu genuen aski ez zela.1980 hamarkadan ETAk egiten zuen ez zuten ulertzen “orain arte debekatua zen euskara, legez irakatsiko baita”; Behin baino gehiagok zioten aditu batzuk”hizkuntzaren aldetik Irlandako bidean sartu gara”. Euskarari eman zion eremu legala hestuegi da, aspalditik barnetik eta kanpotik zapaldurik dagoen edozein hizkuntzarentzat bezala. Gazteleraren egoera lehenestu du bakarrik. Baina horrengatik guztiarengatik “gaztelera defendatzeko” lege bat eratu zuten. Hortik dator gaurko euskararen egoera gazi gozoa. Orain euskararen kontra hezkuntzak osoki egin ez dezakeena hizkuntza politikaz eta euskaraz deus ez dakiten epaile erdaldunek egiten dute. Oinarrizko aldaketak egiteko gobernu abertzale eta ezkertiarra beharko dugu Axuria Enean, euskara mail guztietan derrigorrezko eginen duena. Belgikako Flandria har dezagun eredutzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude