2024ko urriaren 24an, ELAk La Casillan antolatuko ekitaldia, erreforma fiskala eta lanbidearteko gutxieneko soldata aldarrikatzeko.
Joan den hilabetean, Mitxel Lakuntza ELAko Idazkari Nagusiarekin eta Amaia Muñoa Idazkari Nagusiaren albokoarekin hasitako elkarrizketaren bigarren eta azken partea dugu jarraian. Ekainaren 2 eta 3an Bilbon iraganen den ELA sindikatuaren XVI. kongresuaren gako nagusienak azaltzen dizkigute. Elkarrizketaren osagarri gisa, ELA sindikatuaren printzipioen bertsio eguneratua ere aurkituko duzue.
Enbata: Aitzineko kongresuan ELAk euskal errepublika euskaldun, burujabe eta sozialerako aldebakarreko bidearen aldeko apustua egin zuen, baina independentismoa ez da momenturik onenean, euskararen aurkako oldarraldi gogorra pairatzen ari da eta sozialki ezin erran hobe gaudenik. Zer da datozen lau urteetarako proposatzen dena? Mitxel Lakuntza: Sindikatu izatea da gure abertzaletasunaren modu propioa. Sinetsita gaude herria justizia sozialaren bidez eraikitzen dugula, herritar xumeen beharrei erantzunez. Negoziazio kolektiboaren, zerbitzu publikoen eta politika sozialen bidez herritarren funtsezko beharrei erantzunez eta alternatibak sortuz, gehiengo soziala irabazten ari gara burujabetzarako. Espainiar eta Frantziar Estatuen menpe jarraitzeak gure autogobernua eta ongizatea higatzen ditu, langile klasearen askatasuna mugatuz. Euskal Herrian bestelako politikak bultzatzeko gehiengo sindikal eta sozialak baditugu. Beraz, esparru ezberdinetan burujabetza irabazi behar dugu langileen eskubideak eta gizarte ongizatea hobetzeko. Horri erantzuten diote hitzarmenak Euskal Herrian erabakitzeko borrokak, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata hemen ezartzeko ekimenak, sektore publikoaren eta zaintza sistemaren aldarrikapenek edo administrazioaren euskalduntze planek. Burujabetza ez da egunen batean bozkatuko dugun zerbait soilik, etengabe eraiki, erabaki eta irabazi behar dugun prozesu bat baizik.
Mitxel Lakuntza Vicario eta Amaia Muñoa Capron-Manieux.
Amaia Muñoa: Zentzu honetan, estatus berrirako prozesua elite politikoen eztabaida bihurtu izana kezkagarria da. Hurrengo belaunaldiak baldintzatuko dituen erabaki bat ezin da horrela kudeatu, gizarte zibilaren parte hartzea indartzea ezinbestekoa da. ELArentzat funtsezkoa da lan harremanen euskal esparrua, euskararen estatusa, nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea eztabaidan txertatzea. Eta horretarako, mobilizazio sozial indartsuak behar dira.
“Ipar Euskal Herrian,
Manu Robles Arangiz Fundazioaren bidez
abertzale eta aurrerakoientzat
erreferentzia bihurtu den ekosistema baten parte gara.”
EAEn eta Nafarroan autogobernuaren higaduraren aurrean, euskal erakundeen erantzuna oso ahula izan da, eta mugimendu subiranistak ez digu estrategia eraginkorrik artikulatu. Langileen eta kapitalaren arteko gatazka moduan, nazio borrokan ere, gatazka politikoa azaleratzeko eta alternatibak eraikitzeko polarizazioa eta konfrontazioa beharrezkoak dira.
Ipar Euskal Herrian, Manu Robles Arangiz Fundazioaren bidez abertzale eta aurrerakoientzat erreferentzia bihurtu den ekosistema baten parte gara. Alda mugimendua abertzaletasunaren ohiko esparrutik haragoko herritar xumeak saretzen ari da. Bizi! justizia klimatikoaren eta burujabetza ezberdinen inguruan sortzen ari den dinamika ere ildo beretik doa. Bide horiek indartu eta hedatzea dagokigu. ELA Euskal Herri osoko lurralde bokazioa duen sindikatua da.
Ponentzia kritikoa da ezkerreko indar politikoekin, bereziki EH Bildurekin. Zein ondorio ditu horrek sindikatuaren jardunean eta zer da ezkerreko alderdiei eskatzen zaiena? M. L.: Euskal erakundeetako ezkerreko indarrek ez dituzte hamarkadetako programa neoliberalak zalantzan jartzen ezta alternatiba garbirik planteatzen ere. EAJk, UPNk, Geroa Baik, PSE-EEk eta PSNk zerga politikan, zerbitzu publikoen murrizketetan eta patronalaren aldeko neurrien inposaketak kontuan hartu gabe “herri akordioak” bilatzeak diagnostiko oker batetik abiatzea dakar, eta sakoneko eraldaketa oztopatzen du.
Mugimendu sindikalarentzat funtsezkoa da ezkerreko alderdiek langile klasearen aurkako politikei aurre egitea eta alternatiba bat defendatzea. Apustu hori egingo balute eta eragile bakoitzaren autonomia errespetatuko balitz, agenda sozial eta subiranista garatzeko artikulazio sindikal, sozial eta politikoak gaitasun handia izango luke Euskal Herriko egoera soziopolitikoa eraldatzeko. Tamalez, EH Bilduk beste bide bat hartu du, baina egingo balu, badago gaitasunik eta oinarri militante nahikorik gure herriko errealitate soziopolitikoa transformatzeko.
LABekin ere harremanak ez dira momenturik onenean… A. M.: Tamalez, ELA eta LAB bide ezberdinetatik goaz. ELArentzat lehentasuna Euskal Herriko gehiengo sindikala izan da: kontrabotere eredua eta euskal lan harremanen esparruaren defentsa. LABekin, ordea, desadostasun nabarmenak ditugu konfrontazio ereduan eta borrokarako tresnetan. Ondorioz, konfrontazio eta greba gogor askotan LABek UGT eta CC.OO. izan ditu bidelagun, ELAren estrategia eta aldarrikapenak isolatuz eta lan baldintza kaskarragoak onartuz.
Bestalde, LABek bere unibertso politikoarekin dituen loturek eragin zuzena dute haren ekimen sindikalean. EH Bilduk EAJ, PSE-EE eta PSNrekin akordioak egitean, LABek mobilizazio eta grebak mugatu edo baztertu ditu.
Azkenik, LABek bere azken kongresuan parte-hartze instituzionaleko hainbat mahaietara itzultzea erabaki zuen. Azken hamarkadetan, ELAk eta LABek organo horiek utzi genituen, eraginkortasunik ez zutelako eta patronalaren menpe zeudelako. Ez da ezer aldatu, baina LAB itzuli da, sindikatuen parte hartze faltsua irudikatuz eta hartzen diren erabakiei zilegitasun kutsua emanez. ELAren ustez, kontraboterea eta instituzio horietan parte hartzea bateraezinak dira.
“Testuingurua gogorra da
eta erronkak handiak dira,
baina ELAk egitura sendoa,
ordezkaritza zabala
eta errealitate konplexuetan
mugitzeko gaitasuna du.”
Zein mezu luzatuko nahiko zenieke ELAren kongresuan parte hartuko duten ordezkariei eta ELAren militantziari datozen lau urteei begira? M. L.: Testuingurua gogorra da eta erronkak handiak dira, baina ELAk egitura sendoa, ordezkaritza zabala eta errealitate konplexuetan mugitzeko gaitasuna du. Ponentzian jasotako bidea erraza ez den arren, norabide argia erakusten du. Konpromiso nagusiak gauzatuz gero, langile klasearen erreferente izango gara eta itxaropen printza bihurtuko gara. Militantzia zabaltzen eta lan zentroak antolatzen baditugu, errealitate gris honi kolorea emateko gai izango gara. Ez zait zeregin hoberik bururatzen kezka sozialak dituenarentzat, errealitatea eraldatu nahi duenarentzat edo gure herria eraiki nahi duenarentzat.
XXI. mendeko printzipio eguneratuak
Eibar-eko Kongresua Enbataren 1976ko azaroaren 4ko zenbakian.
Gaur egun ELAk indarrean dituen printzipioak 1976koak dira, Eubako III. kongresuan, oraindik klandestinitatean, onartuak. Diktaduraren amaiera hurbil zegoen garai hartan, ELAko militanteek 1911n sorturiko erakundearen izena eta zilegitasuna berreskuratu eta garai berrian euskal langileriari bere interesen alde borrokatzeko tresna eskaini zioten: klase sindikatu abertzalea. Zapalkuntza sozial eta nazionaletik askatzeko eta herri libre eta sozialista eraikitzeko tresna, alegia.
Ordutik, gizartea eta mundua aldatu egin dira, eta sindikatuaren ikuspegia eta jarduna zabaldu. Horregatik, ELAk, 2025eko XVI. kongresuan, bere printzipioak eguneratzea proposatu du, azken hamarkadetako esperientziak eta borrokak jasotzeko helburuarekin.
1976ko testuak Lana vs. Kapitala arteko kontraesanari erantzuten zion; testu eguneratuak, berriz, Kapitala vs. Bizitza arteko talka jartzen du erdigunean. Hortaz, printzipio berriek gatazka sozio laboralez gain, genero zapalkuntza, krisi ekologikoa, kolonialismoa, arrazakeria, eta zapalkuntza kultural eta linguistikoa ere hartzen dituzte aintzat. ELAk bere burua sindikatu abertzale, euskaltzale, sozialista, feminista, ekologista, antirrazista, antikolonial eta internazionalistatzat definitzen du. Borroka horien arteko lotura eta ikuspegi intersekzionala dira printzipio berrituen ardatz nagusiak.
Jatorrizko testuaren espirituari jarraituz, testu berrituak demokrazia sindikatuaren lehentasunezko borrokatzat hartzen du, zapalketa mota guztiak eta faxismoa gaitzetsiz; eta sindikatuaren autonomia politiko, ekonomiko, ideologiko eta organizazionala defendatzen ditu, kanpo injerentziarik gabe, eremu publikoan eta herritar xumeei eragiten dieten politiketan bere iritzia eman eta esku hartzeko eskubide moduan.
Testu zaharrak argi jasotzen zuen nazio zapalkuntza ere barnebiltzen du idazketa berriak, Errepublika izango den Euskal Herri burujabe eta euskaldun baten alde eginez, herritarren borondatea aintzat hartuz eta egun banatuta dauden lurraldeek bat egiteko aukera jasoz.
76ko printzipioek jada azpimarratzen zuten sindikatuaren izaera irekia eta demokratikoa, eta horrek gaur egungo testuan ere jarraitzen du. Gainera, militantziaren garrantzia bereziki azpimarratzen da, eta herrien arteko elkartasun internazionalistari eusten zaio. Indarkeriarik gabeko borroka, konfrontazio eta mobilizazioarekin batera, oinarri etiko eta estrategiko gisa aurkezten da.
Negoziazio kolektiboa sindikatuaren jardunaren ardatz gisa berresten da, baina, horrez gain, bizitza babestu eta zaintzen duten lanen aitortza berezia ere eginez. Bereziki jasotzen da bizimodu duina garatu ahal izateko bitarteko eta baliabideak izateko eskubidea, eta horiek bermatzeko langile klasearen zerbitzura egongo diren ongizate egitura publikoak eta kolektiboki kudeatutako alternatibak, hala nola etxebizitza, osasuna, hezkuntza, elikadura, ura, zaintza, energia, garraioa edota komunikazioa.
Azkenik, printzipioen testu berrituak elkarrekin sindikatua eraiki, oraina eraldatu eta etorkizuneko bideak urratzeko gonbita luzatzen dio Euskal Herriko langile klaseari.
Soutenez Enbata !
Indépendant, sans pub, en accès libre, financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info ou abonnez-vous au mensuel papier
Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.
Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.
« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.
Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.
Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.
Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).
Enbata sustengatu !
Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin edo harpidetu zaitezte hilabetekariari
Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.
Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.
«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.
Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.
50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.
Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).